Hendaiako herriko etxea Eusko sareari kidetzen den lehenengo herria da

Hendaiako Herriko kontseiluak, astearte gauean, Euskal Monetari kidetzeko erabakia hartu zuen. Bozka horrekin urrats berri bat eman du Euskoak Ipar Euskal Herrian, duela hiru urte hasitako abenturan. Aho batez, herriko kontseiluko gehiengoak zein gutxiengoak bat egin du euskoak bereak egiten dituen baloreekin.

Kotte Ecenarro Hendaiako auzapez sozialista pozik eta zatisfos agertu da bozkarekin, eta, bereziki, erabaki horretan kontseilu guztia bat egin izana azpimarratu du. “Guztiek moneta horren proiektuan lekuko ekonomia edota
euskararen alde ekintza egoki bat ikusi dute, eta horiek Hendaiaren bi lan ardatz nagusiak dira”, goraipatu zuen.

Iker Elizalde herriko etxeko ekonomia saileko hautetsiak aurkeztu die proiektua hautetsiei, eta, bere esanetan, Euskal Monetan kidetzeko erabakia “naturaltasun osoz” hartu da. “Eusko proiektuaren helburua ekonomia berlokalizatzea, garapen iraunkorra eta euskara sustatzea da, hiru lan ardatz horietan jadanik engaiatua da gure herria”, berretsi zuen.


 

Informazio Gehiago: HEMEN