«Eztabaida politikoa kalean izan behar dugu eskuinarekin» [JOAO PEDRO STEDILE, MST]
Lurrik Gabekoen Mugimenduaz gain, Brasilek eta Latinoamerikak dituzten erronkez jardun du Stedilek BERRIArekin. Benetako klase borroka bat ikusten du, kapitalaren eta langileen ereduen arteko talka bat.
Buenos Airesen erreferentziazkoa izan da Joao Pedro Stedileren itzal handia (Lagoa Vermelha, Brasil, 1953), CLOC Nekazaritza Erakundeen Latinoamerikako Konfederazioaren VI. Kongresuan lurrik gabeko jendearen alde egindako lan luze eta oparoagatik. Brasilen gaur-gaurkoz erronka handiak ikusten ditu MST Lurrik Gabekoen Mugimenduko buruzagiak, eskuina tokia irabazten ari baita, eta indar aurrerakoiek atzera egin dute funtsezko hainbat gaitan. Nekazaritza erreforma onartu ez izana eta, aitzitik, Ekonomia eta Nekazaritza ministerioetan agronegozioen eta transgenikoen aldeko politikari lotutako pertsonak izendatu izana, atzentze horren erakusle.
Nola ikusten duzu Nekazaritza Erakundeen Latinoamerikako Konfederazioa, eta kontinenteko borroketan CLOCek izan duen ibilia, kongresua amaitu berritan?
CLOC konfederazioaren batzar hau, bost urtetik behin elkartzen garen arren, oso garai berezian egin dugu Latinoamerikako egoerari eta, oro har, nekazaritza borrokari dagokienez. Borroka politikoan, inperio gringoa indarra hartzen hasi da berriro, gure Latinoamerikako natur baliabideak, energia baliabideak —petrolioa, gasa, hidroelektrikoak— eta merkantziak kontrolatzeko. Ekonomikoa eta geopolitikoa den helburu hori lortzeko, borroka ideologikoari ekin diote beren alderdi politiko nagusia —burgesiaren komunikabideak— baliatuta, eta gogor ari dira estutzen Venezuela, Brasil eta Argentinako gobernuak.
Nekazaritzan, gero eta gehiago benetako klase borroka baten aurrean gaude, eta borroka horrek erabakiko du zein izango den nekazaritza produkzioaren eredua gure kontinentean: edo agronegozioarena, kapitalaren eredua, edo Via Campesinak sustatzen duen elikagai sanoak ekoizteko eredua, langileen eredua.
Dilma Rousseffekin zer harreman du MSTk gaur egun? Amodiozkoa, edo banaketa kezkagarri bat?
[Barreak] Afektibitate irizpide horiek MSTk ez ditu inoiz erabili bere borroka politikoan. Guk beti argudiatu izan dugu herri mugimenduek autonomoak izan behar dutela estatuarekiko, gobernuarekiko, Elizarekiko, eta baita alderdi politikoekiko ere, hori heresia izan arren ezkerreko militante askorentzat. Horrek ematen du beharrezko osasun politikoa gobernuak kritikatzeko huts egiten dutenean eta babesteko ondo asmatzen dutenean. Baina aintzat hartzen dugun irizpide nagusia da herriaren behar eta eskakizunen aurrean gobernuek zer politika onartzen dituzten.Horrela gabiltza orain Dilmarekin. Herritar eta militante gisa haren aldeko kanpainan parte hartu genuen, eskuinaren aurka zelako lehia. Baina gobernura iritsi eta langileen interesen aurkako neurriak hartzen hasi zenean, doitze liberalaren puntu batzuk ezartzen hasi zenean, geu izan ginen lehenak jendaurrean gobernua kritikatzen; eta Dilma berari ere gardentasun osoz esan genion, MSTren kokaleku batera gonbidatu genuenean: aurrez aurre egin genizkion Ogasun ministro neoliberal batek sustatutako politika ekonomikoari kritikak.
Guk batere konpromisorik ez daukagu doitze horiekin, eta aldaketak nahi ditugu. Beste herri mugimenduen aurrean ere horixe argudiatu genuen: eskuinak kalean izan duen oldarraldia ikusita ez genuela kikildu behar, guztiz kontrakoa baizik. Kale eta plazek masentzako gune pribilegiatu bat izan behar dute politika egiteko, hor azaldu baititzakegu geure ideiak, eta jendartean eztabaidatu herri guztiarentzakoak diren politikak.
Eskuinak estututako gobernu aurrerakoiek ezkerraren eta sektore herrikoien botoa nahi dute; baina, botoak lortu eta gero, jatorrizko diskurtsoarekin nabarmen kontraesanekoak diren posizioetara aldatzen dira.
Eta hori, zergatik? Borondate politikoa falta da, edo arazo ideologiko bat dago?
Denetik zertxobait. Hainbat faktorek bat egin dute, eta garai historiko honetan azaleratu dira. Hasteko, garrantzitsua izan zen gobernu aurrerakoi hauek aukeratzea eskuin neoliberalaren proposamenen aldean. Baina ia Latinoamerika guztian, Venezuelan eta Bolivian izan ezik, gobernu horiek masa mugimenduaren bermerik gabe irabazi zuten: herriak botoa eman zuen, baina ez zen indar politiko gisa mobilizatu. Bestalde, ezkerrak ez zeukan herri programa bat, aldaketa herrikoien aldekoa. Ezkerraren programa huts-hutsean antiliberala zen, eta ez helburu zehatzekoa, II. Mundu Gerraren ostean izan genituenez bestera, Salvador Allende bat aukeratzea edo Nikaraguako Iraultza ekarri zuten proposamen iraultzaileen aurrerapenez bestera. Orain ezkerrak ez du lortu masak bilduko zituen eta gobernu programa baten gisan defendatuko zukeen programa bat.
Horrenbestez, gobernu barruko borroka bakoitzean, benetakoa eta kaltegarria den indar korrelazio baten gatibu bihurtzen da gobernua bera, eta, gainera, eskuinaren erasoaldi bakoitzean atzera eta atzera egiten du. Gure eginkizuna, mugimendu herrikoi eta ezker gisa, oinarriko lan bat egiten jarraitzea da: jendea mobilizatzea, eztabaida eta lehia politikoa kalean bertan egiteko. Eta plano horretan batasun programatiko bat lortzea, aldaketarako programa komun batekin, zeinak hurrena gobernu herrikoiak ekartzea ahalbidetuko duen; gehiago ez klaseak adiskidetzeko gobernuak, Brasilgo gaur egungoaren gisakoak.
Evo Morales jarraitzeko eredu gisa ikusten duzu?
Ereduez hitz egitea ez dugu atsegin. Herrialde bakoitzak bere historia dauka, bere prozesua, bere indar korrelazioa, bere klase sozialak botere aldeekin. Nahikotxo aurreratu zuen Evok, baina Boliviako ekoizpen egitura guztiak aldatuko dituen egitate bat izango litzatekeen prozesu batetik urrun dago. Egiturazko arazo asko baititu Boliviak: oraindik industrializatu gabeko ekonomia bat da, eta zailtasun handiak dauzka herriaren beharrizanei aurre egiteko. Evok bai eduki du auzoek baino adore handiagoa, beti ezkerrerago doazen ideiak defenditzeko eta herriaren protagonismoa aldarrikatzeko. Horrexek salbatu zuen Evoren gobernua, krisi garaietan, gasolinaren prezioarekin izanikoan adibidez, herriarengana jotzen asmatu baitzuen: herria nabarmen prezioak igotzearen kontra azaldu zen, eta berak atzera egin zuen. Politika egiteko modu horrek ahalbidetzen dio gobernu bati aurrera egitea eta herriari leial jarraitzea, nahiz eta herriak berak badakien noiz egin daitekeen aurrera eta noiz indar korrelazioa ez den nahikoa aurrera egiteko.
[…]Artikulu osoa BERRIA.EUSen: IKUSI HEMEN