Glifosatoa: aurrera edo atzera (Argia)
[Argia-n argitaratutako artikulua]
Osasunaren Mundu Erakundeak glifosatoa «ziurrenik» kantzerigenoa zela esan zuen 2015ean, baina Europan baimenduta dago. Iaz, EBk urtebete luzatu zuen herbizida hori erabiltzeko bost urteko baimena, eta, orain, erabaki beharko du baimena hamar urte luzatu ala ez.
Nekazaritzan belar txarrak, izurriteak eta gaixotasunak dira uztak suntsitzen dituzten faktore nagusiak. Horregatik, nekazariak pestizidak erabiltzen hasi ziren, haien aurka egiteko. Urteen poderioz, pestizidak oso ohikoak bilakatu dira, tartean glifosatoa.
Zehazki, nekazariek belar txarrak desagerrarazteko erabiltzen dute glifosatoa. Herbizida organofosforatu bat da, eta lainoztatu egiten da. Haren erabilpena asko zabaldu da azken urteetan. 2011tik 2021era bitartean herbiziden, zurtoin-hiltzaileen eta goroldio-hiltzaileen salmenta %32 handitu zen, eta haietatik %38 herbizida organofosforatuak ziren.
Glifosatoak eztabaida ugari piztu ditu. Aurkakoen aburuz, kantzerigenoa izan daiteke; aldekoen ustez, aldiz, ez da larritu behar hura erabiltzeagatik. Munduko herrialde batzuetan, debekatua dago erabiltzea, baina EB Europako Batasunean ez. Debatea, ordea, zabal-zabalik dago. Glifosatoa erabiltzeko bost urteko luzapena igaro den honetan, datorren ostiralean erabakiko dute EBn beste hamar urtez baimendu ala ez. Adostasunik ez badago, errekurtso batzorde batek hartuko du erabakia. Horrek prozesua atzeratzea ekarriko luke.
Austriako Gobernuak iragarri du glifosatoa erabiltzeko baimena berritzearen aurka bozkatuko duela, eta beste herrialde batzuei eskatu die gauza bera egiteko. Alemaniak ez du alde bozkatuko, baina, seguruena, abstenitu egingo da. Frantziari dagokionez, Pascal Canfin Europako Parlamentuko Ingurumen Batzordeko presidente eta Renaissanceko, hau da, Emmanuel Macron presidentearen alderdiko kideak ziurtatu du ezin dutela glifosatoaren baimena berritzearen alde egin.
Hamar urteko luzapena
Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak 2015ean ateratako txosten batean ziurtatu zuen datu nahikoa zeudela glifosatoaren eta animalien minbiziaren artean lotura egiteko. Beste ikerketa batzuek diote erleei eta intsektuei eragiten diela. Beste txosten batzuen aburuz, gizakietan hormona sistemaren eraldatzea, Parkinsonen gaitza sortzea eta immunitate sistema ezabatzea ekar dezake.
EFSA Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak, aldiz, ez du kezkarako arrazoi «larririk» aurkitu, uztailean argitaratutako txosten batean. Hori oinarri hartuta, Europako Batzor-deak proposatu du baimena beste hamar urte luzatzea, Stefan de Keersmaecker bozeramailean hitzetan, «zientzian oinarrituta» dagoelako.
Hala ere, batzordeko goi mailako funtzionario batek, izenik eman gabe, Euroactiv egunkari digitalari aitortu dio hutsune batzuk daudela datuetan, eta eztabaida batzuk «bukatu gabe» daudela; horien artean, substantziaren ekotoxikologiari eta ugaztunetan izan ditzakeen ondorioei buruzkoak.
Adierazpen horiek baliatu dituzte kritikoek, eskatzeko ez dadila berritu glifosatoa erabiltzeko baimena. Europako milaka herritarren bizitza beste hamar urtez «arriskuan» jarriko dutela nabarmendu du Jutta Paulusek Alemaniako eurodiputatu ekologistak.
Eztabaida kontraesan handiak sortzen ari da Europan. Izan ere, Baserritik Mahaira estrategiaren arabera helburua da 2030erako fitosanitarioen eta ongarrien erabilera egungoaren erdira jaistea. Estrategia horren beste helburu bat da nekazaritza ekologikoaren kuota %8tik %25era handitzea, eta horrek ere gutxitu beharko luke glifosatoaren eta beste osagai kimikoen erabilera.
AEBetan ere egin dituzte ikerketak. CDC Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak egindako azterketa batean, haur eta helduetan hartu zituzten lagin guztien %80k glifosatoaren arrastoak zituzten. CDCren iritziz, «kezkagarriak» dira datu horiek. AEBetan, glifosatoa duten produktuen artean gehien erabiltzen dena Bayer enpresaren Round Up da. Enpresak milaka erreklamazio jaso ditu urteetan, minbizia sortzen zuela salatzeko. Orain arte, Bayerrek 10.400 milioi euro ordaindu ditu kalte ordainetan.
Euskal Herrian
Euskal Herrian ere baliatzen da glifosatoa, baina badira zalantzak tartean. ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuneko bozeramaile Panpi Sainte Mariek azaldu du nekazari handiek «erraztasunagatik» erabiltzen dutela glifosatoa, eta beste askok «noizbehinka» baliatzen dutela. Hark, ordea, ez, laborantza ekologikoan ari baita. Eskuekin eta makineria arinarekin kentzen dituzte belar txarrak; eguzkitan uzten dituzte, eta sustraiak erre egiten dira.
Sainte Mariek glifosatoa baliatzearekin lotu du azken hogei urteetan Europan zeuden txorien erdiak hil izana. Txoriek egiten zuten lana —zizareak jan, besteak beste—ez du inork egiten, eta glifosatoa gehiago erabiltzera bultzatzen ditu laborariak. «Zirkulu eroa» bihurtu dela salatu du ELBko bozeramaileak, eta egoera «dramatikoa» dela gehitu.
EHNEk, berriz, ez dauka argi zer erabil daitekeen belar txarrak kentzeko glifosatoaren ordez. Irailera arte debekatuta dago makineria erabiltzea suteengatik, eta azaldu du horrek zaildu egiten duela glifosato gutxiago erabiltzea. Alternatibak bilatzeari «egoki» irizten diote EHNEkoek, eta zehaztasuneko nekazaritza lantzen ari dira. Jada badaude glifosatoa belar txarrak dauden lekuan bakarrik botatzen duten makinak. Laserraren bitartez belar txarrak mozteko proiektu bat ere abian da, baina, hala ere, sindikatu horrek «egokitzat» jo du glifosatoa erabiltzeko baimena luzatzea.