Etxaldeko Emakumeak hainbat soslaietako emakumeen talde irekia da, emakume baserritarrak, landa eremuko emakumeak eta elikadura burujabetzaren proposamenarekin bat egiten duten emakumeak. Agroekofeminista gisa definitzen dugu gure burua eta gure helburuak lortzeko bi norabidetan eragitea da gure xedea: Feminismoan elikadura burujabetza txertatzea eta nekazarien mugimenduan feminismoa txertatzea. Urteak daramatzagu matraka ematen, poliki poliki ibiltzen, aliantzak sortzen ahalegintzen eta urrats txiki baina sendoak ematen.
Honela, azken urtean sortu ditugun dokumentuak zuen eskura jarri nahi ditugu. Hauen iturria gure barne eztabaidaz gain; nekazal talde, talde feminista eta instituzioetako berdintasun eragileekin izan dugun hartuemana ere bada. Partekatzeko testuak dira, espero dugu zuen intereskoak izango direla.
Kontuan hartu gaitzaten. Durangaldeko hainbat berdintasun eragilekin batera egindako prozesuaren laburpena da, prozesua beste hainbat eskualdetan errepikatuko dugu hurrengo hilabetetan. Emakume baserritarren bizi-kalitatea eta parte hartzea hobetzeko politika publiko lokalen diseinurako prozesua dugu.
Legeen azterketa ikuspegi baserritar eta feministatik. Emakume Nekazarien Estatutoa, Titulartasun Partekaturako Legea eta NBekazarien Eskubideen aldeko Adierazpenaren alde legal eta politikoa aztertzen dituen dokumentoa da. Emakume baserritarren aholkularitzan lan egiten dutenentzat tresna baliogarria izan nahi du. Bi testu ditugu honen inguruan, bat laburra, informazio basikoa jasoz; eta luzeago bat.