Sindikatuek apirilaren 28an mobilizatzeko deia egin dute, “Absentismoa, patronalaren iruzurra” lelopean
LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek mobilizazio eguna deitu dute apirilaren 28rako, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna, "Absentismoa, patronalaren iruzurra. Lan osasuna, gure eskubidea". Manifestazioak Donostian (11:30, Alderdi Eder) eta Iruñean (11:00, Sarasate pasealekua) egingo dira.
Sindikatuen arabera, datuek erakusten dute absentismoa "ke-laino bat" dela eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, "patronalak legedia urratuz eragiten dituenak". Arrisku hauek emaitza larriak dituzte langileen osasunean, 64 hildako eta 102.000 istripu traumatiko 2024an.
Gasteizen, Legebiltzarreko atarian egin dute iragarpena. Izan ere, lan osasunerako intersindikalak 2024ko ezbeharren txostena aurkeztu dute bertan.
Adierazi dute 2024an enpresek zein mutualitateek 102.000 lan istripu aitortu dituztela, eta hauen erdiek baja eragin dutela. Zehaztu dute gertatzen diren lan istripuetako asko ez direla aitortzen.
Gaineratu dute "gobernuek heriotzen datuak ere izkutatzen dituztela", ohikoenak, garraiolarienak edo in itinere zein in mision istripuak izaten direlarik, askotan laneko heriotza bezala hartzen ez dituztenak.
Istripu eta heriotza hauetako asko beren afiliatu sarearen bidez ezagutzen dituzte sindikatuek. Horrela, sindikatuek 64 laneko heriotza zenbatu zituzten 2024an eta datu ofizialek 47 jaso zituzten. Sindikatuen arabera, honek erakutsiko luke datu ofizialak ezin direla seriotasunez hartu.
Patronalaren iruzurra
Azken urtean mutualitateen "ariketa zital berri bat" azaleratzen dela ere adierazi dute sindikatuek, enpresek aitortutako eta komunikatutako istripu traumatikoak ez onartzea.
Gaineratu dute sektore batzuetan "errazagoa da hiltzea", basogintzan, eraikuntzan, industrian edo garraioan, esaterako, eta beste batzuetan "errazagoa dela gaixotasun profesionalak garatzea", eta honetan gero eta nabarmenagoak direla afekzio psikosozialak. Honekin lotuta, sektore feminizatuek pairatzen dute egoera bortitzena. "Lan batzuek hil egiten dute, beste batzuek aldiz, ez dute bizitzen uzten".
Laneko gaixotasunei dagokienez, elkarte enpresarialak diren mutualitateetako sendagileek erabakitzen dute lehen instantzian, langileak pairatzen duen gaitz horren jatorria lanekoa ala arrunta den. Mutualitateen jarrerak "gaixotasun profesionalen azpierregistro lotsagarria eragiten dutela" gaineratu dute.
Sindikatuek nabarmendu dute patronalak ia 30 urte daramatzala indarrean dagoen lan osasuneko araudia ez betetzen, inpunitate osoz. Gaineratu dute "amaraun instituzionala inpunitate hori babesteko izan zela sortua", gobernuek ez dutelako patronala isuntzen eta patronalak ederki dakielako hori. Gobernuek enpresei zuzendutako mezua argia izango litzateke, “zuek jarraitu horrela, ez baita ezer gertatuko”.
Iruzur honetan funtsezkoa da mutualitateen egitekoa, "patronalaren inpunitatea eta gobernuen antzutasuna baliatzen baitute". Honela, OSALAN eta NOPLOIk egiten dituzten plan garestien islada ez da inon ageri.
Egoera latz honen aurrean LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRU sindikatuek adierazi dute urratsak ematen jarraituko dutela. Era berean, gobernuei exijitu diete patronalari araudia betearazteko bitarteko errealak ipini ditzala.
Gotzon Telleria preso gaixoaren askatasuna exijitu dute sindikatuek eta Etxaldek
Gaur goizean, ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzea egin dute Bilboko Plaza Biribilean, "Gotzon S.O.S." dinamika babesteko eta Gotzon Telleria preso gaixoaren askapena eskatzeko.
Gotzon Telleria gaixotasun genetiko sendaezina duen 68 urteko preso bilbotarra da. Espetxe-legediak zehazten duen bezala, Gotzonek hirugarren graduan egon beharko luke, gaixotasun sendaezina duelako. Hala ere, bigarren graduan jarraitzen du.
Sindikatuek dinamika propio bati ekin zioten 2019an Sarerekin batera, salbuespenezko politikak salatzeko eta konponbiderako, bakerako eta bizikidetzarako urratsak sustatzeko.
"Konponbiderako pausoak ematen ari garen honetan, ezinbestekoa da gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik atera ahal izatea, euren osasun egoera ez okertzeko eta gaixotasunari baldintza egokietan aurre egin ahal izateko", adierazi du ekimenaren bozeramaileak.
Gehiengo sindikalak Confebaski eskatu dio gutxieneko soldata propioa negoziatzera eseri dadila
Confebaski gutxieneko soldata propioa negoziatzera eseri dadila exijitu diote ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta HIRU sindikatuek, Bilboko egoitzaren aurrean mobilizazioa eginda. Sindikatuek gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izen behar dela adostu dute.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU sindikatuek eta Etxalde mugimenduak elkarretaratzea egin zuten atzo Confebasken egoitzaren aurrean, Bilbon. Salatu dute patronalak betoa jarri diola Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa adosteari eta negoziatzera eseri dadila exijitu diote. Halaber, Lakuako Gobernuari Confebaski ematen dion babesa baldintzatu dezala galdegin diote.
Elkarretaratzean adierazi dutenez, hilean 1.500 eurotako gutxieneko soldata adosteko prestutasuna agertu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gehiengo sindikalak. Akordio horretara heltzeko «esfortzu nabarmena» egin dutela adierazi dute sindikatuek eta kritiko agertu da Confebaskek haiekin bildu nahi ez izanarekin. Horregatik, ukatu dieten bilera horretan entzun nahi izan ez dituenak ohiukatu dizkiote gaurko mobilizazioan.
LABeko Oihana Lopetegik adierazi zuen patronala «parasito bat» bezala jokatzen ari dela, Euskal Herriko langileen kontura aberasten ari delako haiei behar bezalako bizi kalitatea bermatzeko soldatak ez ordainduta. Halaber, sindikatuak uste du jarrera horrek eta LGS propio bat ez izateak ezbaian jartzen dute Euskal Herriaren garapen ekonomikoa.
ELAren izenean Peio Igeregik azaldu zuen patronalak nahiago dituela estatu mailako hitzarmenak, langileak esplotatzea ahalbidetzen dutelako. Gaineratu zuen «talentua erakartzearen» ideia horren aurka badaude ere, horrentzako oztopoa ez dela euskara, azken aldian sinestarazten saiatzen ari diren moduan, baizik eta lan baldintzak.
ESK sindikatuak argi ikusten du gutxieneko soldata propioa prekarietatearen aurkako tresna dela eta azpimarratu nahi izan du mesede egingo diela langile sektore zaurgarrienei, hala nola, emakumeei, gazteei eta pertsona migratuei.
Elkarretaratzean nabarmendu dute adostu duten aldarrikapenak 140.000 langile ingururi eragingo diela. Tartean daude emakumeak, migratutako pertsonak, aniztasun funtzionala dutenak eta gazteak. Izan ere, kolektibo horietako gehienek estatuan sinatutako hitzarmen kolektiboa dute edo inongo hitzarmen eguneraturik gabe daude gaur egun. Horregatik, sindikatuek uste dute patronalak egoera bere horretan mantentzearen alde egiteak agerian utzi duela «esplotazioan oinarritutako eredu ekonomiko baten alde» egiten duela, eta horretarako espainiar Estatuko lan harremanen esparrua «oso baliagarria» zaiola.
Betoari ezetza
Sindikatuek argi utzi dute ez dutela onartuko Confebaskek gutxieneko soldata propioa ezartzeko betoa izatea. Horretarako, presioa egingo diote patronalari, mobilizazioen bidez. Marko horren baitan kokatu dute hurrengo hilabeteetan gutxieneko soldata propio baten alde jasoko dituzten sinadurak, Gasteizko Parlamentuan izapidetutako Herri Ekimen Legegilea onartzea xede izango dutenak.
Horrez gain, alderdi politikoei eta instituzioei dei egin diete Confebaski aurre egin diezaioten, ematen dioten babesa baldintzatuta. Izan ere, uste dute patronalak soldata politika monopolizatu ez dezan ezinbestekoa dela ekimen politikoa. Horretaz aritu ziren herenegun arratsaldean Imanol Pradales lehendakariarekin izandako bileran eta gaur Euskadi plazan oihukatutako aldarrikapena helarazi zioten.
Atzoko elkarretaratzearekin eta larunbatean pentsiodunekin batera deitutako manifestazioekin batera, gutxieneko soldata propio baten aldeko mobilizazio ziklo bati hasiera eman diote sindikatuek. Hori dela eta, militantzia zein euskal jendartea deitu dute larunbateko mobilizazioarekin bat egitera eta gutxieneko pentsio eta soldata propio baten alde Hego Euskal Herriko kaleak betetzera.
86.Etxalde (2025eko otsaila – martxoa)
86. Etxalde (2025eko Otsaila - Martxoa)
EDITORIALA: "Un salario mínimo interprofesional suficiente también para el sector agrario"
IRITZIA: Amets Ladislao: «Faxismoaren aurrean, ausardia eta aliantza feministak!»
ELKARRIZKETA: Joseba Attard eta Ipar Arrinda, Euskal Ardi Moztaileen Elkarteko kideak: “Badaukagu geure historia, geure ardiak, gure ohiturak, Gales, Irlanda, Eskozia eta abarren modura”
ERREPORTAJEA: Carne de vacuno: Es imprescindible relocalizar el engorde y el consumo
BERRIAK
→ EHNE Bizkaia-k eskatzen du Bizkaigane proiektuaren belaunaldi erreleboa bermatzea Errigoitin
→ Lanbide arteko Gutxieneko Soldata, prekaritateari aurre egiteko: aberastasuna banatzeko, gutxieneko soldata hemen erabaki
→ #17Abril – Día Internacional de las Luchas Campesinas: ¡Tierra, agua y territorios para la vida!
→ El huerto comunitario Mimosak de Balmaseda, protagonista en la salida de mujeres baserritarras
IPAR EUSKAL HERRIA
→ Panpi Sainte-Mari: “Euskaldun sindikatua, munduari idekia”
→ Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak: ELB Ipar Euskal Herriko lehen sindikatua egoiten da
IKERKETA: Agricultura de carbono: Vender humo no enfriará al planeta
Sindikatuek eta Etxaldek bat egin dute apirilaren 5erako pentsiodunek deitutako mobilizazioekin
ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta Hiruk bat egiten dute gutxieneko soldataren eta pentsio justu eta nahikoen aldeko borrokarekin, eta Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan mobilizatuko dira..
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu apirilaren 5erako Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan, `Soldata eta pentsio duinak. Orain, hemen eta denontzat. Por unas pensiones y un salario mínimo justo y suficiente´ lelopean. Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile bat bultzatu zuen duela hilabete batzuk, pertsona guztientzat bidezko pentsioak eta nahikoak lortzeko. Aldarrikapen zehatza pentsioen osagarria lortzea da, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte. Hego Euskal Herrian LGS propiorik balego, hori litzateke erreferentzia.
ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta Hiruk partekatzen duen aldarrikapena da, alegia. Are gehiago, soldata eta pentsio duinen aldeko borroka pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borroka bateratua eta osagarria dela diote, pobreziak gora egin baitu azken urteetan. Aldarrikapen horiek pentsiodunak eta gehiengo sindikala batu zituzten 2020ko Greba Orokorrean.
Duela hilabete batzuk, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru sindikatuek eta Etxalde mugimenduak osatua, bide bateratu bati ekin zion Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa lortzeko, bi bide posibleren bidez: lanbide arteko akordio bat eta Herri Ekimen Legegile bat eskumena lortzeko eta hemen gutxieneko soldata propioa erabaki ahal izateko.
Oraingoz, ordea, patronalek uko egin diote LGS propio baterako aldarrikapenari buruz hitz egiteari, nahiz eta gizarteak onartzen duen Estatuak ezarritako gutxieneko soldata Euskal Herrian bizitzeko guztiz eskasa dela, kexu dira sindikatuak. Horrek bereziki eragiten die sektore feminizatuei, arrazializatuei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei edo lan-merkatuaren prekaritateagatik, etxebizitzaren arazoagatik eta abarrengatik independizatu ezin diren gazteei.
Gutxieneko soldata propioa lortzeko Herri Ekimen Legegileari dagokionez, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak tramitera onartu duen, Nafarroako Parlamentuak atzera bota du, “milaka langile zaurgarriri bizkarra emanez”.
Beraz, sindikatuek ezinbestekotzat dute mobilizatzea eta Pentsiodunen Mugimenduarekin aliantzak eraikitzea, Hego Euskal Herriko pertsona guztientzat pentsio eta soldata duinak eta nahikoak lortzeko. Horregatik, elkarrekin mobilizatuko dira apirilaren 5ean Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan.
Euskal Herriko emakume pentsiodunek pentsioetan generoen arteko aldea murriztea eskatu dute
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeek manifestu bat aurkeztu zuten atzo, Bilboko Bilborock aretoan, premiazko neurriak eskatzen dituena pentsio duinak bermatzeko eta alor horretan genero-arrakala murrizteko. Etxalde, beste talde batzuekin batera, manifestuari atxikitu da.
Ekitaldia Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeek antolatu dute, eta feminista, emakume talde eta pentsiodunak bildu dira, astez aste eskualde osoko plazetan manifestatzen direnak. Etxalde mugimenduan Amets Ladislao eta Maite Aristegi izan ziren.
Helburu nagusia esperientziak partekatzea eta emakume pentsiodunen egoerari buruz hausnartzea izan da, batez ere kotizazio gabeko pentsioak dituztenen egoerari buruz.
Ekitaldian nabarmendu da emakume horien ahultasun ekonomikoa ez dela kasualitatea, baizik eta sistema patriarkal baten emaitza, historikoki emakumeak zaintza-lanetara baztertu dituena, aintzatetsi edo ordaindu gabeak. Dedikazio horrek eragotzi egin du asko lan-merkatura sartzea edo baldintza eskasetan sartzea, eta horrek pentsio baxuagoak ekartzen ditu.
Desberdintasuna islatzen duten datuak
Ekitaldian aurkeztutako manifestuak datu kezkagarriak ditu:
-
- 2023an, EAEn kotizazio gabeko pentsio bat jasotzen zuten 6.000 pertsonetatik (hilean 484,6 €, 14 ordainsaritan) % 67 emakumeak ziren.
- 2024ko azarorako, zifra hori 7.859 pertsonara igo da, eta horietatik 5.300 inguru emakumeak dira.
- Emakume horietako askok, batez ere 80 urtetik gorakoek, zailtasunak dituzte hilaren amaierara iristeko, beren pentsioak nahikoak ez direlako.
Gainera, sexuaren araberako lan-bereizketak eta soldata-arrailak egoera larriagotu dute, pentsioen arteko desberdintasuna iraunaraziz. Lan-merkatuan sartu diren emakumeek, askotan, lanaldi bikoitzaren kontura sartu dira (ordaindutako lana eta zaintza-lanak), eta horrek kotizazioak eta, ondorioz, pentsioen zenbatekoa mugatu ditu.
Legegintzako Herri Ekimena: justizia ekonomikorako proposamena
Egoera horren aurrean, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Legegintzako Herri Ekimen bat aurkeztu du, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte osatzea bilatzen duena. Gaur egun, hilean 1.184 eurokoa da. Eusko Legebiltzarrean izapidetzeko onartu den neurri horrek 66.000 emakume pentsioduni egingo lieke mesede, pentsioen genero-aldea nabarmen murriztuz.
LHEk hau proposatzen du:
-
- Banakako osagarria, bizikidetza-harremanak alde batera utzita.
- Euskal administrazio publikoak ofizioz jardutea osagarria jasotzeko eskubidea duten pertsona guztiek jasoko dutela bermatzeko.
- Osagarria 14 ordainsaritan ordaintzea, Europako Gutun Sozialaren arabera.
Ekintzarako deia
Emakume pentsiodunek gizarteari dei egin diote ekimen hau babes dezan sinadurarekin. «Ezin dugu onartu bizitza beste batzuk zaintzen eman zuten emakumeek beren azken urteak pobrezian bizitzea», adierazi zuen bozeramaileetako batek ekitaldian.
Horrez gain, gutxieneko pentsio duina bermatzea justizia ekonomikoaren kontua izateaz gain, genero-berdintasunaren bidean funtsezko urratsa ere badela azpimarratu dute. “LHE hau aukera bat da bidegabekeria historiko bat zuzentzeko eta adineko emakumeak duintasunez biziko direla ziurtatzeko», gaineratu zuen beste parte-hartzaile batek.
Ondorioa: justizia sozialaren aldeko borroka
Bilborockeko ekitaldia topaketa eta hausnarketarako gune izan da, baina baita emakume pentsiodunen duintasunaren aldeko borroka justizia sozialaren eta berdintasunaren aldeko borroka dela gogorarazteko ere. LHE abian dela, Euskal Herriko emakumeek espero dute hau izatea etorkizun bidezkoago baterako lehen urratsa adineko pertsona guztientzat
Euskal sindikatuek eta Etxaldek ekimen bateratua adostu dute gutxieneko soldata propioaren inguruan
Confebaskek gutxieneko soldata adosteko mahaiari jarritako betoa gainditzeko ekimen berria iragarri dute ELAk, LABek, STEILASek, ESK-k, HIRU-k eta Etxalde mugimenduak.
Sei erakundeen ohar bateratua
Pasa den otsailaren 6an, Confebaskek ezezkoa eman zion gutxieneko soldata propioa adosteko mahaia eratzeari, sindikatu guzti-guztiek egindako eskariari muzin eginez. Patronalaren jarrera erabat onartezina da, bai forma aldetik baita funtsari dagokionez ere.
Formen aldetik, negoziazio kolektiboan dagokion funtzioari uko egin zion Confebaskek. Eztabaidari eta negoziazioari bide eman ordez, jarrera erabat autoritarioa hartu zuen. Berriro ere agerian geratu da, modu nabarmenenean, Patronalak ez duela elkarrizketarako eta akordioetarako inolako borondaterik. Bere jarrera autoritarioa da lan munduan gatazka areagotzen duena, lehendakariorde eta enplegu sailburu Torresek berak adierazi zuen bezala.
Funtsari dagokionez, tesi neoliberalak besarkatu egin ditu Confebaskek. Soldata baxuen eta lan harremanen desregularizazioaren alde egin du, horrek kalte bikoitza badakar ere. Kaltea, lehenik eta behin, soldata baxu horiekin bizimodua aurrera ateratzeko zailtasunak dituzten langileentzat eta bereziki generoaren, jatorriaren edota adinaren araberako arrakalak pairatzen dituztenentzat. Eta kaltea, bigarrenik, Euskal Herriaren garapen sozioekonomikoarentzat, frogatua baitago lan baldintzen prekarizazioak jarduera ekonomikoa bera prekarizatu eta desbalorizatzen duela, jendartearen kohesioa kaltetzearekin batera. Horrelako politikak etxekalte dira Euskal Herriarentzat, herri bezala justu kontrako norabidean egin behar dugu aurrera: enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunaren banaketaren bidez, jendarte eredu justuagoa eta bideragarriagoa eraikitzeko norabidean.
Ekimen berria
Gauzak horrela, ez dugu ontzat ematen Confebaskek mahaia eratzeari emandako ezezkoa. Eta ezezko hori gainditzeko asmoz, ekimen politiko berria iragarri nahi dugu. Orain arte sindikatu bakoitzak gutxieneko soldatari dagokionez bere erreferentzia propioa izan du eta orain negoziazio mahaian jarriko dugun proposamen bateratua adostu dugu. Egungo testuinguru sozioekonomikoa eta negoziazio kolektiboaren errealitatea aintzat hartzen duen proposamena da, erabat bideragarria eta gauzagarria. Ez diogu uko egiten norbere helburuei, eragile guztientzat onargarria izan daitekeen proposamena egin nahi dugu, gutxieneko soldata propio bat ezarri ondoren ondorioak aztertu eta etorkizunean eztabaidan sakondu ahal izateko.
Era berean, negoziazio mahaia eratzeko hitzordu berri baterako deia egitea erabaki dugu: martxoaren 20an, Bilbon Lan Harremanen Kontseiluak duen bulegoan. Hilabete honetan zehar harremanetan jarriko gara, batetik, Eusko Jaurlaritzarekin (bai Pradales lehendakariarekin baita Torres lehendakariorde eta enplegu sailburuarekin ere); eta, bestetik, Patronalarekin, proposamen bateratu horren berri zuzenean emateko eta mahaia eratu dadin galdegiteko.
Jaurlaritzari eskatzen diogu ez dezala ontzat eman Confebasken jarrera. Eusko Jaurlaritza ezin da mugatu esatera Confebasken jarrerak gatazka areagotuko duela; Eusko Jaurlaritzak bere esku dituen baliabide guztiak erabili behar ditu Confebaskek negoziazio mahaiari jarritako betoa altxa dezan. Eusko Jaurlaritzak noiznahi egiten ditu ekitaldiak Confebaskekin, babes politiko, mediatiko, logistiko eta ekonomikoa eskaintzen dio. Bada, baldintzatu dezala babes hori eta Confebaski exijitu diezaiola mahaia eratu eta gutxieneko soldata propio baten negoziazioari ekin diezaion, hots, bere funtzioari eta erantzunkizunari heldu diezaion.
Era berean, interpelazio zuzena egiten diegu Confebaski ez ezik Confebask osatzen duten herrialdeko patronalei, CEBEK, Adegi eta SEAri. Behin gure negoziaziorako proposamen bateratua ezagututa, CEBEK, Adegik eta SEAk duten jarrera argitu dezaten nahi dugu eta Confebaski negoziatzeko deia egin diezaioten eskatzen diegu.
Mobilizazioak
Amaitzeko, gutxieneko soldata propioa eta duina lortzeko gure determinazioa berretsi nahi dugu. Iragarri dugun ekimen honekin batera, aktibazio sozialaren aldeko apustua egiten dugu. Lehenik, gutxieneko soldata propioaren aldeko mobilizazioak antolatzera goaz, dagokion unean iragarriko ditugunak. Bigarrenik, Confebaskek eman nahi ez duen eztabaida soziala sustatzera goaz, maiatzaren 16an gutxieneko soldataren inguruko jardunaldi zientifikoak antolatuz. Hirugarrenik, datozen hilabeteetan gutxieneko soldata propioaren aldeko milaka sinadura biltzera goaz, Confebask negoziazio mahaira eramateko nahiz, patronalak ezarri nahi duen betoa negoziazio mahaitik gainditzen ez balitz, legez gainditzeko.
Beraz, datozen hilabeteetan langile orok izango du aukera aldarrikapen estrategiko honi bultzada emateko. Eta langileon bultzadaz, bidean ager litezkeen oztopoak gaindituko ditugu.
Sindikatuek eta Etxaldek 2024ko Lan Ezbeharren Txostena argitaratu dute
LAB, STEILAS, ESK, EHNE, HIRU sindikatuek eta Etxalde mugimenduak argitara eman dute Euskal Herriko 2024. urteko lan-ezbeharrei buruzko txostena. Txostenak erakusten duenez, 2024ko ezbehar-tasaren datuek 2023koak gainditzen dituzte. Horren arrazoia da, besteak beste, ez dela neurri eraginkorrik hartu lan-istripuak saihesteko, eta, beraz, aurreko urteetako joerari eutsi zaio.
Azken urte luzeetan Euskal Herriko langileria zerbitzu publikoen eraispen eta pribatizazioa jasaten ari da. Zerbitzu publikoak ez dira behar bezala garatu, eta orain, garapen hori indartu beharrean, pixkanaka ahultzeko hautua hartuta dute Hego Euskal Herriko instituzioak gobernatzen ari diren alderdi politikoek.
Ez da egun batetik bestera gertaturiko eraldaketa, poliki eta tantaka egiten ari direna baizik. Pribatizazioan urratsak ematen eta zerbitzuen kalitatea okertzen ari dira, aldi berean, langileen lan baldintzak ere okertuz.
ONDORIO NAGUSIAK
1. Aurtengo laneko ezbeharren datuek aurreko urteetako hausnarketa berresten dute. 2024 urteko istripuen datuek, 2023ko datuak gainditu dituzte bai sindikatuok kudeatutako datuetan zein datu ofizialetan. Ez da lan istripuak ekiditeko neurri eraginkorrik hartu, eta ondorioz, aurreko urteetako joera mantentzen da. Sektore jakin batzuetan istripu larri edo hilgarriak pairatzea errazagoa da, basogintza, eraikuntza, garraioa, industria, etab.
2. Laneko gaitzei dagokienez, bai EAEn bai Nafarroan 2023an adina gaixotasun izan dira aitortuak, baina mutualitateek egiten duten azpierregistroak iruzur ariketa lotsagarria jarraitzen du izaten. Osasunerako Munduko Erakundearen esanetan, minbizi guztien %30-%40 bitartean izango litzateke lanak eragina, aldiz, Euskal Herrian gutxi batzuk dira aitortuak. Amiantoak gaixotutako langileen aitortza, berriz, nekeza da, askotan hil ostean iristen dena. 2024an ASVIAMIE eta ADAVAN amiantoaren kalteen inguruan lan egiten duten erakundeei esker Hego Euskal Herrian 30 heriotzen berri izan dugu, laneko gaitzek eragindako heriotz horiek ez dira datu ofizialetan ageri. Zer esanik ez jatorri psikosoziala duten arazoen inguruan, modu nabarmenean sektore feminizatuei eragiten diete, eta gaitz horiek ez daude aitortuak laneko gaitz bezala. Lanak eragindako gaixotasun muskuloeskeletiko gehienak, sektore feminizatuetan intzidentzia handiagoa dutenak, kontingentzia arrunt bezala izendatzen dira enpresen ardura saihesteko. Laneko gaixotasunak ikusezintasun handienera daude kondenatuta oraindik, zer esanik ez emakumeen kasuan. Lan batzuk hil egiten dute, beste batzuk ez dute bizitzen uzten.
3. Datu ofizialek errealitatea ezkutatzen dute:
-
- Istripuen komunikazioa enpresak berak egiten du. Milaka istripu arin komunikatu gabe geratzen dira eta langileak botikinean edo lanorduz kanpo anbulategietan artatzen dituzte.
- Istripuen kalifikazioa ez da irizpide objektibo batzuen baitan egiten, ez direlako irizpide horiek legalki araututa. Beraz, Mutualitateko sendagileak erabakitzen du istripu bakoitzaren larritasunaren izendapena, teorian kriterio teknikoz, baina gure ustez, Mutualitateak markatutako irizpide enpresarialez. Beraz, ezin dugu ondorio fidagarririk atera gai horri dagokionez. Laneko istripuak igo egin dira oro har, baina istripu arin eta larrien bilakaera aztertzeko zailtasunak ditugu.
- Azken urtean Mutualitateen ariketa zital berri bat azalerazten ari da indar handiz. Enpresek aitortutako eta komunikatutako istripu traumatikoak ez onartzea. Adibide larriak daude, enplegu zentru berezietan kasu: istripu traumatiko nabarmenenak ere ez dira lan istriputzat onartzen. Horretarako Mutualitateek, langilearen aniztasun funtzionala baliatzen dute eta enpresaren arduratik aldentzen dute lesioa. Iruzur horrek, baja arrunta tarteko, langilearen soldatan du eragina eta askotan borondatezko altak eskatzera beharturik ikusten dira ekonomikoki itota geratzen direlako.
- Mutualitateen iruzurrarekin jarraituz, laneko heriotzen ukazio kasu bat aipatuko dugu. Joan zen irailaren 16ean Irunberrin eraikuntza lanetan ari zen 42 urteko langilea aldamiotik erori eta zauri larrien ondorioz hil zen. Hasiera batean ofizialki lan istripu bezala kudeatu zen arren, Mutualitateak Osasunbideak eginiko autopsiaren datuak eskuratu zituen eta hauek baliatuz eragin laborala ukatu zuen istripu arrunt kalifikatuaz. Mutualitatearen praxiak printzipio prebentiboak hankaz gora ipintzen ditu istripuen multikausalitatea baztertuz, honekin lanak eragindako arriskuak ezkutatu eta neurriak integratzea eragotziz.
- Adibide horiek eta beste hainbatek erakusten dute absentismoa ke kortina bat dela eta arazo nagusia laneko arriskuak direla, patronalak legedia urratuz eragiten dituen arriskuak, emaitza latzekin: 64 hildako eta 102.000 istripu traumatiko.
- Sindikatuok lan istripuz hildako 64 langile zenbatu ditugu; aldiz, administrazioak 47 heriotz aitortu ditu. Gobernuek hainbat amarru erabiltzen dituzte heriotzak ezkutatzeko, auto istripuz hildako langileak ez aintzat hartu, heriotz ez traumatikoak saihestu, eta gero eta argiago ikusten ari garen bezala istripu traumatikoak ere onartu gabe.
- Laburbilduz: Mutualitateek saihestu ezin ditzaketen istripuak soilik dira onartuak, edozein aitzakia erabili dezakete istripuen jatorri laborala ukatzeko. Hori datu ofizialtzat hartzen dute gobernuek eta patronalak amarrua baliatzen du absentismoaren gaia aireratuz benetako arazoa, laneko osasun galera, ezkutatzeko.
4. Heriotza ez traumatikoen faktore laborala ukaezina da. Azken urteetan jendartean eman den intzidentzia kardiobaskularraren beherakada nabarmenak ez du islada berdina izan lan munduan. 2006tik gaur arte Estatu espainiarrean bihotzekoak jota hildakoen kopurua %40 jeitsi da, eta Hego Euskal Herrian ere joera antzekoa izan dela pentsa liteke. Hau, orokorrean, bizitza joera osasuntsuagoen ondorioa dela esan dezakegu. Aldiz, Hego Euskal Herriko langileria aktiboan bihotzekoen intzidentziak 2006ko kopuruak mantentzen ditu. Ulertu dezakegu, beraz, laneko faktoreek, estresa, gero eta erritmo altuagoak, presioa, prekarietatea, etab, eragin nabarmena dutela heriotz mota honetan.
5. Emakumeen lanaldi bikoitzak eragin zuzena dauka lan osasunean. Oraindik ere emakumeak etxeko eta zaintza ardurez neurri handiagoan arduratzen dira, enpleguaz gain etxeko eta zaintza lanak eginez lanaldi bikoitzera kondenatuak daude. Presioak eta estresak osasunaren galera dakar, eta arazo muskuloeskeletikoak ere nabarmen igotzen dira kasu horietan.
6. Gizarte segurantzan afiliatutako langileen %73k zerbitzuen sektorean dihardu eta etengabe gorantz doa kopurua. Zerbitzuek gero eta pisu handiagoa izatearekin batera, lehen sektoretik gero eta urrunago dago jendartea eta ekoizpen prozesu gutxiago du; hori horrela, istripuek beheranzko joera izan beharko lukete, baina ez da horrela izaten ari.
EMAKUMEEN EGOERA IKUSEZIN
Laneko istripuen ondoriozko datuak aurkeztean emakumeen eta sektore feminizatuetako langileen osasun galera eta heriotzak ikusezin uzteko arriskuan eror gaitezke berriz ere. Laneko osasunaz ari garenean ere, emakumeen errealitatea ikusarazteko saiakera berezitua egin behar dugu. Izan ere:
-
- Sektore feminizatuetako gaixotasun profesional gehienak ez daude aitortuta eta ez dira kontuan hartzen: izan zeregin errepikakorrekin eta karga-zereginekin lotutakoak eta sistema muskulo-eskeletikoan eragin zuzenak dutenak, izan aitortu gabeko zaintza lanei lotutako arrisku psikosozial guztiak, osagai emozional oso altuak dituztenak. Estresarekin lotutako gaixotasun maila ia bi aldiz handiagoa da emakumeetan (gizonekin alderatuta). Hori, aldi berean, bihotzeko gaixotasunekin, muskuloeskeletikoekin, depresioarekin eta akidurarekin lotzen da (NIOSH 2018), baina gehienetan gaixotasun arrunt gisa tratatzen dira, patronalen mutualitateetara jotzen dugunean sistematikoki ukatzen baitute gaixotasun horien laneko jatorria.
- 10 urtean, emakumeen laneko gaixotasunak %44 gehitu dira eta hori aitortutakoak baino ez dira, badakigulako askoz gehiago direla aitortu gabeak, baina gertatzen diren prekarietate egoerengatik eta patronalen mutuek patologien lan-jatorria ukatzen dutenez, errealitatea askoz larriagoa da.
Esku artean dugun txostena aztertzerako garaian, beraz, emakumeen lan osasunaren urraketen ikusezintasuna kontuan hartzeko elementua izango da.
LAN ISTRIPU HILGARRIAK
LAB, STEILAS, ESK, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek 2024an lan istripuetan zenbatutako hildako langileak 64. dira; horietatik 38 EAEn gertatu dira, 17 Nafarroan, eta beste 9 atzerrian edo itsasoan hildako euskal langileak dira. Kopuru hori ezagutza izan dugun istripu hilgarriena da, gehiago ere izan litezke
Berriro datuek berresten dute sektore jakin batzuetan istripuz hiltzea errazagoa dela: basogintza, industria, garraioa, eraikuntza, nekazaritza, arrantza, etab. Sektore horietako batzuetan araudi berezitua izanik ere, hilkortasun tasa nabarmen altuagoa da. Nahiz eta azken urteetan aktibitate arriskutsuetarako lan osasunerako araudia egokitzen joan den, oraindik ere istripu tasak oso altuak izaten jarraitzen dute. Aztertutako istripuen atzean beti araudia ez betetzea gailentzen da.
Aztertzekoa da ere eremu azpikontratatuan izaniko heriotza kopuru altua. Behin eta berriz salatu dugu azpikontratazioaren eraginez prekarietatea eta lan baldintzen okertzea areagotu egiten dela, eta lan osasunaren bermea ez da salbuespen bat. Azpikontratazioak patronalaren gastuak murriztea du helburu, langileen lan baldintzen bizkar. Azpikontratetako langileen lan osasuna bermatzea, beraz, patronalaren kezken artean azkenetarikoa da.
Bestalde, ohiko istripuetatik haratago heriotza “ez traumatikoek” presentzia oso garrantzitsua dute, arazo kardiobaskularrek sortuak, hain zuzen, istripu hilgarrien %30.
Historikoki, bai patronalak bai administrazioak “heriotza natural” bezala izendatu dituzte, baina denbora pasa ahala eta datuen ezagutza zabalagoa izanik, laneko faktoreen zerikusia gero eta nabarmenagoa da. Istripu multikausalak dira, pertsona bakoitzaren berezko faktoreez gain, bizi ohiturek ere badute beren eragina. Lanak eragindako faktore garrantzitsuenen artean, estresa eta arrisku psikosozialak dira beste osagai garrantzitsua errealitate honen atzean eta azken urteetan hoberantz egin beharrean okerrera egin dugu, nabarmen. Egun, Osalanek zein NOPLOIk, euskal langileriak pairatzen duen lehen arrisku faktore bezala aitortzen dituzte arrisku psikosozialak.
Azken 15 urteetan, Espainiako estatuan (jendarte osoan) arazo kardiobaskularrek eragindako heriotzek behera egin dute nabarmen Osasun Ministeritzaren arabera. 2006 urtean 22.028 heriotza izatetik, 2021ean 13.463 izatera. Aldiz, lan munduan ematen diren heriotza ez traumatikoek ez dute beheranzko joera erakutsi, batzuetan igo ere egin dira. Gainera, kontuan izan behar dugu laneko orduetan hildakoak soilik daudela kontabilizatuta. Kotizatzen ari den langile kopurua areagotzeak ez luke inondik inora justifikatuko heriotza ez traumatikoen kopuru hori, jendarte osoan ematen ari den beheranzko joera horrekin konpentsatuko litzake hein handi batean. Honela, laneko arrisku faktoreen eragina nabaria dela adierazi behar dugu, urtetik urtera estresa eta arrisku psikosozialak gero eta ugari eta bortitzagoak dira, eta horrek heriotza ez traumatikoen kopuru altuan eragina du.
Langileen heriotzen %30 eragiten duen arrisku faktore horren inguruan Osalan eta NOPLOIek izugarrizko lana dute egiteko eta lanak eragindako faktoreen kontrolean eskuhartzeko. Ezin dugu onartu, orain arte bezala “heriotza natural” modura kudeatuak izatea, nahiz eta tamalez aipatu erakundeek eskema horietan jarraitzen duten.
Langile kopurua aintzat hartuta, basogintzak utzi ditu aurten ere datu latzenak: 3 heriotza eta hainbat istripu larri. Urtez urte sektore arriskutsuena dela erakusten jarraitzen du. 1.000 langile inguru daude langintza horretan eta heriotza tasa oso altua izaten jarraitzen du. Lan baldintzak oso gogorrak dira eta patronalaren partetik lan osasunerako araudiaren betetze eza oso normalizatua dago. OSALANek eta NOPLOIk urtero garatzen dituzten gomendio planen porrotak heriotz zerrenda elikatzen dute. Aurten intersindikaletik hainbat ekimenen ostean neurri bateria bat proposatu diegu Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiei, baita Gipuzkoako Batzar Nagusiei ere; gaur arte erantzunik ez dugu jaso.
Garraiolarien egoerak ere aipamen berezia eskatzen du, gero eta estuagoa da. Sektoreko langileen baldintzak urtetik urtera gogortzen ari dira. Nazioarteko merkatuek, estatuen inongo babes neurririk gabe, lan baldintzak kaxkartzen dituzte, sektore eta lanbide globalizatu horretan. Nafarroan eta Gipuzkoan sektoreko hitzarmena 2008tik berritu gabe dago, horrek dakarren prekarizazioarekin. Hitzarmenen berritzea lan osasunean hobetzeko neurri garrantzitsuenetarikoa da.
Iaz hamar langile hil ziren lan-istripuz, aurten 14. Horietatik 4 istripu “ez traumatiko” izendatuak izan dira, sarri kamioian geldi, kabinan zeudela gertatutako ezbeharrak. Lanaldi luzeek, estres maila altuak, lan sedentarioa izateak, digitalizazioaren bitarteko kontrol zorrotzak eta presioak eragin latzak ditu sektorean, istripu traumatiko edota ez traumatikoak pairatzeko agertoki ezin-hobea da garraioa.
Aipagarria da, batetik, hildako garraiolarien adina. 50 urtetik gora zituzten ia denek. Sektorea zahartzen ari da, ez dago erreleborik, ez dago garraiolari gazterik, lan-baldintzak ez direlako batere onak. Sektoreko jubilazio adina segurtasun ikuspegitik erregulatzeko beharra dago, beste ofizio batzuetan egin ohi den bezala, 60 urtetan kokatuaz.
Eta hildakoak gertatzean ez daitezela lan-istripuen estatistika ofizialak murrizten saiatu. Administrazioak ez ditzala heriotza natural edo errepideko trafiko ezbehar gisa hartu. Lan istripuak dira, argi eta garbi. Garraiolaria lanean ari zirela gertatzen dira.
Industria sektoreak 19 hildako utzi ditu aurten, iazko kopurua berdinduz. Azken urteetan salatzen gatozen moduan istripu horietako asko makina erremintaren araudia betetzen ez delako sortzen dira, aurten 7 hildako. Aurten ere, harrapatzeagatiko istripu eta kolpe istripu larriak eman dira, eta guztiak izan dira makimen araudia bete ez duten kasuak. Errealitatean, inork ez du kontrolatzen araudia behar bezala betetzen denik, enpresaren borondatearen esku geratzen da praktikan. Konparazio bat egite aldera, ez dago Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT)rik makinetan, autoetan gertatzen den bezala. Honela, langileontzako eskuragarri dauden makina kopuru izugarri batek ez luke balizko makinentzako IATa pasako. Ondorioa gure bizitzarekin ordaintzen dugu.
Industrian ere istripu ez traumatikoen eragina aipagarria da eta honekiko antzematen den lanarekiko lotura ere, aurreko paragrafoan aipatu dugun bezala.
Eraikuntzak 2024an 11 hildako utzi ditu Euskal Herrian, 2023ko datuen bikoitza. Hala, 2023ko datuek erakusten zuten beheranzko joera eteten dute 2024koek. Iazko datuek hilkortasunean erakusten zuten beherakada eta ez sektoreko istripu metatuan. Eraikuntzako heriotzek lotura zuzena izan ohi dute altueretako erorketekin eta aurten 11 hildako utzi dituzte erorketek. Eraikuntza, basogintza eta garraioarekin batera, sektorerik hilgarrienen artean dago.
Nekazaritzak eta arrantzak 5 hildako utzi dituzte. Nekazaritzari dagokionez, istripu bat traktore bat irauli izanak eragin du eta beste bi Nafarroa hegoaldeko baratzeetara
iristeko autoek pistetan izandako istripuak izan dira heriotza eragileak. Traktoreen istripuen atzean mantenu falta, prebentzioa eta formakuntza urria izan ohi dira, lan tresna mekaniko horrek dituen arriskuak gutxietsiz. Baratzeetarako bidean ematen diren istripuek prekarietate osagaia dute nagusiki, egokiak ez diren ibilgailuak, mantenu eskasarekin, lur labainetan. Orain 3 urte txirrindaz zihoala hil zen baratzeetako langile bat auto batek jota; esan bezala, sektoreak prekarietatea du arrisku faktore nagusi.
Errepideetan (in itinere/in misio) hildako langile kopuruak gora egin du 2024 urtean, 15 heriotzen berri izan dugu. Nafarroan gertatzen dira istripu horietako asko, joan zen apirilaren 28an Iruñeko Gazteluko Plazan ekintza batekin salatu genuen bezala. Nafarroan ematen den zentralizazioak egunero desplazamendu kopuru izugarria eragiten du, eta horren atzean errepideko lan istripu kopuru handia dago. Zentralizazioak erabaki politiko suntsitzaile bati eragiten dio, herriak eta aranak ustutzen dituena, Nafarroaren beraren izaera apurtuaz. Sindikatuok horren aurrean neurri sorta bat mahai-gaineratu genuen, Gobernuaren aldetik inongo erantzunik eman ez bada ere, gaur arte.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek gutxieneko soldata propioaren aldeko bidea ireki dute
Langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta gizarte kohesioa eragiteko, euskal gehiengo sindikalak gutxieneko soldata propioaren aldeko bidea ireki dute, Herri Ekimen Legegilea erregistratuz eta Lanbidearteko Akordio baterako eskaera luzatuz.

Hego Euskal Herriko langileentzat soldata propio baten aldeko ibilbidea abiatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru sindikatuek eta Etxalde mugimenduak, bai Herri Ekimen Legegilea erregistratuta, bai Lanbidearteko Akordio baterako eskaera luzatuta, EAEn zein Nafarroan.
Prentsaurreko baten bitartez gogoratu dutenez, azken urteetan eskubide sozialen aldeko hainbat ekimen sozial eta sindikal izan dira, besteak beste, pentsio eta soldata duinen alde. 2020ko Greba Orokorrean gutxieneko soldata eta pentsioak izan ziren eragile sozial eta sindikatuon aldarrikapen nagusietako bi.
Bost urteren ondoren, lemari berriro heldu diote sindikatuek zein pentsionisten mugimenduak. Horregatik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru sindikatuek eta Etxalde Mugimenduak bat egiten dute pentsiodunen mugimenduak pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko aurkeztu duen Herri Ekimen Legegilearekin eta sinadurak bilduko dituzte beraiek ere.
«Espainiako gutxieneko soldata oso baxua da eta ez dio erantzuten Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoari, ezta langileok hauteskunde sindikaletan zein mobilizazio bidez erakutsi duten borondate berezituari ere. Gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta pobrezia murrizteko tresna izan beharko litzateke, baina Espainiako gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen», azaldu dute.
Hemen, gutxieneko soldatak askoz baxuagoak
Aipatu dutenez, Hego Euskal Herriko antzeko egitura sozioekonomikoa duten herrialdeetan 2024an gutxieneko soldatak askoz altuagoak izan ziren: Alemanian 2.054 eurokoa, Britainia Handian 2.230 eurokoa, Belgikan 2.070 eurokoa, Luxenburgon 2.570 eurokoa, Herbehereetan 2.134 eurokoa, Irlandan 2.134 eurokoa edo Islandian 2.493 eurokoa (urteko 12 ordainsaritan). «Onartezina da Hendaiako langileen egungo gutxieneko soldata 1.802 eurokoa izatea eta Irungo langileena 1.303 eurokoa (14 ordainsaritan banatzen den Espainiako LGSren kopurua, 12 hilabetetan banatuta)», gehitu dute.
Hori dela eta, sindikatuek bi ekimen jarri dituzte martxan, bata bestearen osagarri. Herri Ekimen Legegileak patronalarekiko presioa eragiten du Lanbidearteko Akordioa negoziatu dezan, bestela legezko araugintza etorri baitaiteke. Eta Lanbidearteko Akordioak eskumena eskualdatzeari bidea ireki diezaioke.
Sinadura bilketa bera mobilizazio erraldoi bat izan dadila nahi dute sindikatuek, eta etapa bakoitzean beste eragileen erantzunaren arabera, mobilizazio berriak antolatuko dituzte.
Ildo beretik, patronalari «fede onez negoziatzea» exijitzen diote. Instituzioei «ekidistantziak alboratzea eta langileen prekaritatea bultzatzen duen patronalari aurre egitea» eskatzen diete, «eta beren ardura esparruetan administrazioetako langileei eta azpikontratatutako langileei gutxieneko soldata nahikoak bermatzea». Azkenik, alderdi politikoei Herri Ekimen Legegilea babesteko konpromisoa eskatu diete.
Zaintza eskubide kolektiboaren alde, instituzioak eta patronalak interpelatuko dituzte sindikatuek
Denon Bizitzak Erdigunean plataformak egindako agerraldian, zaintza langileen baldintzak hobetzeko, pribatizazioa amaitzeko eta lanaldia murrizteko exijitu dute EHNE Bizkaia, LAB, Steilas, ESK, Hiru sindikatuek eta Etxalde mugimenduak.
[berria]«Historikoa». Halaxe izan zen iazko azaroaren 30a. Egun hartan, Euskal Herriko mugimendu feministak greba feminista orokorrera deitu zuen, eta kaleak hartu zituen zaintza eskubide kolektiboaren alde. Eguna mugarria izan zen arren, egun hartan ez zen ezer amaitu. Horren erakusle izan zen atzo, grebaren urteurrenari begira, Denon Bizitzak Erdigunean plataformak egin zuen agerraldia. Bertan izan dira LAB, Steilas, ESK, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru, eta argi utzi dute borrokan jarraitzeko asmoa dutela: «Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokan ekarpen sindikala egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu». Horretarako, instituzioak eta patronalak interpelatuko dituzte.
Instituzioen «arduragabekeria» salatu dute sindikatuek, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzea erabaki dutelako. Horren aurrean, sindikatuek konpromisoa hartu dute negoziazio kolektibora premiazko neurri batzuk eramateko. Izan ere, adierazi dute bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitario batera bidean enpleguaren eremuan urratsak egiteko agenda markatu beharra dagoela.
Premiazko neurrian artean, zerbitzu publiko gehiago ez pribatizatzeko exijitu dute, eta gaur egun pribatizatuta daudenak publiko egiteko. «Eta irabazi asmoa guztiz ezabatzea», erantsi dute. Zerbitzuetan baliabideak jartzea eta lurralde historikoen arteko oreka bermatzea ere nahitaezkotzat jo dute.
Lanaldia murriztea ere ezinbestekotzat jo dute agerraldian parte hartu duten sindikatuek. 30 orduko lanaldia lortu arte, jaitsiera «progresiboa» eta «adierazgarria» izan dadin nahi dute, soldata jaitsierarik gabe. Horri esker, bizitza «bizigarriagoa» izango litzateke. Murrizketaren helburua gizonek ardurak hartzea ere bada, «erantzunkidetasunez zaintza lanak banatzeko».
Bilbon egingo diren jarduerak.
Zaintza langileei dagokienez, lan baldintzak hobetzeko eskatu dute: alde batetik, hitzarmenak hobetzea eta ez dauden eremu horietan berriak sortzea, lurraldeen arteko desorekak saihestuz; bestetik, ratioak jaistea. «Erabiltzaile zein langileen baldintzak hobetzeko», dekretuak berritu eta hobetu behar dira, eta baliabide gehiago jarri.
«Gizonek ez zaintzearen pribilegioari uko egin diezaioten eta zaintza lanetan ardura har dezaten», baimenak hobetzea da premiazko beste neurri bat, eta «egungo egoera zapaltzailea betikotuko ez duen» kontziliazio bat ezartzea. Horretarako, besteak beste, sektore feminizatuetako lanaldi murrizketetan ordezkapenak bermatu behar dira, eta kotizazioan ezin da penalizaziorik egon. Zaintzeko baimenak familia nuklearretik kanpo eskuratu ahal izatea ere proposatu dute.
Zerbitzu publikoak indartzea
Modu integral eta duin batean zaintzeko eta zainduak izateko, LAB, Steilas, ESK, EHNE Bizkaia, Etxalde eta Hiru erakundeek argi utzi dute oinarria zein den: «Zerbitzu publikoak indartzea ezinbestekoa da». Inbertsio handiagoak exijitu dituzte gizarte zerbitzu, etxebizitza eta osasun sistema publiko, unibertsal eta eraginkorra lortzeko. Are gehiago: «Zaintza lanen egoera irauli nahi badugu, zalantzarik gabe, kontzientziazioa eta heziketa dira tresnarik eraginkorrenak». Hori dela eta, hezkuntza sistema hizpide, hainbat aldarrikapen egin dituzte: berdintasun planak adostea, eguneratzea eta garatzea; curriculumean zaintza txertatzea; eta beharrezko baliabideak ezartzea, ikastetxe guztietan hezkidetzarako plan egonkor eta kalitatezkoak egon daitezen.
Neurrien berri emateaz gain, gaurko agerraldian herritarrei dei egin diete mugimendu feministak etziko antolatu dituen mobilizazioetan parte har dezaten. Bilbon Zaintzaren Herria egingo dute, eta Gasteizen, kalejira bat. Iruñean, berriz, topaketa batzuk antolatuko dituzte, eta Donostian, elkarretaratze bat. Beste eskualde batzuetan ere mobilizazioak egingo dituzte.