Elikadura burujabetzaren aldeko Europa Nyéléni Foroa

[NYÉLÉNI - 4. eguna]

LAN ILDOETAN sakontzea izan zen larunbat honetako jarduera nagusia, baina aurretik, goizeko osoko bilkuran, egiteke dagoen iraultza (besteak beste zaintzari eta produkzio eta erreprodukzio kontuetan ditugun rolei dagokiena) bereziki aldarrikatzeko momentua iritsi zen. Nork bere hizkuntzan, emakumeen eskubideen inguruko hainbat deiadar atera ziren gure ahotetatik. Euskaldunok GORA EMAKUMEON BORROKAK! oihukatu genuen. Eta denon artean, errumanieraz eta oso indartsu, "Dacá ne lovesc pe una ne lovesc pe toate". Ezta bat gutxiago ere, bizirik izan nahi dugu! Ondoren lan-ardatzen araberako taldeak bildu ziren berriz eta kanpoko merkatua (elikagaiak eta artisau lanak biltzen dituena) bisitatzeko denbora ere izan genuen.

Arratsaldean arloka bildu ginen foroko partaideok: ekoizleak, kontsumitzaileak eta hiri-mugimenduetako kideak, Gobernuz Kanpoko Erakundeen munduan dabiltzanak eta landa-guneetan ari diren langileak. Horiez gain, beste talde batzuk ere sortu ziren: merkataritzako jendea, ikertzaileak, hasten diren nekazariak… Topaketa horiek ere funtsezkoak izan dira igande honetan plazaratuko diren ondorioak lantzeko.

Afaldu baino lehen euskaldunok Iberiar Ordezkaritzako gainontzeko kideekin bildu ginen. Bertan, foroaren behin-behineko balorazioa egiteaz gain, hemendik aurrera gure artean informazio mailako koordinazioa izateko aukerez aritu ginen. Egunak aurrera doaz, baita gure nekea ere, baina haren aurkako sendabiderik hoberena hemen somatzen dugun gogoa eta elkar ezagutzeak ematen dituen aukerak dira.


[NYÉLÉNI - 3. eguna]

NYÉLÉNI Europa Foroaren hirugarren eguna (ostirala) desberdina izan zen. Alde batetik, Expo Transilvania aretoan hainbat jarduera egin ziren. Agroekologiaren eta elikadura burujabetzaren eremuan ikerkuntza garatzeko eta oro har ezagutzak trukatzeko tailerra, Erresuma Batuko CAWR elkarteak antolatua, emankorra izan zen, etorkizunera begirako ildo nagusiak mahai gainean jarri zirelako. Ia aldi berean mahai-inguru bat antolatu zen “Elikaduraren aldetik burujabea izango den Europarantz?” izenburupean. Bertan, erakunde publikoen eta herri eragileen arteko solasaldi politiko hagitz interesgarria sortu zen, traba guztien artean elkarlanerako aukera berriak ikusten baitira. Europa mailako eztabaidez gain, ez legoke gaizki atzokoa bezalakoak baina tokian tokikoak izan daitezkeen topaketak antolatzea.

Bestetik, aurreikusitako hiru bisitaldietako batean parte hartzeko aukera izan genuen partaideok. Egun osokoa Rosia Montana aldeko nekazari-komunitateak urre-meategi itzel bat egiteko proiektuaren aurka daraman borroka ezagutzeko izan zen. Arratsaldeko bisita eskola Alunisu herriko eskola agroekologikoa ezagutzeko aukera aparta izan zen: nekazari eta abeltzainen ezagutzak eta balioak hurrengo belaunaldiei transmititzeko tresna paregabea, komunitatean sustraituta dagoena. Hirugarren bisitaldiari esker Clujetik 50 kilometrora oinarri ekologikoetatik lan egiten duten esne ekoizleen proiektu bat ezagutu genuen. 300 ahuntz eta beste zenbait animalia dituen haztegi honetatik ateratzen diren produktuak gehienbat bertako eta inguruko azoketara doaz.

Afalostean, ohi bezala kultur ekitaldiez gain beste jarduera batzuk egin ziren. Esate baterako, solasaldi jendetsu bat burutu zen nekazarien eta abeltzainen eskubideen aldeko nazioarteko deklarazio posible baten inguruan. Proposamena Giza Eskubideetarako Kontseiluan lantzen ari da eta laster Polonian nazioarteko konferentzia bat egiteko asmoa dago laborarien nekazaritzarako sekulako garrantzia duen gaiaren inguruan.


[NYÉLÉNI - 2. eguna]

ERRUMANIAKO Cluj hirian jarraitzen dugu. Osteguna Nyéléni Europa foroaren bigarren eguna izan da. Goizean osoko bileraren ondoren lau lan talde osatu dira politiken inguruko ardatz tematiko hauei jarraituz: tokiko mailako politikak, nazio mailakoak, Europar Batasunari dagozkionak eta mundu mailakoak. Beren kezkak sei multzotan osatu dira:

1-Ura, lurra, arrantza eta natur baliabideak herritarren eskuetan.

2-Behargin, migratzaile eta landa-guneetako zein elikaduraren arloko langileen eskubideak.

3-Nekazarien agroekologia, haziak, biodibertsitatea...

4-Merkataritza sistema alternatiboak transnazionalen botere globalaren aurrean.

5-Tokiko eta eskualdeko merkatuak eta elikagaiak banatzeko sistemak.

6-Elikadura- eta nekazaritza-politika komuna: BNP, erosketa publikoa, energia-politikak... Hauen guztien inguruko politika holistikoa.

Arratsaldean lan talde bat bildu ba multzo bakoitzeko. Asteburuan berriz bilduko diren talde hauen lana dagokien esparruan datozen hilabete eta urteotarako lan ildoak, estrategiak, eta ekintza planak finkatzea izango da. Ez da erronka makala, elikadura burujabetzaren aldeko mugimenduaren transbertsalitatea gero eta agerikoagoa baita, baina foroan gauden ehunka lagunok (500 inguru gara) honetan ari gara, dauden aliantzak biziberritzeko eta ez daudenak sortzeko asmoz.

 


Elikaherria / Etxaldetik oharra: Eskerrak eman nahi dizkiegu hemendik Iberiako ordezkaritzei eta, zehazki, Euskal Herriko ordezkaritzari, nekazarien borroketarako eta herrien Elikadura Subiranotasunerako hain garrantzitsua den foroari buruzko informazioa ematen ari delako. Eskerrik asko Nyéléni EHko delegazioari!