«Hasi dugun bidea oso garrantzitsua da, balio handia ematen diot» Estiñe Ormaetxea [Etxalde 21]

[Eztiñe Ormaetxea Aranburu: Elikako teknikaria eta Abeltzaintza arduraduna]

- Elikagaiak transformatzeko osasun baldintza teknikoen inguruko araudia malgutzeko eskaria lehendik dator. Nola abiatu duzue prozesua?

Sektorearen aldetik aspalditik datorren eskakizuna da, aktibitate txikiei eskatzen zaizkien baldintzak zorrotzak zirelako. Eskakizun horri helduz eta elikagaien segurtasuna mantenduz araudia edo baldintzak malgutzeako lana hasi da orain.

Prozesua Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun eta Osasun saileen arteko elkarlana izan da, Foru Aldundi eta sektorearekin batera.

- Prozedura honen bidez elikagaiak transformatzen dituztenek ez dute Osasun Erregistroa izango, beste figura bat eskuratuko dute.

Erregistro autonomiko bat izango da. Elikagaien transformazioan hasi nahi duten pertsonek Osasun sailarekin jarri behar dute harremanetan, «Aurretiko jakinarazpen» bat bideratuz eta proiektua aurkeztu ostean baietza eman behar dizute.

Esan beharra dago transformatu gabeko produktuak ere sartzen direla, ekoizpen primarioak, eta kasu honetan ez dute aurkeztu beharko aipatutako jakinarazpena Osasun sailara, nahiko izango dute dagokien Nekazaritza edo Abeltzaintza Erregistro orokorra.

Araudi hau salmenta Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan egiteko dago pentsatua, zuzeneko salmenta eta zirkuitu laburreko salmentaren bitartez, hau da zuzenean kontsumitzaileari egindakoa eta denda txikietan, «comercio minorista» bezala ezagutzen den horretan, nekazaritza-turismoko establezimentuetan eta jantoki kolektiboetan.

- Orain arte esnekiena eta arrautzena izan dira landu diren baldintza eskakizunen malgutze prozesuak.

Lehen pausua 2013an eman genuen, txosten juridiko bat eskatuz, jakin ahal izateko EAEn ba ote zegoen aukerarik araudi propioa lantzeko, ze izatez Europear legediaren garapen eta aplikazio zuzena da. Osasun saileko eta Nekazaritza saileko arlo juridioek baietza eman zuten eta hortik Dekretu autonomiko orokor bat landu zen, 2016an kaleratu dena. Horren ondoren azpisektore bakoitzeko araudi konkretua lantzen joan da Instrukzio Teknikoen bitartez. Lehenengo biak esnea eta esnekien eta arrautzen ingurukoak izan dira.

Osasun sailarekin zirriborro bat landu zen lehenik eta ondoren sektoreko kideekin ere bildu ginen. Momentu honetan esnekien eta arrautzen Instrukzio Teknikoak juridikoki tramitatzen ari dira, Europatik pasa behar izan baitute. Epe labur baten aprobatuta eta kaleratuta egontea espero da.

- Europa mailan lehendik ere malguagoak izan dira EAE edo Nafarroan baino, baldintza teknikoei dagokienez. Europako eredurik aztertu duzue?

Nire iritziz arriskutsua izan daiteke beste eredu batzuk zuzenean aplikatzea. Legedia europarrak parametro batzuk finkatzen ditu baina bai onartzen du malgutasun bat. Herrialde bakoitzak garatu behar du malgutasun

hori bere ezaugarri eta bere errealitatearen arabera. Adibidez Austrian egon ginen eta hango eta beste Herrialdeko eredu eta adibideetatik ondo datorkiguna hartu behar dugu. Dudarik gabe adibide oso interesagarriak daude. Baina esan behar da inon ez dagoela legalki Dekretu bat kaleratuta malgutasunaren inguruan, hemen bezala. Dekretuaren helburua oinarri sendo bat finkatzea izan da, malgutasun aplikazio-eremua eta baldintzak zehaztuz, gero sektore bakoitza Instrukzio Teknikoen bitartez jorratzeko, Dekretuaren menpean.

- Barazkien kontserbak eta ogia egiteko araudia ere lantzen ari zarete. Nola doa prozesua?

Osasun sailak kontserben inguruko zirriborroa landu du eta esnekien eta arrautzen kasuan egin den bezala, orain are gehiago landu behar da Foru Aldundi eta agente sektorialekin, gero Osasun sailarekin adostu ahal izateko. Ogiarena oraindik ez dugu hasi, baina 2016a amaitu aurretik lantzea espero dugu.

Puntu honetan garrantzitsua da sindikatu eta sektoreko eragileekin harremana izatea, era honetako instalazioak martxan jarri nahi dituzten pertsonen ikuspuntua jaso ahal izateko. Adibidez instalazioen inguruan zer malgutu daitekeen jakin ahal izateko eta horrela egin beharreko inbertsioak horren handiak ez izateko.

- Osasun sailera joaten diren baserritarren aldetik sarri aipatzen da ezberdintasun handia dagoela teknikari bat edo bestea suertatu. Proiektu berberak erantzun ezberdina jaso dezakeela bulego batean edo bestean.

Osasun aldetik esan behar da puntan gabiltzala eta hori ona da. Horrek beste aldea izan dezake, baldintza teknikoen aldetik agian plus bat eskatu izan dela. Nik uste dut prestutasun bat dagoela eta beraiekin gaia lantzerakoan prozedurak errazteko borondatea dago ikusten da. Gaia teknikoki sakonean aztertzen hasten zarenean konturatzen zara ez dela hain erraza, are gehiago forma legal bat ematea. Elikagaien 24 · etxalde Segurtasunari buruz hitz egiten ari gara.

Beste alde batetik kontuan hartu behar dugu prozesuaren hasieran gaudela, bulegoan gaudela oraindik. Baserritarren eta zonaldeko teknikarien arteko harremana etorriko da orain eta horrek denbora eskatzen du.

- Eginiko lan honen ostean, ze erantzun jaso duzue edo ze perzepzio duzue sektorearen aldetik?

Proiektuak orokorrean harrera oso ona izan du. Orain arteko lana bulegokoa izan da, oso teknikoa. Aurrerantzean proiektu praktikoak martxan jartzea falta da, lanean hastea egunerokotasunean, praktikan.

Hasi dugun bidea oso garrantzitsua da, balioa ematen diot hasi dugun lan erlazioari, Osasun saila eta sektorearekin hasitako lanari. Bide bat hasi dugu.

- Esnekiak, arrautzak, barazki eta fruita kontserbak eta ogiaren inguruko araudia landu eta gero, besteren batean pausurik ematea pentsatzen duzue?

Prozesua ez dago itxita, etorkizunean antzeko prozesuak jarriko dira martxan bestelako produktu batzuekin, jasotzen dugun eskariaren araberakoa izango da hori.


Etxalde 21: IKUSI HEMEN