«Artzain izanda zentzu guztia dauka internazionalista izateak» [Aritz Ganboa · Artzaina | 10 #Etxalde]


Unai Vazquez, Walter Wendelin, Gabi Basañez, David Soto eta Aritz Ganboa Askapenako kideei ETArekin kolaboratzea leporatzen diete eta seina urteko espetxe zigorra eskatzen dute beraintzat. Aritz Ganboa Nafarroako Arruatzuko artzaina da.

10-ETXALDE-askapena– Auziperatutako bost lagunei sei urteko espetxe zigorra eta Askapena, Askapeña eta Elkartruke erakundeen ilegalizazioa eskatzen du Estatu españolak. Ze perspektibarekin dakusazue epaiketa hau?
Aurretik egin dezakegun balorazio bakarra da egoera injusto baten aurrean gaudela. Epaiketaren ondoren gertatzen dena gertatuta ere, herri honen kontrako eta herritarron kontrako injustizia bat ematen ari da, gure askatasun demokratikoen kolpatzea dakarrena. Ematen du beti mugatzen garela pentsatzera epaiketak zer emango duen, absoluzioa edo ez? Ba ez dakit zer emango duen, baina ni ez nator loteria ikuspegi hori garatzera, ni ikustera noa zer eman duen jada, eta eman duena da euskal internazionalismoaren kriminalizazioa, euskal militantziaren kriminalizazioa eta berriro ere ilegalizazioen garaira eraman gaituen egoera errepresibo bat.

– Zuek epaituko zaituztete, baina elkartasuna jaso duzue eta herriak jada espainiar Estatua epaitu du.
Bi elementu dira landu direnak. Hasierako fase batean elkartasuna, internazionalismoaren aldeko eta Askapenaren aldeko elkartasuna. Ulertzen genuen jendeari eta eragileei aditzera eman behar zitzaiela ematen ari zen injustizia hau, internazionalismoaren kriminalizazio saiakera hau. Behin babesa eta elkartasuna landu ondoren erabaki genuen arrazoi nahikoa zegoela eta jendarteak zilegitasun osoa ematen ziola Estatu espainolari epaiketa bat egiteko. Arrazoi nahikoa zegoen Estatuak epaitu nahi dituelako ez soilik Askapena eta bere bost kide, baizik eta epaiketa egin nahi diolako herri honi eta euskal internazionalismoari oro har. Herri epaiketak Euskal Herriko hamaika herrietan egin badira ere, esan beharra dago nazioarteko herri ezberdineatan ere egin direla. Herri epaiketa guzti hauek ekarri dutena da Estatu espainolaren izaera inperialista salatu dela. Iruñean, urriaren 12an herri sententzia kaleratu zen: estatu inperialismoa, inperialismoa oro har, herrien askatasuna eta herri askeak ezagutzera kondenatzen genituela. Hau da, inperialismo guztien gainetik garaipena gurea izango da eta garaipen hori sufritzera kondenatzen dugu bai estatu inperialista espainola eta baita inperialismoa oro har.

– Bost pertso10-ETXALDE-askapena02na eta erakunde konkretuez gain, internazionalismoaren aurkako epaiketa egin nahi du Estatuak.
Agerian utziko dugu epaiketan zehar gure defentsa bakarra gure aktibitate politikoaren defentsa izango dela, ez gara gure askatasuna mendigatzera joango, baizik eta gure ekinbide politikoa eta Askapenaren ekinbide politikoa egiten jarraitzea defendatzera joango gara. Horrek gure militantziaren aldarrikapena dakar eta aldarrikapen horren beharra. Madrilen ikusiko dena da nola aldarrikatzen dugun brigadak antolatzearen beharra, globalizazioaren aurkako mugimenduan txertaturik aurrera egin beharra, Euskal Herriak bere elkartasuna behar duela eta Euskal Herriaren lagunen dinamika aktibatzearen beharra, jardunaldi internazionalistak ezinbestekotzat jotzen ditugula, eta abar luze bat.

– Elkartasun kanpainan zehar, zapatazoaren irudiak indar handia hartu du. Zapatazoak inperialismoaren aurkako jarrera beligerante bat ordezkatzen du.
Denok ikusi genuen George Bush AEBko presidente ohiaren aurrean nola irakiar kazetari batek zapatu bota zuen, AEBn kontra eta inperialismoaren aurkako jarrera erakutsiz. Horixe da zapataren metaforarekin egin nahi izan duguna. Horrelako gertaera gehiago daude, adibidez CUPeko David Fernandezek Rodrigo Ratori zapata erakutsi zion, sinbologia berdinarekin. Nazioartean zapata botatzearen ideia inperialismoa kolpatzearen ideiarekin lotu da. Zapatarekin batera erabili den beste sinbolo bat palestinar zapi laranjarena izan da. Palestino laranjarekin bi elementu ordezkatu nahi izan ditugu, batetik elemento laranjak eta Libre dinamikak Euskal Herrian egin duen eta egiten ari den ibilbideareiko lotura, errepresioaren aurrean jarrera desobedienteak aktibatzearena. Bestetik palestinoak ordezkatzen duen jarrera internazionalista dago, herri palestinarrak mundu zabalean zehar jasotzen duen elkartasuna eta elkartasun hori nola bihurtzen den elkartasun antiinperialista bat.

– Ogibidez, artzaina zara. Egoera honek guztiak nola eragin du baserriko lanetan eta bere egoeran?
Makina bat eragozpen dira. Anekdota bezala beti aipatzen dut, mendian ardiekin egon eta jeitsi ondorengo gauean atxilotu ninduten. Anaia eta lehengusuarekin daramat artaldea eta gazta egitea. Ni ez egoteak lanaren zamatze handi bat ekarri zuen. Sektore hauek momentu honetan ze ahulak diren pentsatu behar dugu. Industria agroalimentariora bideratutako lehen sektore bat daukagun bitartean betiko artzai eta baserritarrok pairatzen ditugun arazoak denongatik ezagunak dira. Horrelako kolpe errepresibo baten ondorioz, berez ahuldadeak dituen egoera bat pentsa nolako kinkan utzi zuen gure proiektu ekonomikoa eta baita gure bizitza proiektu osoa. Egoera honetan ezin ditugu bost urte baino luzeagoko planak egin egin. 60.000 euroko fidantza bat jarri behar izan da eta ekonomikoki familia ahuldu egin da eta horrek eragina du gure sektorean, familia oso garrantzitsua delako. Kartzela zigorraz gain zigor ekonomikoa ere eskatzen digute eta pentsa dezagun 7.000 euroko zigor ekonomiko batek gure sektorean izan dezakeen eragina.

– Lehen sektoreko pertsonek eta erakundeek ere elkartasuna erakutsi dizuete.
Elkartasuna ikaragarria izan da, zenbat artzain, baserritar, nekazari hurbildu zaizkigun laguntza eskeintzeko, bai Sakanan, bai Nafarroan eta bai Euskal Herri osoan. Sektore hau batzutan banatuta dagoela dirudien arren, esan beharra dago ze elkartasun dagoen eta ze konprometitua dagoen. Artzai asko eta izen asko eman nitzazke, baina ez dut emango seguraski baten bat ahaztuko zaidalako. Kanpainan momentu txarrenean atxilotu ninduten eta beste herrietatik artzaiak etorri ziren guri laguntzera. Hori da, baita ere, euskal baserritarren mugimenduak eskeintzen duen balio positibo bat eta uste dut nekazariak garen heinean hori aldarrikatu behar dugula. Hemen Nafarroan eta Euskal Herri osoan ere EHNE sindikatuak eman digun babesa ikaragarria izan da.

– Zure militantzian zehar, nekazari mugimenduen esperientziak ere ezagutuko zenituen.
Ni Guatemalan egon izan naiz, bertako Comité de Unidad Campesinakoekin, Mexikon ere nekazari mugimenduekin eta mugimendu zapatistarekin egon izan naiz eta niretzako artzai izateak badu ikuspegi internazionalista bat. Artzain izanda zentzu guztia dauka internazionalista izateak, munduko baserritar guztiekin bat eginten dudalako nere ekimena aurrera eramaten dudanean. Horrek nekazari bezala ereduaren inguruko hausnarketa eta praktika bat eramatea eskatzen dit. Zentzu horretan, eredu agroekologikoaren alde egitea, elikadura burujabetza ekarriko duen lehen sekotore duin eta iraunkor baten aldeko apustua egitea eta gure bidea hor kokatzen dugu. Uste dugu euskal artzaintza ereduak asko daukala eskeintzeko zentzu horretan.

– Baserritar eta nekazarien arazoak antzerakoak izan ohi dira mundu zabalean, lurraren arazoa adibidez ohikoa da ia toki gehienetan.
Hemengo nekazariontzako lurra ezinbesteko elementua da eta mundu guztian zehar ere hala da. Lurrik gabe ez dago bizirik. Herri bakoitzaren arabera planteamentuak fase desberdinetan aurki ditzakegu. Adibidez Guatemalan egon nintzenean nekazaritza ereduaz baino lurraren jabetzaz hitz egiten zen, ze oinarrizkoa eurentzako zen lur zati bat izatea bizi ahal izateko. Aldiz, Kuban egon nintzenean, lurra badaukate eta lurraren aitzakiarik ez dago eta han elikadura burujabetzaren inguruko hausnarketari erantzuten zioten, espresio agroekologikoak, hiri inguruetan nola landu… lurraren lanketa ereduaz hitz egiten zuten. Mundu zabalean lurretik abiatuta, lurraren erabileratik pasatuta eta gure eguneroko elikagaien beharrera iritsita badago zer aldatu eta seguraski Euskal Herriak badauka hortan zer hitz egin. Adibidez hemen Nafarroan eta Euskal Herrian lur komunalek zer ordezkatzen duten, nahiz eta ez garen konturatzen, kriston balio duten ordenantza piloa dugu. Eta askotan ez gara konturatzen lurra badugula baina lurraren gainean egiten ari garen kudeaketa tamalgarria dela, alde batera uzten ari garela nekazaritza eta abeltzaintza. Hausnarketa horretan Euskal Herrian badu zer aportatu eta zer ikasi eta uste dut norabide horretan aurrera egin behar dugula. Garbi daukat euskal nekazaritza eta euskal lehen sektorea izango badugu internazionalista izan behar duela, bere bizirautea bermatu nahi badugu behintzat.