I. Kronika: «Lurra eta Elikadura Burujabetzaren aldeko Martxa»
Gaur, hilak 14, “TXIKIZIOA BORROKATU, BERTAKO ELIKADURA BULTZATU! goiburu duen Bergara- Derio martxari hasiera eman zaio Bergarako Angiozar auzunetik.
Dakizuenez, La Via Campesina nazioarteko Konferentzia Derion (Bizkaian) burutuko du aste honetatik aurrera. Elikadura burujabetza da La Via Campesinaren aldarrikapenen ardatza, baina horretarako lurra behar da. Lurra baliogabetzen den heinean Elikadura Subirautza ia ezinezko bilakatzen dela begibistakoa da. Alde horretatik, martxa honekin salatu nahi da E.H. dela Europan artifizializatutako lur gehien duenetako lurralde bat. Hirigintza, industriagintza eta mota guztietako azpiegitura erraldoiek eragiten dute lur artifizializazioa eta horren ondorioz elikadura ekoizpen oso txikia. Hori dela eta, E.H.n jaten den elikaduraren %3 baino ez da bertan ekoizten.
Arestian esan bezala, Angiozarretik abiatu da martxa. Angiozar dago Euskal Y aren korapiloaren erdigunean. Abiapuntu hau hautatua izan da AHT delako lur eremu handiena txikitzen duen azpiegitura. Eta martxaren ibilbidea AHTrena izango da.
Kanpazarrerako bidean irregulartasunez betetako harrobia ikusteko parada izan da. Baita Beasain-Durango autobiaren lanak ere, AHTren lanez gain. Martxa bi akuifero hondatu dituen Udalaitz azpiko AHTren tunel batean sartu da.
Bazkaria Elorrioko gaztetxean egin da. Bazkalostean, bileratxo bat burutu da ekimenaren eta partaideen aurkezpena egiteko.
Arratsaldeko tartean, mendi martxa Atxondora heldu da. Atxondoko herritarren borroka eredugarriari esker AHTren lanak urte luzeetan oztopatuak izan dira eta oraindik ez dira hasi.
Jarraian, mendiz ibili ondoren, AHTren ibilbidetik tarte bat egin da, gaurko etapa Izurtzan bukatzeko. Azpimarratzekoa da ibilbidean zehar azpiegiturek kalteturiko hainbat baserri hondatuta eta utzita ikusi dutela martxako partaideek.
Bertako pilotalekuan EKOPOLen txostenaren aurkezpena, David Hoyosen eskutik izan da.
Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle batzuek burutu dute delako txosten hau, non argi ta garbi demostratzen den AHTren bidegarritasun ekonomiko zein sozialaren gabezia.
Afaldu ondoren, Eneritz Furyak kontzertu akustikoa eskaini du.
[AHT GELDITU PRENTSA]MARTXAKO BIDEOAK