Europa eta Kanadaren artean negoziatzen den libre merkatuko akordioak hainbat sor marka ez ditu babesten. Ossau Irati ardi gasna sor marka horietarik da eta ELB sindikatak salatu du joan den astean.
CETA izeneko akordioa onartua balitz, Ossau Irati eta beste hainbat izen libreki erabiltzen ahalko dituzte Kanadako laborari eta enpresek. Libre merkatuko akordioa hau negoziatu da hilabete luzez eta Europako agintariek bozkatu beharko dute urte bukaeran.
Kontrako bozka emaitea galdegin die ELBk eurodiputatueri bai eta franses parlamentarieri.
« Ossau Iraty izeneko gasna, Kanadan ekoiztua, 10€/kg merke saldua frantses supermerkatuetan, hara zer etorkizun prestatzen daukun CETA, Europa eta Kanadaren arteko merkatu libreko akordioak », salatu du sindikatak.
« Argi da hango ekoizleek, ala esne egiteko tailer erraldoiek, ez dutela arau berezirik ezarriko ekoizpen moldeetan, Euskal Herriko eta Biarnoko hazleek ez bezala. Hain segur gasna merkeago proposatzen ahalko dute ere, hemengo ardi sailako ekonomia osoa kaltetuz», gehitu du.
Leku nekeetan balio erantsiaren sortzeko tresnak direla sor markak azpimarratu du sindikatak, tokiko ontasunak baliatuz eta kalitatea lehenetsiz. « Ezin dugu erran Kanadako enpresak hasiko direnez Ossau Irati ekoizten eta zoin den egiazko irriskua.
Bainan badakigu gure gasnaren merkatua osagarri onean dagola mementoan eta dirua egiten ahal dela iduritzen bazaio amerikar enpresa bati, ez du deus oztoporik gure izena libreki erabiltzeko», zehaztu du Jean-Paul Duhalde, ELBko bozeramaileak.
CETA akordioan, negoziazioaren ondorioz, 174 ekoizpen zerrendatuak dira, Kanadak bere lurraldean babestuko dituen Europako jatorrizko izendurak dira. Alta Europak 1400 jatorrizko izendura baditu, ia %90a bide bazterrean gelditzen da beraz. Ossau Irati bezala, Korsikako Brocciu ardi gasna zerrendatik kanpo da, bai eta Idiazabal edo Erronkariko ardi gasnak (Espainiako Estadoari buruz, bi gasna baizik ez ditu babesten akordioak : Manchego eta Mahon-Menorcako izendurak).
Txerriki produktoetan ere (urdaiazpiko, etab), egoera berdina da.
CETAk sortuko duen merkatu liberal haundi eta mugarik gabekoan, sor marka gehienak sakrifikatu ditu Europak.
Alta, denek estatutu eta ezagupen legala berdina dute Europan. CETAren baitan babestuak diren eta ez diren sor marken tratazeko manera desberdina dela eta, Jose Bovè, frantses eurodiputatuak, dio Europako Justizia Gortearen aitzinera ekarri behar dela afera hau eta CETAren kaltetzeko aukera zinezkoa dela. Lan horri lotua da, ipar Euskal Herriko eragile batzurekin.
Frantzia mailan, TAFTA, edo Europa eta Ameriketako Estado Batuen arteko akordioak, hedabide eta politikoen atenzioa azkarki pizten du garai huntan. TAFTArekin duten ezadostasuna erakusten dute frantses gobernu kideek, negoziazioak txartzen ari direlako.
«CETA ez da aipatzen alta bi akordioek lanjer berdinak ekartzen dituzte eta arrunt lotuak dira, adierazi du ELBk. Jendartearen presioaz, CETAren onarpena oztopatu behar dugu, libre merkatuko akordio guziek bezala, talde haundi pribatu zonbaiten interesen alde baizik ez baita».