Iparraldeko behi Pirenaikaren elkartea sortu da [Etxalde 21]

Hazle mutxo batek osatzen du mementoan. Arrazaren promozioa bultzatu nahi du elkarteak.

Irailaren 22an sortu da ofizialki. Iparraldeko behi Pirenaikaren elkarteak hamar bat hazle biltzen ditu dagoeneko eta Euskal Herriko Laborantza Ganbararen (EHLG) laguntzarekin ibiltzen da. Azken urteetan, Ainizako elkarteak bisita zonbait antolatu izan ditu Gipuzkoan eta Nafarroan, behi Pirenaika hazkuntza batzu ikusteko. Laborari multxo batek interesa erakutsi zuen eta teknikalari batekin eraman ziren bilkurak, beharrak eta nahiak zoin ziren aztertzeko.

Irailaren 22ko bilkurarekin, forma ofiziala eman zaio taldeari. «Gure jakitate teknikoa partekatzen dugu hegoaldeko hazleekin loturak baditugu ere, Pirenaika arraza bultzatu nahi dugu hemen eta haragiaren komerzializatzeko bideak deki ere», dio Peio Eliceits, elkarte buruak. Alabainan, behi Pirenaika arrunt guti da Lapurdi, Baxe Nafarroa eta iberoan, Blonde d'Aquitaine izeneko behia delarik ia etxalde guzietan. Arraza huni konparatuz, Pirenaika abere tipiagoa da, tokikoa eta azkarragoa bai, bainan ere haragi gutiago dakarrena. Elkarte berriko hazle ainitzek haragia paketetan saltzen dute, zuzenean. Haragiaren kalitateari atxikiak dira eta diote Pirenaikaren haragia kalitate haundikoa dela, grasa ongi banatua duelako bereziki.

Argudio hunekin, bai eta biodibertsitatearen zaintzeko garrantzia aipatuz, Pirenaika behiaren ekoizpeneri balio gehigarria eman nahi diote elkartekoek.

«Ainitz alde on aipatzen dira dira Pirenaikaz, Blonde d'Aquitaineri konparatuz bereziki, adibidez esne gehiago aukala, ahatxeak ongi zaintzen dituela, urtero umea egiten duela, gutiago jaten duela, etab. Fama ona baino haratago joan nahi dugu, hauek guziak frogatzen direnez ikusteko behin », dio Clementine Rolland, EHLGko hazkuntza teknikalariak. Elkarteko hazle gehienek bizpahiru Pirenaika dauzkate londe d'Aquitaine behi saldo baten ondoan. Oraindik hazkuntza esperimentala dela gehienendako erran daiteke.

Iparraldeko behi Pirenaika hazleek arraza hau maite dute behi ederrak direlako, «klasea» daukatenak, adarrengatik batez ere. Pentsu gutiagoren erabiltzea daukate ere helburu. «Mendiko etxalde ttipieri egokia izan behar badu irenaikak, helburu hori segituz egin beharko da selekzioa. Maiz, haragi gehiagoren ekoizteko selekzioa eramaiten da eta batzutan bi bide horiek kontrajarriak izan daitezke. Kontuz eman beharko ditugu urratsak», dio EHLGk.

Mementoan, elkarteko kide diren hazkuntzen itzulia egin nahi dute, behi eta zezenak zerrendatzeko bai eta sortuko diren ahatxeak aurreikusteko, komerzializazio bideak idekiz. Gogoeta abiatu nahi dute ere hazkuntza moldeetaz: pentze eta mendietan ibiltzen diren behiak nahi dituzte, ensilajarik eta transgenikorik gabe elikatuak. Elementu hauek
eztabaidatuko dira ondoko hilabeteetan.

Arrazak ez du ezagupen ofizialik Frantzian eta Nafarroako Liburu Genealogikoan sartzen dituzte ahatxeen datuak Baxe Nafarroako hazleek. Conaspi federazioan sartzeko gogoa du Iparraldeko behi Pirenaikaren elkarteak. Epe luzean, frantses administrazioak ezagupen ofiziala eman diezaion arrazari nahi luke.


ETXALDE 21: IKUSI HEMEN/ VER AQUÍ

Argazkia: EHLG