Ondarroako arrantza ekoizleek online denda bat sortu dute euren ontziek harrapatutako arraina saltzeko

La Ondarresa, venta online de pescado

Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteak (OPPAO) Bizkaiko herri horretako arrantzaleek harrapatutako arraina zuzenean saltzen duen web denda bat sortu du. Hau da Espainiako Estatu osoan arrain freskoa saltzen duen Kantauriko lehen online denda.

"La Ondarresa" arraina zuzenean ontzietatik mahaira eramateko konpromisoa hartzen du. 48 ordu baino gutxiagoan, Bizkaiko Golkoan, Frantziako kostaldean, Irlandan eta Eskozian harrapatutako arraina erabiltzailearen sukaldera iritsiko da.

Behin itsasontziak portura iritsita, arraina eroslearen argibideei jarraituz prestatzen dute. Ondoren, kutxa isotermetan ontziratzen da, produktuaren freskotasuna eta kalitatea ziurtatzeko, eta, azkenik, hartzaileari bidaltzen zaio hozteko kamioietan.

Hasiera batean, legatza, zapoa eta oilarra bakarrik salduko dira (Ondarroako alturako ontziek urtean egiten dituzten 10.000 tonen % 80). Denborarekin txipiroia, bisigua, txitxarroa eta berdela ere gehituko dira.

OPPAOk, 13 arraste-ontzi eta bost tren-ontzi ordezkatzen dituzten dozena bat enpresa elkartu dituenak, Eusko Jaurlaritzaren eta Arrantzarako Europako Funtsaren laguntza izan du proiektu honetarako.