Bizkaiko Foru Aldundiak nekazaritzako ustiategietan inbertsioak egiteko 4,48 milioi euroko laguntza-lerro bat onartu du. Laguntzen helburua da "ustiategia modernizatzea eta mekanizatzea, produkzioaren zeharkako kostuak murrizteko eta lanaren produktibitatea, ingurumen-iraunkortasuna, laneko segurtasuna eta animalien higiene-baldintzak hobetzeko, ekoizpenen kalitatea handitzeaz eta elikagaien segurtasuna indartzeaz gain". Dirulaguntzen helburua da, halaber, "ekoizpena merkatuaren eskaeretara bideratzea eta nekazaritza-jarduerak dibertsifikatzea".
Diruz lagundu daitezkeen jarduerak honako hauek izango dira, besteak beste: "bioekonomia zirkular iraunkorrari eta ura, airea edo lurzorua bezalako baliabide naturalen kudeaketa eraginkorrari laguntzen diotenak; ingurune naturala, higiene-baldintzak edo animalien ongizate-maila hobetzen laguntzen dutenak, biodibertsitatearen galera geldiarazten eta alderantzikatzen laguntzen dutenak; programa informatikoak eskuratzeko, garatzeko edo erabiltzeko tarifak ezartzen dituztenak; uraren kontsumoa murrizten duten ureztatze-instalazioei lotutako inbertsioak; uztaren eta simaurraren biltegiratzea hobetzen dutenak; ustiapenaren kontsumorako energia-ekoizpena hobetzen dutenak; eta atmosferara egiten diren isurketak murrizteko inbertsioak egiten dituztenak".
Laguntza horiek norgehiagoka-erregimenean banatuko dira, eta nagusiki nekazarien artean (ATP) banatuko dira, 3.657.532 euro ematen baitzaizkie, eta izaera hori egiaztatu ez baina nekazaritza-ustiategietatik datozen diru-sarrerak aitortzen dituztenei (825.000 euro guztira). Nolanahi ere, eskatzaile bakoitzak gehienez 75.000 euro jaso ahal izango ditu nagusiki nekazarien kasuan (ATP), eta 50.000 euro ATP izaera hori egiaztatu ez dutenen kasuan.
Eskaerak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 31n itxiko da.
Laguntzen % 32, emakumeei
Azken bost urteetan, laguntza gehienak esnetarako behiei ( % 28,57), hegazti errule espezializatuen hazkuntzari ( % 17,09), hazkuntzarako eta haragitarako behiei ( % 16,94) eta berotegiko barazkien laborantzari ( % 13,93) ematen zitzaizkien.
Guztira, aldi horretan 787 dirulaguntza espediente izapidetu dira; horietatik 254 (%32,27) titularra emakumea duten ustiategietakoak ziren, eta guztira 5,8 milioi euro jaso dituzte.
Gainera, izapidetutako espediente gehienak (471) titular gisa pertsona fisiko bat duten ustiategietakoak dira, eta beste 316, berriz, elkarte-ustiategietakoak. Nolanahi ere, azken horiek jaso dute zenbateko ekonomiko handiena (10.080.729 euro).