“Jatorrizko izendapenek ematen duten babesaren aurka egitea, gure betiko bizimoduaren aurka egitea da” [José Mari Ustarroz. Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko Lehendakaria]
Aurten 49. aldiz egingo den Artzain Egunaren antolatzaile nagusia da Ustarroz, hasiera-hasieratik. Honetaz gain Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehendakaria da. Bizitza osoa darama artzain eta gaztagileen lanaren balioa aldarrikatzen eta ezagutzera ematen, bera artzain izan gabe.
Jose Mari Ustarroz (1939, Uharte-Arakil). Heldu den urtean 50. edizioa beteko duen Artzain Egunaren bultzatzaile nagusia da, Idiazabal Jatorrizko Izendapeneko lehendakaria eta Aralarko San Migelen kofradiako lehendakaria. 56 urtez bertako kapilaua izan zen, don Inozenzio Aierbe apaiz ezagunaren gertuko laguntzailea, haurra zenetik. 45 urtez lantegi bateko salmenta arduraduna izan ostean, erretiroa hartuta dago eta “inoiz baino lanpetuago”. Hiru alabaren aita da.
Gerra amaitu zen urtean jaioa zara. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?
Oso gogorra. Nire aita hemengoa zen, Uhartekoa eta senideetan gazteena, horregatik 12 urterekin etxetik atera behar eta hainbat etxetan morroi hasi zen lanean. Gero, Bilbotik Mirandarako trenbidean lanean ari zela, bagoneta batek harrapatu eta hanka moztu zion. Sendatu zelarik Beasainen zegoen hemengo familia batengana joan eta haiekin bizargin ofizioa ikasi zuen. Herrira itzuli eta alkateak alminte edo aguazil izendatu zuen, baina 36an dena aldatu zen. Uztailaren 18an alkatea, bere semea eta semearen lagun bat eraman zituzten eta oraindik ez dakigu non dauden haien gorpuzkiak. Nire aita ere errepresaliatua izan zen. Oso gaizki pasa zuen. Gerra hasi orduko aguazil-lanik gabe gelditu zen eta bizargin moduan ere oso lan gutxirekin. Jendea ikaratuta zegoen, etxetik atera gabe. Gose ikaragarria pasa zuten.
Nik bi anai-arreba izan nituen. Arreba justu-justu ezagutu nuen, baina anaia ez. Biak hil ziren. Amak esaten zuen bezala, “gerrako miseriak eraman zituen”. Nire ama pena horrekin joan zen. Eta beldur handiz, gainera, bizi ziren urte haietan. Urte eta erdiz goizeko hirurak arte lorik egin gabe egoten ziren uste zutelako atea jo behar zutela, “orrazia estuago” pasa behar zutela esaten zen eta. Bestalde, aita oso eskertuta zegoen hemen egon ziren legionario guztiak berarengana joaten zirelako bizarra eta ilea moztera. Horiek joandakoan, guk hemen jarraitu genuen gosea pasatzen. Sei urterekin hasi nintzen aitari laguntzen. Miseriak pasa genituen. Hemengo eskola ere penagarri zegoen urte haietan. Maisu onak bidali egiten zituzten eta ez zegoen ezer egiterik.
San Migelera nola iritsi zinen?
11 urte nituela San Migelera joateko aukera sortu zitzaidan. Garai hartan han lanean ari zen nire lehengusina batek esan zigun Don Inozenzio Aierbe kapilauak mutil bat hartu behar zuela eliz-mutil. Gurasoek pentsatu zuten han ongi elikatuko nindutela eta ikasketen aldetik hemen baino hobeki egongo nintzela, beraz hara joan eta zazpi urtez gelditu nintzen. Eskolak hartzen nituen, liburutegi oso ona zegoen, eta denetarik ikasi nuen, baita gazta egiten ere.
Urte horiek pasatutakoan herrira itzuli behar izan nuen, gaixorik zegoen ama zaintzera eta etxetik gertu zegoen lantegi batean hasi nintzen. Han 45 urte egin dut, besterik ez! Torlojugintzako fabrika zen. Arduraduna ere euskalduna zen eta oso ongi moldatzen nintzen. Gero eta gehiago saltzen hasi ginenez, salmenta arduradun izendatu ninduten. Horretan aritu nintzen merkatu nazionalean, baita munduan barna ere.
Artzaintza eta gaztagintza, zaletasuna?
Bai. Guk etxean inoiz ez dugu ez abererik ez lurrik izan, baratzea salbu. San Migelen harreman handia izan genuen artzainekin. Ahal genuen guztietan laguntzen genien eta haiek guri berdin. 1956ko otsailean, adibidez, Uztegiko bi artzain salbatu genituen. Izugarrizko elurtea izan zen eta gau hartan hemen inoiz ezagutu dugun hotzik handiena egin zuen: 25 gradu zero azpitik. Elurrak harrapatuta gelditu ziren artzainak. 16 urte besterik ez nituen eta don Inozenzio, Joxe Zufiaurre Aralarko zaindaria, Felix Etxabarri urdiaindarra eta lauok eskiekin eta erreskate txakurrekin haien bila joan ginen. Gu atera izan ez bagina, akabatuko ziren. Hura izan zen larriena, baina askotan ibili gara jendeari laguntzen mendian.
Nola hasi zineten Artzain Eguna antolatzen orain dela 49 urte?
Penintsula osoan lehenbiziko artzain txakur lehiaketa egin zen Gironan, Ribes de Freser herrian. Hango albaitariak antolatu zuen lehen txapelketa hura, Ingalaterran ikusitako baten antzera. Oñatiko mendigoizale batzuk hura ikusi eta pentsatu zuten egokia izan zitekeela Euskal Herrian egiteko. Handik urtebetera antolatu zuten lehen nazioarteko txapelketa. Oñatiko mendizale horietako asko Aralarrera etortzen ziren eta Uharteko Udalari proposatu zioten Nafarroan ere lehiaketa egitea Oñatiko lehiaketarako eta Durangon Gerediaga elkarteak egiten zuen Euskal Herriko txapelketarako sailkatzeko balioko zuena.
1963an zen egitekoa lehen aldiz, baina bezperan sute ikaragarria izan eta hogei minutuan herriaren laurdena erre zen. Urte batzuk geroago, 1967an, Aralarmendi Elkartea hasi zen artzain txakurren lehiaketa antolatzen. Hasieran pentsatzen genuen jendea bizpahiru urtez etorriko zela eta gero ez zuela jarraituko. Baina kontrakoa gertatu zen.
Zergatik egiten da egun hori?
80ko hamarkadan pentsatu genuen hemengo gaztagileekin zerbait egin behar genuela, laster Europako mugak erori eta toki guztietako gaztak etorriko zirela uste zelako. Garai hartan Nafarroako Gobernuak gaztagileak asko estutzen zituen arauen bidez. Osasun erregistroa eskatzen zieten, eta laguntza edo baliabiderik batere ez. Hori dela eta ikaraturik bizi ziren. Kanpotarrek marketing hobea izango zuten gainera eta hemen ez zutela egiteko ezer izango uste zuten.
Horregatik, ardi esnez eginiko gaztaren balioa aldarrikatzeko lehiaketa egitea erabaki genuen. Lehen urtean Diputazioarengana joan ginen laguntza eske eta kasik mehatxatu egin gintuzten. Eskerrak hemengo alkateak gure alde egin zuen irmoki.
Pentsa zer nolako beldurra zuten gaztagileek, lehiaketa aurreko gauean telefonoz ibili behar izan genuen denak konbentzitzen etortzeko, esanez ez zitzaiela ezer gertatuko. Pentsatzen zuten hona etorri orduko isuna jarriko zietela eta ia-ia kartzelara eramango. Argi ikusi genuen lagundu egin behar geniela, hemengo gaztagintza betiko desagertzea nahi ez bagenuen.
Bigarren urtean ardi latxaren erakusketa egin genuen ideia berarekin: hemengo arrazak babestu kanpokoen aurrean. Poliki-poliki lehiaketa gehiago egin ziren: ardikiena, ardi ile moztaileena… Orain egitarauan, eta plazan, ez da gehiago sartzen!
Eta Idiazabal izendapeneko kontseiluan nola hasi zinen?
Artzain Egunarekin eta gazta txapelketarekin hasi eta hortik harrapatu ninduten Idiazabal Jatorrizko Izendapena abian jartzeko.
80ko hamarkadan erabaki zen jatorrizko izendapen bat, kontseilu erregulatzaile bat egin behar zela artzainei beren lanbidea errazteko. Egia esan, kosta egin zen abian jartzea. Izenaren inguruan ere proposamen desberdinak ziren: Urbasa, Urbia… baina merkatu ikerketa egin eta ikusi zen hemendik kanpo gehien ezagutzen zen izena Idiazabal zela. Toki estrategikoa izanik, bisitari asko pasa da eta han Urbian, Aralarren, Urbasan eta Andian egindako gaztak saldu izan dira aspalditik. Horregatik aukeratu genuen Idiazabal izena. Beraz “Idiazabalgo gazta” gaizki esana dago. Gurea “Idiazabal gazta” da. 1987an abian jarri zen kontseilua.
Jatorrizko Izendapena Europak babestua da. Horrek ez du esan nahi dirua ematen digutenik, baizik eta beste inork ezin duela gure izena erabili.
TTIP Atlantikoz bi aldeetako itunak mehatxu berriak ekartzen ahal dizkie Europako jatorrizko izendapenei. Kezkatuta zaudete?
Bai, hala da, eta babes hori oso beharrezkoa da. Gure gazta ardi latxaren esnez egiten da. Ardi hori hemengoa da eta oso garrantzitsua da bere eragin soziala. Hemen ez dago makro artalderik. Hemen denak ekoizle txikiak dira. Familia edo baserri bakoitzak badu bere artaldetxoa. Horrek esan nahi du Euskal Herri heze osora zabaltzen dela gure marka. Ardi latxa dagoen tokietan daude gure gaztandegiak. Beraz jatorrizko izendapenek ematen duten babesaren aurka egitea, gure betiko bizimoduaren aurka egitea da.