‘Elikaenea’ jaio da, Oxirondo (Bergara) azoka biziberrituko duen egitasmo berria

[Ayuntamiento de Bergara]

elikaenea

Ia bi urteko barne lanaren ostean, Oxirondo azoka berritua gorpuztuko duen ‘Elikaenea’ egitasmoa aurkeztu dute astelehen honetan Bergarako Udalak eta herriko Elikadura Mahaia osatzen duten hainbat eragilek.

Oxirondo biziberritzeko asmoa espazioaren berritze lanetatik harago doa, eta udaberritik aurrera bergarar guztiei ‘plaza’ ireki bat eskainiko die ‘Elikaenea’k. Herritarren, ekoizleen eta postuetako dendarien beharrei erantzungo dien herri-proiektua jarriko da martxan.

Proiektu honen beharra herrian landutako diagnosiarekin hasi zela nabarmendu du Ainhoa Lete alkateordeak, izan ere, azken urteetan eta bereziki astean zehar, Oxirondo azoka gainbeheran zegoela ondorioztatu zuen Udalak. Hortik abiatuta, bi urte hauetan egitasmo berritzaile bat lantzen aritu dira herriko Elikadura Mahaian. Azokako ohiko kontsumitzaileen ohiturak (postuak, zapatuetako azoka...) zein elikadura arloko etorkizuneko erronkei leku egingo dien proposamenak landu dira.

Sukalde komunitario

Espazio berri honek Oxirondoko beheko solairuaren eremu handi bat hartuko du, ohiko postu finkoen ondoan. Bertan, besteak beste, sukalde komunitario bat eta denda bat izango dira, bertako ekoizleen produktuak erosi ahal izateko. Elikadura eta sukaldearen inguruan, herri mailako elkargune berri bat martxan jarriko da udaberritik aurrera (espazioa guztiz prest dagoenean).

“Herrian espazio erreferente bat izatea nahi dugu” diote sustatzaileek, bertako postu, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak indartuaz eta gaur eguneko eskaintza osatuaz.

Horretarako, inguruko herrietan dauden ereduak aztertu dituzte, esaterako, Azpeitiko ‘Elikagunea’. Eta hainbat adituren laguntzarekin ari dira egitasmoa lantzen, Justicia Alimentaria GKE, Asunek Behatokia eta Lakari kooperatiba, kasu.

Elikadura burujabetza

“Helburu zehatzak dituen proiektu oso bat daukagu eskuartean, eta horretarako Elikaenea jaio da”. Elikadura burujabetza eta bertako produktuak oinarri hartuta Azoka garaikidearen kontzeptuari heldu nahi zaio: baserritarren produktuak lehen lerroan eskuragarri jarriz, ordutegi malguaz, kalitatezko eta konfiantzazko jakiak eskura ipiniz, sentsibilizazio jarduerak antolatuz, jantokien horniketa aukerak landuz...

Egitasmoa gorpuztu asmoz, elkarlanerako hitzarmena fintzen dabiltza Udala eta Ereindajan. Ereidajanek kontsumitzaile eta ekoizleak ditu oinarri, eta sorreratik irabazi asmorik gabe kontsumo ohitura berriei erantzuteko helburuari heldu dio. Elikadura burujabetzarekin lotutako proiektuak garatu eta azokako dinamizazioa indartzeko helburuan bat egin dute Elikaenea egitasmoan Bergarako Udalak eta Ereindajan Bergara kooperatibak.