Hazparne: ELBk gose greban den laboraria babesten du

Jean-Michel Larramendyk laborantzarako 52 hektarea erabiltzen ditu Hazparnen. Berriki, alokatzen zituen 13 hektarea eraikigarritzat sailkatu ditu Herriko Etxeak PLU hirigintza planaren gauzatzeko xedez. ELB sindikatak laborantza lurren galtzea salatu du laborariari sustengua erakutsiz.

Hamabosgarren gose greba eguna du Jean-Michel Larramendy laborariak. Azken hogei urteetan Hazparnen alokatzen dituen 13 ha eraikitzeko lur bilakatu ditu Herriko Etxeak. Ondorioz, laboraria hektare horien galtzekotan da. Erabakia gauzatu arte, lur horietan egoiteko, eta gero Herriko Etxeak konpentsazio bat aitortzeko gose greba eginez protesta burutzen du Larramendyk. ELBk bere babesa helarazi dio.

Sindikatuak plazaratu duen sustengu mozio batean Larramendyren aldarrikapenak berresten ditu. Horren bidez, Hazparneko auzapezari “eraikigarriak sailkatuak diren lur zonbait berriz laborantzarako utziak izan diaitezen” galdetzen dio, eta jabeari berriz, “proiektuan dituen eraikitze lanak abiatu arte, laboraria pentze hori baliatzen utz diezaion” eskatzen dio.

Gainera, sindikatuak oroitarazten du libratuko diren herriko lurrak lehentasunez laborariari uztea idatziz engaiatu zela Hazparneko Herriko Etxea. Alabaina, jabeak eta Herriko Etxeak negoziaziorik ez dutela nahi esplikatu du Larramendyk. Herritarrek, aldiz, babesa erakusten diotela adierazi du, besteak beste, gaur egun bere aldeko 400 izenpedura ukan dituelako.

“Hasieratik ELBrekin bat egin dut” azaldu du Larramendyk. Sindikatuak, hain zuzen ere, lagundu izana aipatzen du, “Herriko Etxearekin hitzorduak ardietsiz aterabide baten atzemateko xedez”.

Auzitegietatik iragana

Hazparneko auzapeza den Beñat Inchauspék afera jadanik auzitegietatik iragan zela adierazi du Mediabaskek egin zion elkarrizketa batean. Bere oroitzapenetan, epaitegi parekideak lehen memento batean Larramendyri arrazoi ematea erabaki zuen, eta bigarren aldi batez, aldiz, Dei auzitegiak jabea babestea erabaki zuen. Orduan, nahiz eta Larramendyk Kasazio Gortean helegiteko ezartzeko posibilitatea izan, halakorik ez zela gertatu gogoratu du auzapezak.

Gainera, auzapezak zehaztu du laboraria ez zela lurrik gabe geldituko : Larramendy 32 ha-ren jabe da, eta horietaz aparte, 27 ha alotazen ditu eta beste 2,5-3 ha partikular bati, hau da, orotara 62 ha edo luberritutako 52 ha.

Jean Michel Larramendyk adierazi du osasuna ez duela gose grebarengatik kaltetua, eta jabearekin zein Herriko Etxearekin konponbide baten atzemateko zain dela. Anartean, semeak laguntzen du etxaldeko lanetan.


Jatorrizko artikulua, Kazeta.naiz: HEMEN