Maina Chassevent artzain gaztea: “Entsegu fasea pasatzen baldin baduzu, irabazia da”
Maina Chasseventek lehen negua pasatzen du artzain xoil [jabegoan lur propiorik ez duen artzain] bezala. Hilabeteotan Zaro (Nafarroa Beherea) herriko lurretan da bere ardiekin eta uda Urkulu mendi inguruetan emanen du.
[Textu eta argazkia: ARGIA / Laborari / Lehen Sektorea] IKUSIBerriki artzin soil instalatu zira…
Bai joan den azaroaren 15an. Aitatamen lagunak laborariak dira eta ttipitan beti egoiten nintzen baten edo bestearen etxaldean, ttipitik laborantxa banuen buruan. Erakasle izaiteko ikasketak egin ditut. Bizitu naiz artzain soil batekin eta hor deskubritu dut pixka bat zer zen lanbide hori. Ondotik laborantzako ikasketak hasi ditut, Masterra ondoan segituz. SIL Ovin [esnetarako ardien zaintza ikasketak] egin dut eta gero BPREA [laborari profesional izateko ikasketak] aprendizgoan etxalde ttipi batzuetan. Ordezkatze xerbitxuan lan egin dut eta parrainagean [laborari 'aitaponteko' baten babesean egindako praktikak] egon naiz ere. Garaian ez nuen pentsatzen sekula bakarrik instalatuko nintzela. Esperientzarekin ikusi dut ere beste norbaitekin lan egitea aski zaila zela, ohartu naiz hobe nuela nihauk plantatzea. Artzain soilgoa zen egokiena neretzat. Ez nuen familiako lurrik, ez nuen senditzen etxalde baten erostea, materiala… Ene inbestizamenduetan baditut bazkak, ardiak, gasnatzeko materiala, ez naiz zorretan ezarri. Bestalde bakarrik izanki, ardiekin eta gasnarekin dudan lanarekin, ez naiz kapable senditzen bai lurrak, bai dena kudeatzeko.
Azken urte hauetan mendirat igaiten zara…
Bai, lau sasoi langile gisa egin ditut. Artzaingoan gehienik maite dudana da harremana ardiekin eta borturat joaitea. Ez nintzen ikusten urte guzia pean. Hemen artzain mundua arrunt sanoa da, ez zara gezurka aritzen ahal, ez duzu espres egiten ahal, jendeak ikusten du berehala lanean ari zaren edo ez. Frogatu behar duzu zure lekuan zarela et zure lekuan egon behar zara. Entsegu fasea pasatzen baldin baduzu, irabazia da. Mendirat joaitea onura bat da, bai kabalendako bai guretzat. Mendiak behar dira entretenitu, artzainaren lana da bortua polit eta garbi atxikitzea. Gasnarentzat ere ona da, ezaguna da bortuko gasnak baduela gustu desberdina, bortuan ardiek belarra dute bakarrik eta lili ainitz gehiago. Jendeek usu erraiten dute artzain soil ez dela ofizio bat eta behar direla lurrak erosi herriaren biziarazteko. Nire ustez artzain soilen lana ez da bakarrik Euskal Herriko lurren biziaraztea bainan bortuak ere.
Orain zure tropa [artaldea] baduzu?
Parrainage-a bukatzean hasi naiz troperi so egiten. Bazkak, etxola eta ardiak atzeman behar nituen ber mementoan. Lehenik etxola atzeman dut Oilaskon (Urkulu pekaldean). Beste artzain batek proposatu dit erdizka hartzea, bestenaz ez zen lekurik enetako. Zaila da atzemaitea etxola bat non bakarrik zaren, familiako etxolak baitira eta ardiak ez balfin badituzte igortzen ere beti zaila zaie uztea. Ardien atzemaiteko batailatu dut. Instalatu nintzrn hilabetean ez zen Basco-béarnaise troparik salgai eta arraza hori nahi nuen biziki goxoak direlako. Urrian ukan ditut, 140 ardi baditut bi tropatik jinak. 50 azaroan erdi dira eta besteak erditzekoak dira otsailan. Abenduan hasi naiz deizten eta esne guztia gasnatzen dut, momentukotz hamabi gasna egiten ditut bi egunetarik. Helburua da tona bat eta erdi egitea urtean.
Neguko bazken atzemaitea zaila izan da, hiruzpalau hilabetez ez nekien non izanen nintzen. Ene artzain sarean hasi dira aipatzen eta haiei esker atzeman dut. Ainitz baigira xekatzen ari eta Garazi inguruan galdea haundia da. Artzain soilendako diren lurrendako antxerak [enkanteak] dira pixka bat, ainitz baigira lur gutirentzat. Tresna bat falta da prezioen finkatzeko. Ni Zaron naiz, 16 hektarearekin, denak artegiaren inguruan. Ardiei emaiten diet hemen eginak izan diren belar eta soroak. Arto ta garagarra erosten dut. Maiatzaren 15an behar dut joan. Untsa pasatzen da jabeekin, ez banaute kanpoan emaiten, ondoko neguak ere hemen pasatuko ditut.
Zuretzat artzain ofizioa derrigorrez gasnatzearekin doa?
Bai, nik ezingo nuke bukaeraino ez joan. Axuriak sortarazten ditut, hazten ditut, axuria egiten didate, deizten ditut, entseatzen naiz ahal dudan guztia egitea esne ona eman dezaten, eta animaleko dolua nuke ene esnea saltzea beste norbaitek egiteko gasna, edo nahasia izaitea ezagutzen ez ditudan beste esne batzuekin. Inportantea da bururaino eramaitea eta saltzea. Gasnak egiten ditut eta hasi naiz iaurtak egiten, gasna xuria eta zenbera. Garaziko merkatuan saltzen ditut. Bortuan bakarrik gasnarekin segituko dut, direktoki saltzeko. Kontsumitzaileek gero ta gehiago idekidura hori badute: joaitea ekoizle ttipieri buruz. Ene ustez hemen laborantxa ttipia ta produktu onak ez dira lanjerrean.
Zure ibilbidean zer izan da zailena?
Enetako zailena izan da ardien erostea. Jakitean ardiak xekatzen nituela, ainitz hasi dira ardi zaharrenak, erro bakarrak igortzen. Gizon batek erran zidan denak ernari zirela, urtarrilean erdi behar zutela. Gero ohartu naiz ez zela batere hala. Nik konfiantxa egiten dut eta ikasi dut ez dela denei egin behar, ardi ixtorioetan bereziki. Gazte batendako, HCF [Hors Cadre Familial, laborari familiakoa ez den ] batentzat bereziki, artzain soil ofizioa untsa da ardiekin plantatzeko, bainan bortuan izaitea maitatu behar da, bestenaz biziki luze da. Artzain soil batentzat, segurtasunik gabekoa da urtero bazkak atzemaitea baina badugu askatasun handia. Zerbait gertatzen bada, kolpatzen naiz adibidez, ez dut 100 000 euro inbeztizamendurik bizkarraren gainean. Ohartzen bagara ere lurrak ez direla onak, joaiten ahal gara beste norabait, lurrak erosiz ez da hala.