Altzaga, sukaldeak kentzeko erasoari eutsi dion bakarretakoa
Bi dira EAEko ikastetxe publikoen artean bertako sukaldeari eusten dioten bakarrak, biak guraso elkarteek kudeatuak: Larrabetzukoa 2010 urtean ezagutu zenuen ARGIAn (2.225 zenbakian), zeinak bertako ekoizleei erosten dizkien lehengaiak. Txikiaren bentajak. Oraingoan bestea ezagutuko dugu, Erandioko Altzaga ikastetxea, eta jantoki handi honetan (540 ikasle inguruk bazkaltzen dute egunero), ikus dezakegu nola egiten duten talka elikadura eta kudeaketa burujabetzak Eusko Jaurlaritzak fermuki bultzatzen duen catering industrialaren ereduarekin. Euskal Herrian badira eredu gehiago, eskolako jantokia tokian tokian kudeatzen dutenak, tokiko ekoizleen produktuekin, askok bertako sukaldean eta ez garestiago.
Sorreran gurasoen kooperatiba zen Erandioko Altzaga ikastolak 48 urte egin dituela eta gainean duten mende erdia ospatzeko antolaketa martxan jarri dutela kontatu digute pozik Zuriñe Miguelek eta Kontxi Akesolok, guraso elkarteko kide eta jantokiaren arduradunek. Gazteleraz errazago ariko balira ere, elkarrizketa euskaraz egitea erabaki dute. Harro daude 48 urteotan bertako sukaldeari eutsi diotelako: “Gauza asko aldatu dira, pisu batean hasi zen ikastola, gurasoak kooperatibako bazkide izanik, eta handitzen joan da, publifikatu egin zen… baina sukaldea beti izan dugu, hori ez da aldatu. Baloratzen dugulako da”.
Duela 5 urte, matrikulazio eskaerari erantzuteko hirugarren lerroa irekitzea –ikas maila bakoitzean hiru gela egotea– beharrezko ikusi zuten. Denak eraikin nagusian kabitu ezin, eta eraikin berrian hasi ziren txikienak. Garraztasunez kontatu dutenez, “Jaurlaritzak ez zigun baimenik eman han sukaldea jartzeko. Gu kanpoan catering industrialek prestatutako jantoki eredu horren guztiz kontra gaude baina ez dugu beste erremediorik izan: Jaurlaritzaren erantzuna izan zen eraikin berrian ez bagenuen sistemaz aldetzea onartzen, gurean lerro bat ireki beharrean beste ikastetxe bat sortuko zutela herrian. Bi egun barru erantzuteko epea jarri ziguten. Egun bakarra izan genuen tartean gurasook bildu eta adosteko”. Geroztik, bi sistema dituzte eskolan: handiena gurasoek kudeatzen dute, txikiena Eusko Jaurlaritzak.
Bietan cateringa, baina kudeaketa ezberdina
Bitxia eta ulertu beharrekoa da administrazioak jantokien kudeaketa izendatzeko duen modua. “Kudeaketa zuzena” esaten dio juxtu ikastetxetik urrunenekoa denari, alegia, zuzenean administrazioak kudeatzeari. Eta “zeharkako kudeaketa” deitzen dio jantokia ikastetxean bertan gurasoek kudeatzeari.
Altzagan bi kudeaketa moduak dituzte: administrazioak kudeatutako jantokiak 5 urtez beherako 110 ikasle ingururi ematen dio jaten egunero. Eta gurasoek kudeatutakoak 5-16 urte arteko 540 ikasleri. Bien arteko aldeaz galdetuta, Miguelek eta Akesolok hauxe erantzun dute: “Jaurlaritzak kudeatutako cateringen kalitatea ez da txarra izango, baina gurasook ez dakigu. Guk aukeratu egiten dugu zer janari erosi eta nondik. Bertan prestatzen da janaria eta gehiago kontrolatzen dugu: umeei jaki bat gustatzen ez bazaie, aldatu egiten da. Gurasook gara jantokiko arduradunak eta tarteka etortzen gara ikusteko nola doan zerbitzua hasten denetik bukatzen denera, bertan bazkaltzen dugu janaria dastatzeko, langileekin hitz egiten dugu…”.
Eta adi, bertako sukaldea duen jantoki handi honen kudeaketa catering enpresa baten bidez egiten du guraso elkarteak (Larrabetzuko eskolak ez bezala): “Haren bidez kontratatzen ditugu 35 langileak (bai sukaldariak eta bai begiraleak). Erabakia gurea da, beti izango dugu aukera cateringik ez izatea erabakitzeko. Pentsatu izan dugu, baina oraingoz ez dugu pausorik eman”.
Kudeaketa gurasoen esku egotea garesti ordaintzen dute, ordea: batetik, bertako ikasleak jantokiko diru-laguntzarik gabe uzten ditu Jaurlaritzak; beste herri batetik datozen ikasleek, garraiorako diru-laguntzez gain, jantokirako ere izan beharko lukete, bazkaria ikastetxean egin beste erremediorik ez dutelako. “Hemengo ikasle asko daude egoera horretan, baina ez dute inongo laguntzarik jasotzen”. Bestetik, “zerbitzu osoa gurasook ordaintzen dugu, Jaurlaritzak ez du batere dirurik jartzen”.
AKKPA edo nola behartu herritarrak elikadura industrialera
AKKPA (Arriskuen eta Kontrol Kritikoko Puntuen Analisia) elikagaien industrian erabiltzen den prozesu estandarra da. Prozesuaren etapa bakoitzeko arriskuak aurreikusi eta autokontrol planak txertatzen ditu. EAEn, 300 bazkaltiarretik gorako jantokiek bete behar dute. Gurasoek kontatzen dutenez, horrek dakar lan prozesu zurruna jarraitu behar izatea eta dena idatzi beharra: “Idatzi behar ditugu erabilitako errezeta guztiak, leku eta tresna guztien garbiketa, lan ekintza guztiak eta beti pausu berak jarraitu behar dira, eta horrela egiten dela kontrolatu… egunero idatzi behar dugu, esaterako, okela etorri da: zer tenperatura duen, zer ordutan gorde dugun, non… Tarteka ikuskariak etortzen dira auditoriak egitera”. Segurtasuna bermatzeko balio dute, baina Altzagakoaren moduko bertako sukaldean bertako lehengaiak prestatzea galarazten dute, bestetik: “adibidez, okela dakarren kamioiak hozkailua izan behar du AKKPA -ren arabera eta herriko harategiak ez dauka. Inguruko soroetako barazkiak ere ezin ditugu erosi, saltzeko baimenik ez daukatelako”.
Eta hala ere, Altzagako sistema askoz merkeagoa da
Altzagako helduen jantokiko kuota, sukaldea bertan duenarena, hilean 74 eurokoa da, eta horrekin osorik ordaintzen dute cateringaren bidez azpikontratatuta duten zerbitzu osoa. Eusko Jaurlaritzak ez du euro bakar bat jartzen. Altzagako txikien jantokiko kuota, catering industrialak ikastetxetik kanpo prestatzen duena, hilean 91 eurokoa da, eta diru horrekin zerbitzuaren %73 ordaintzen da, gainerako %27 Jaurlaritzak hartzen du beregain. “Guk ere catering bidez egiten dugu lan, langileak zuzenean kontratatuta baino garestiago irteten zaigu, baina askoz merkeagoa da gurea. Eta gehitu gurasoen gehiegizko kuota horri Jaurlaritzaren dirua! Lotsagarria da. Badirudi garai batean jantokiko eremua enpresei emateko gura izan zutela. Jantokietako zerbitzua cateringei eman nahi badiete ere, txikiagoak izan daitezke, eta ikastetxetik ahalik gertuen daudenak. Horrela janaria hobe aterako da. Baina alderantziz egiten dute, lau urtero cateringak esleitzeko pleguak edo baldintzak berresten dituztenean, eskatzen dutena beti da enpresak handiagoak izatea. Ez dugu ulertzen”.
ESKOLA-MENUEN BANAKETA EAEn (2011-2012)
Ikusi artikulu osoa ARGIA.n: HEMEN