TTIP ez sinatzeko eskatu dute eragile politiko, sindikal eta sozialek

[Berria.eus]

AEBak eta EB lotzen ari diren merkataritza itunak “eskubide garrantzitsuak mehatxatzen” dituela uste dute.

Inbertsio eta Merkataritza Lankidetza Transatlantikoa (TTIP, ingelesez) ari dira negoziatzen Ameriketako Estatu Batuak eta Europako Batasuna, eta itunaren kontrako manifestu bat plazaratu dute 38 alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragilek, Bilbon.
Euskal Herrian TTIPari ez izena du adierazpenak, eta ELA, LAB, CCOO, UGT, EILAS, EH Bildu, Ezker Anitza eta Podemos daude sinatzaileen artean. Eragile gehiagok eta herritarrek ere atxikimendua adieraz dezakete ttipez.eus webgunean. Halaber, gaia landuko dute jardunaldi batzuetan, eta “mobilizazio handi bat” iragarri dute apirilaren 18rako.

Sinatzaileen arabera, akordioaren helburuek “borroka luze demokratikoetan lortutako eskubide garrantzitsuak eta EBko, AEBetako eta mundu osoko herritarren interes sozialak” mehatxatzen dituzte. Gainera, salatu dute “ateak itxita” negoziatzen ari direla ituna, eta kezka azaldu dute argitaratu diren informazioen aurrean.

Akordioa ez dadila izenpetu eskatu dute: “Pertsonak eta planeta bera lehenesten dituzten merkataritza harremanak eta politikak eraikitzea defendatzen dugu”.

[Berria.eus (Textu eta argazkia) – Ikusi]