[ARGIA | Unai Brea]
Usurbil, 1961. Paisaia kulturalean espezializatutako paisajista eta ingeniari agronomoa, landareei buruzko jakintza biltzeari eta zabaltzeari buru-belarri emana azken hamarkadetan. Argian astero-astero artikuluak idazten hogei urte inguru daramatzan honetan, Errekondok aspaldiko proiektua gauzatzear du, “dibulgazio lan horri beste forma bat emate aldera”: Bizi Baratzea, aldizkari honekin elkarlanean egindako liburua. Apirilaren 28an egingo den aurkezpenaren atarian, lan horren zergatia azaldu digu egileak.
Oro har landareez idazten duzu Argian, baina liburuaren gaia zehatzagoa da: baratzezaintza. Zergatik hautu hori?
Besteak beste, baratzean gauza berezi bat gertatzen ari delako: iraultza dator. Lurra iraultzen da baratzean, baina baratzea bera iraultza bihurtzen ari da. Azkeneko urteetan, nekazaritza ekologikoan-eta lanean ari garenok ikusten ari gara badela halako buelta bat, berriz etortze bat. Baratzearekiko grina pizten ari da, eta grina hori aprobetxatu behar dugu gure ikuspegia azaltzeko. Jendeak hori nahi duelakoan nago: baratzezaintza, baina bertakoari lotuta, betiko jakintzari helduko diona eta oinarrian kalitatea izango duena. Jaten denaren kalitatea, lurraren eta ingurumenaren kalitatea… Hortik abiatuta, asmoa da baratzean hasi nahi duen jende horrek eduki dezala oinarri erraz, sinple eta hasteko grina hori, kemen hori, piztuko diona. Oso liburu grafikoa egin dugu, erraz irakurtzen dena eta batez ere norberak egin behar duenari garrantzia ematen diona: trikimailuak, gauza bitxiak… Hemengo liburugintzan, eta batez ere baratzeari buruzkoan egoera larria da, bertako ikuspuntuarekin egindako lanen ikaragarrizko gabezia dago.
Euskal Herriko ikuspuntua, esan nahi duzu?
Bai, argi eta garbi. Agian hego-hego Euskal Herrira bagoaz, Ebro ibaiaren inguruetara, informazio gehiago dago, Espainian, Katalunian, Italian… lan handia egin delako, antzeko lurretan. Baina isurialde atlantikoan arazo handi bat dago: erabiltzen ditugun liburuak italiarrak, alemaniarrak, ingelesak… direla. Eta hemen ez dutela balio. Pentsatu behar dugu Euskal Herri atlantikoa dela Europako bitxikeria klimatiko handienetako bat.
Zergatik?
ARGIAnEuria inon ez bezala egiten du, hasteko. Baina ez ditugu muturreko eguraldiak, alde horretatik paradisua da. Ez da tropikala, baina…
Bi udaberri ditugu, liburuan diozunez: udaberria eta udazkena.
Hala da. Eta horrek asko laguntzen du. Baina kontuan eduki behar da etengabe. Teknika jakin batzuk, beste leku batzuetan ia nahitaezkoak direnak, ezin dira hemen erabili. Ura aurreztekoak, esaterako. Halako zenbait gauza hemen eginez gero, hemen dauzkagun arazoak areagotu besterik ez dugu egiten.
Zer arazo?
Hemen dagoen handiena ur gehiegia da. Tuteran lanean ari bagara urari eustea garrantzitsua izango da, baina teknika bera Bermeon erabiltzen badugu seguruenik landare guztiak ustelduko zaizkigu.
Urez aseegi, nolabait esateko?
Hori baino, kontua da gehiegizko hezetasun horrek ekartzen dituen gaitz gehienak onddoak direla. Onddoak hezetasuna eta giro epela dagoen tokietan garatzen dira, hau paradisua da haientzat. Beraz, behar genuen liburu bat, tira, ez derrigorrez liburua, baina bai nolabait informazioa biltzea eta prestatzea hemengo pentsamoldearen arabera. Eta pauso hori eman dugu. Uste dut garrantzitsua dela hori jakitea: Bizi Baratzea hemengo baldintzetara egokitzeko pentsatutako liburua da.
Euskal isurialde atlantikoari begirakoa da liburua, hortaz.
Ia erabat. Hegoalderako ere balio du, eta landarez landareko atalean saiatu naiz bi aldeak lotzen. Baina zaila da. Garrantzitsuena da ohartzea liburuak oso oinarrizko informazioa ematen duela, eta norberak egokitu behar duela. Baina ez isurialde batetik bestera bakarrik. Isurialde berean ere ez da berdin Bermeon lan egitea edo Markinan. Gehiago esango nuke: herri bereko bi lekutan badauzkagu bi baratze, batetik bestera egoera alda daiteke. Uste dut liburuaren sarreran esaten dudan lehen gauzetakoa dela: liburua bera baino garrantzitsuagoa da, baratzean hasi behar dugunean, kaier bat eta arkatz bat izatea. Eta gertatzen den eta egiten dugun guztia jasotzea, idaztea. Bizpahiru urtean ikaragarrizko informazioa izango dugu.
Baratze bakoitza mundu bat dela, alegia.
Eta baratzezain bakoitza ere bai. Elkarri lagundu ahal badiogu, eta lur bakoitzaren historia jaso… Uste dut liburu hau bidaia baten hasiera dela, iruditzen zait gaur egungo baliabide teknologikoek ematen dizkiguten erraztasunak aprobetxatu beharko genituzkeela euskal baratzezainen halako unibertso berri bat sortzeko. Eta unibertso horretan norberak bildutako jakintza partekatzeko.
(…)
Artikulo osoa ARGIAn: IKUSI HEMEN
Argazkia: ARGIA (Dani Blanco)