Sants, auzo kooperatiboa ehuntzen

[2015-04-05 / Lander Arretxea /ARGIA]
Bartzelonaren bihotzean, urteak dira bestelako gizarte baterako bidean den komunitatea ari direla osatzen. Orotariko kooperatibek, zentro sozial autogestionatuek eta bizilagunen jarrerak bat egin dute Sants auzoan, alternatiba oasi gero eta oparoagoa sortzeko.

Bartzelona. Sants. Kataluniako hiriburuan izan den orori ezaguna egingo zaio izena, besterik ez bada, hiria munduarekin lotzen duen geltokia dela-eta. Bertara heltzen dira abiadura handiko trenak, metroak, autobusak eta baita aireportutik datorren ferrokarrila ere. Geltokiari izena ematen dion auzoa ezagutzeko ordea, Sant Antoni pasealekua hartu eta hegoalderantz jo beharra dago, bertako kale estu eta lasaietan barrena.

Lehen begiratuan zaila da antzematen, baina behinola herri eta beranduago langile-gune izandako auzoak badu besteetatik bereizten duen zerbait. Hainbat belaunaldiren borrokek bizirik mantendu duten kontzientzia sozialari esker, ekonomia solidarioko –EHn “eraldatzaile” hitzez ere ezagutzen duguna– ekimen mordoak egin du aurrera bertan, autogestioa, kooperatibismoa eta elkartasuna oinarri.

Kontzientzia eta jarrera ez da beti nahikoa izaten ordea. Kasu gehienetan, kooperatiba batetik bestera metro gutxi batzuk besterik ez daude, eta bertako kideek asanblada eta auzolan ekintzetan egiten dute topo. Badituzte auzo mailako zenbait ekimen komun ere. Harreman sare horrek eta elkarlanak ahalbidetu du horrenbeste asmo oneko ideia proiektu bideragarri bihurtzea.

Hala dio auzoko kooperatiba eta ekimen ugari gertutik ezagutzen dituen Ivan Mirók: “Egunero sortzen dira proiektuak, baina zaila da gero forma eman eta bizirautea. Kapitalismoaren balioei aurre egingo dien ekonomia bat sortzea ez da erraza, baina merezi du. Hori bai, oso modu komunitario eta saretuan egin behar da lan aurrera egin ahal izateko”.

La Ciutat Invisible eta auzo kontzientzia

Ivan Mirók berak Santseko Riego kalean dagoen kooperatiba batean egiten du lan. La Ciutat Invisible du izena, eta 2005ean sortu zuten, Can Vies eta L´Hamsa zentro sozial okupatuetan zituzten erronka eta balioak euren ogibidera ere eramateko ahaleginean.

Gaur egun, bost bazkide dira, eta hainbat lan-esparru jorratzen dituzte. Nabarmenena saiakerez hornitutako liburu-denda da, baina ikerketan, diseinuan eta aholkularitzan ere aritzen dira. Ildo horretan, proiektuak aurrera eramateko ekonomia sozial eraldatzailearen bidea hartzeko prest dagoen jendea laguntzen dute. “Guk topatu ditugun oztopoak zeintzuk diren eta nola gainditu ditugun azaltzeko ahalegina egiten dugu”. Hein batean, Santsen bertan hainbeste kooperatiba sortu izanaren erantzule dira.

Erabakiak modu horizontalean hartu eta denek soldata bera izateaz gain, erakunde publikoek ematen dieten diru kopurua ere mugatu dute: “Diru-laguntzetan jasotzen dugunak ez du sekula zergen bidez ordaintzen duguna gainditzen. Independentzia mantentzeko hartutako erabakia da”.

Riego kalean bertan, La Ciutat Invisibleren erakusleihotik bi metro eskasera dago La Directa hedabide herritarraren egoitza. 2006an sortu zen, kontrainformazioa oinarri zuten hainbat hedabide txiki batu zirenean. Egun, hamabostero argitaratzen duten aldizkaria eta directa.cat webgunea Herrialde Katalanetako mugimendu sozialen bozgorailu nagusietako bi dira.

Argazkilari, kazetari eta abarren artean, Menorca edo Valentziaraino zabaltzen den 150 laguneko kolaboratzaile sarea osatu dute. Borondatezko lana egiten dute denek, eta haietako askok hilabetean behin egiten dituzten bileretan parte hartzen dute, erabaki esanguratsuenak hartzeko.

Ferran Domènech La Directako kidearen arabera, objektibotasun faltsutik ateratzeko ahalegina egiten dute. “Herri mugimendutik gatoz, eta herri mugimenduentzat egiten dugu lan. Gizartea aldatu, alternatibak ikusarazi eta errepresioa eta boterearen gehiegikeriak salatzea da gure eginkizuna”.

Santseko kooperatiba sarearekin ere harreman estua dutela dio Domènechek: “Bakoitzak bere alorrean egiten du lan, baina auzoan harreman pertsonalak ere badaude, eta elkar laguntzen dugu edozein arazo sortzen denean. Auzo kontzientzia dugu, proiektu komun bat ari gara denon artean eraikitzen”.

Espekulaziorik gabeko pintxo ekologikoak

Riego kalean barrena jarraituz, Osca plaza gurutzatuta baina auzoaren izen bera daraman Sants kale zabalagora heldu aurretik, bada arreta ematen duen taberna bat. Kanpotik begiratuta ere antzematen zaio ez ohiko izaera: “Kopdemà, taberna kooperatiboa”, dio afixak. Izenak berak katalunierazko donar un cop de mà adierari egiten dio erreferentzia. “Laguntza eman” litzake euskarazko ordaina.

2013an jarri zuten lau lagunek martxan, haietako bi langabezian eta beste biak lan prekarioetan zirela. Oso gaztetatik Katalunian bizi den Zihargi Etxarte iruindarra da kideetako bat. “Tabernako beharra gogorra da eta lan baldintzak negargarriak izan daitezke beste norbaiten menpe bazaude. Orain gutxienez, gu geu ari gara gure soldata eta lan-orduak modu horizontalean banatzen”.

Bertako produktu ekologikoak lehenesten dituzte, eta kostuen araberako prezio politika dute, espekulaziorik gabea. Horri guztiari esker, auzoko kooperatiba eta ekimenetan parte hartzen dutenen bilgune bilakatu da urtebete eskasean; “auzoko taberna”.

Kopdemàn ehunka garagardo eta patata tortila dastatutakoak dira LaCol arkitekto kooperatiba osatzen duten 14 kideak. Ez da harritzekoa, euren egoitza ehun metro eskasera baitago, Ciceró kalean. Zoriak hala nahi izanda iritsi ziren bertara. Arkitektura ikasten ari zirela ezagutu zuten elkar, eta inpresora, maketak egiteko materiala eta frustrazioak konpartitzeko asmotan, unibertsitateko lanak egiteko lokal baten bila hasi ziren. 2009a zen, eta haietako batzuek Kataluniako beste txoko batzuetatik etorri behar zutela-eta, Sants tren estazioaren alboan zegoelako hautatu zuten orain euren lantokia dena.

Unibertsitatea amaitu zutenerako ordea, auzoko giroan murgilduak ziren. Ordurako ezagutzen zituzten La Ciutat Invisibleko kideak ere, eta haien aholkuek lagundu zieten autonomo gisa lan egin beharrean kooperatiba bihurtzen. “Neurri batean, haiei esker gara kooperatiba gu ere”, aitortu dute.

Geroztik, asteleheneroko asanbladatan hartzen dituzte erabakiak modu erabat horizontalean: proiektuak onartu edo ez, lana nola banatu… Lehiaketa publikoetan parte hartzeari uko egin diote, esaterako. Baina ez da hori LaColen bereizgarri bakarra. Arkitektura eraldaketa sozialerako tresna gisa bizi dute, eta hori lan guztietara eramaten ahalegintzen dira. Jasotzen dituzten lan eskaintzen zati handi bat, gauzak bestela egiten dituztela dakien jendearenak direla diote. “Pozgarria da egiaztatzea gure balioei eusteak lagun dezakeela proiektuak bideragarri egiten”. (…)

Ehungintzatik sorturiko tradizio kooperatiboaren memoria berreskuratuz

Proiektu berriei bultzada emateaz gain, atzera begira ere jarri dira Ivan Miró eta La Ciutat Invisibleko gainontzeko kideak. “Maila lokalean kooperatibismoa indartu nahian gabiltza, eta horretarako garrantzitsua da gure historian izan duen pisua ezagutzea. Iragan kooperatiboa ezagutzeak lotura emozionala sortzen du, eta hori ere bada gauzak beste modu batera egiten hasteko bultzada”.

Helburu horrekin, Sants auzoan izandako mugimendu eta kooperatibei buruzko informazioa bildu eta hainbat erakusketa egin dituzte, baita Les cooperatives obreres de Sants (Santseko langile kooperatibak) liburua plazaratu ere.

Bertan kontatu dutenez, XIX. hamarkadaren erdialdean Kataluniako ehungintzako lantegi handienak eraiki ziren Santsen, La España Industrial eta Can Batlló tartean. Nekazari herrixka zena langile gune bilakatu zuen horrek. 1897an Bartzelonarekin bat egin zuen metropoliaren parte bilakatuz, eta garai bertsuan sortu ziren bertan lehenengo sindikatu eta kooperatibak. Hastapen haietan kontsumo kooperatibak ziren gehienak, bitartekariei uko egin eta euren bizitza kalitatea apur bat hobetzea helburu zutenak. Horixe izan zen geroago sortuko ziren orotariko proiektu horizontalen hazia: antzerki taldeak, ekoizpen kooperatibak… 1939tik aurrera, frankismoak kolpetik ezabatu zuen ekimen sozial oro, baita Sants auzoan ere.

Sants auzoko ekonomia sozialaren mapa

1- Can Vies gune okupatuaren berreraikitzea.
2- Ciutat Invisible liburu-denda / La Directa hedabidea.
3- LaCol arkitektoen kooperatiba.
4- Kopdemà taberna kooperatiboa.
5- Can Batlló gunea / La Borda etxebizitzak.
6- Coop57 finantza zerbitzuak / Ara.coop
kooperatiba sustatzailea.
7- Lazzigags antzerki kooperatiba.
8- Pim Pam bideo-klub kooperatiboa.
9- Institució Montserrat irakaskuntza kooperatiba.
10- Papérs dekorazio elkartea.
11- Pretalleres San José desgaitasunak dituzten
pertsonentzako lan elkartea.
12- Ambuláncies Catalunya SCCL garraio zerbitzua.
13- Algo Bueno argazkigintza estudioa.
14- Germinal produktu ekobiologikoen kontsumo taldea.
15- Cusó Tapissers zaharberritze kooperatiba

*Iturria: Projecte Barrio Cooparatiu. Mapa honetan adibide esanguratsuenak azaltzen dira; zerrenda osoa ikusteko: sants.coop


Artikulu osoa ARGIAn: Ikusi Hemen

Argazkia: Argia [La Col arkitektoen taldeak jardunaldiak antolatu zituen auzoko ondareaz. Irudian, Can Batlló gunean izandako eztabaidetako bat. (LaCol)]