Elikaduraren kudeaketa, eraldaketa sozialerako tresna

[Argia | 2014-11-30 | Mikel Garcia Idiakez]

 

Zenbat dira Euskal Herrian gose diren biztanleak? Nola kudeatu beharko genuke elikaduraren krisia? Zein ardura dute administrazio publikoak, ezkerreko mugimenduek, herritarrek honetan guztian? Elikadura burujabetza izan al daiteke soluzioa? Galdera horiei heldu zieten GITE-IPES elkarteak urrian Bilbon antolaturiko jardunaldietan. Hona ekitaldiak emandakoa.

Jateko eskubidea nazioarteko eskubide positiboa da, Nazio Batuen Erakundeak onartua eta tartean Espainiako eta Frantziako gobernuek sinatua. Eskubide transbertsala da: ekoizpenaz, banaketaz, enplegua eta jakiak lortzeko aukeraz… mintzo da, eta zera dio: “Elikagaien banaketa orekatua bermatuko duten neurriak hartzeko konpromisoa dute Estatu sinatzaileek, baita zuzenean esku hartzekoa ere, elikadura egokia lortzeko gai ez diren herritarrak eta taldeak daudenean”. Haatik, arlo honetan administrazioak funtzio utzikeria egiten duela eta elikadura krisiaren erantzukizuna zuzenean gobernuz kanpoko erakundeen eta herritarren solidaritatearen esku uzten duela iritzi dio Ramón González Parada soziologoak: “Horregatik harritzen nau sindikatuek, elikagai bankuek, Caritasek, alderdi politikoek… mahai gainean elikaduraren gaia jarri ez izanak, etxebizitza, hezkuntza edo osasuna bermatzeko eskubidearen alde egiten den borrokaren pare; ezkerrak bere estrategian barneratu beharko luke elikagaien gestioa”.

Izan ere, datozen urteetan premia dutenen artean elikagaiak banatzen jarraitu beharko dela aurreikusiz, banaketa horrek eraldaketa sozialerako tresna izan behar duela aldarrikatu du Gonzálezek. Gaur egun, beharra dutenei elikagaiak helarazteko dagoen moduak enpresa handiei egiten die mesede, horiekin hitzematen baititu administrazioak erosi beharreko jakiak. Eta kanpaina herritarrak ere (Kilo Operazioa eta halakoak) merkataritza gune handiekin adostu ohi dituzte elikagai bankuek. “Kontua da –dio soziologoak– arazoa sortu duten enpresa handiak eta agroindustria bera direla konponbidean aktiboki parte hartzen dutenak, euren interesen araberako irtenbideak bilatuz, Estatua ordezkatuz eta politikoki, ideologikoki eta ekonomikoki posizio indartsua berenganatuz. Horren aurrean, hartzaileek rol pasiboa utzi eta duten arazoa konpontzeko aktore izan behar dute, antolatu egin behar dira; denak, hartzaile eta banatzaile, arazo sozial bati aurre egiteko kolaboratzaile bilakatu behar dira”.

Caritas eta ezkerreko mugimenduak

Caritasen ilara egitea ez bestelako formulak bilatu behar direla azpimarratu du soziologoak, baina horretarako Caritasekin –elikagaien banatzaile nagusia izanik– hitz egin beharra dagoela dio: “Madrilen, ezkerreko taldeak hasi dira banaketaz arduratzen, eta Caritasen gauza berdina egiten dute, baina okerrago, ez daudelako hain ongi antolatuta. Zergatik lehiatu? Zergatik ez da saiatzen ezkerra Caritasekin hitz egiten? Egia da Elizak monopolizatzen duela erakundea, baina milioi bat herritar baldin badaude Caritasen jakiak eskatzen, goseak dagoen milioi hori baztertu egingo dugu Caritasen dagoelako? Jende horrengana gerturatu behar dugu. Egun batetik bestera ez dugu aldaketa lortuko, baina beste era batera lan egiten hasiz gero, eredu berria laster zabalduko da, denentzat hobea delako herritarrek beren pobrezia antolatzea, inguruan erostea, bertako merkatariek parte hartzea, boluntarioek aldaketa eta presio soziala eragitea…”.

gose1Grezian Syriza koalizio ezkertiarrak bultzaturiko ekimena jarri du adibide: jakiak hartzetik kooperatibetan auto-antolatzera igaro dira herritarrak, karitatearen eskematik elkartasunera, “jendea biktimizatu beharrean, egoera horretatik ateratzeko baliabideak ematea baita bidea”. Administrazioaren ardurari dagokionez, beste adibide bat jarri du soziologoak, Espainiako Los Molinos herrikoa: beharra dutenentzat udalak diruz laguntzen dituen elikagai-txekeak hornitzaile sare lokalarekin negoziatu ditu; hala, dendariek merkeago saltzen dituzte oinarrizko produktuak txekearen truke, eta txekea udalak ordaintzen dio ondoren dendariari. Bertako ekoizle txikiak lagunduko dituen banaketa sistema hobesten da horrela, gertuko erosketak eta inguruko enplegua sustatuz. Hain juxtu, David Lopategi gizarte hezitzaile eta Bilboko zinegotziaren hitzetan, elikagaiak erosteko administrazioak inbertitzen duen dirua aintzat hartuta (catering-ak, diru-laguntza zuzenak, elikagai-txekeak…) eraldatzeko gaitasun handia du eskuartean botere publikoak: “Milioika euroz ari gara eta horiek bertako ekoizleetan, merkatari txikietan, kooperatibetan bukatzen badute, ondorioa izugarria da inguruko ekonomian. Adibidez, Bilboko Udalak diruz laguntzen dituen elikagai-txekeak BM, Carrefour eta antzerakoetan baino ezin badira erabili, zein ari da jasotzen administrazioak egin duen inbertsio zuzena? Zer elikadura mota ari da sustatzen eta zein ekoizle motaren mesedetan?”.

Egungo eragile nagusietakoa direnek ere, elikagai bankuek, beharrezkotzat jotzen dute aldaketa. Luis Crovetto Bizkaiko Elikagai Bankuko presidenteordearen esanetan, identitate arazo bat daukate, botatzear diren jakiak galdu ez daitezen jendartean banatzeko sortu baitziren elikagai bankuak, baina krisia medio elikagaien banaketan maiorista bihurtu dira. “Jaio ginen espiritutik aldendu gara; 2014an hilero 1.000 pertsona lagundu ditugu eta ahal duguna egiten dugu. Administrazioarekin harreman etengabea izan behar dugu, elkarri laguntzeko, eta udal ugarik hala egiten du, baina Bilbokoak adibidez ez: dirua jartzen du, baina ez dugu gizarte langileen kolaboraziorik. Administrazioak, hortaz, lagundu egin behar du, eta funtsean krisitik atera behar gaitu, gure ustez elikagai bankuok ez genukeelako existitu behar, beharrezko ez izatea gustatuko litzaiguke”.

[Argia – Artikulu osoa: IKUSI]