Behi esnearen kontsumoaren aldeko kanpaina abiatu du Leartiker Esneki Zentroak

Euskal gizartearen kontsumo ohituretan aldaketak eragitea da xedea, jasangarritasunaren sustatzaile aktibo bilakatu daitezen kontsumitzaileak.

Behi esnearen kontsumoa sustatzeko kanpaina jarri du martxan Leartiker Esneki Zentroak, Eusko Jaurlaritzaren Berriker dirulaguntza programaren babesarekin eta Neiker Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin elkarlanean. ‘Zaindu zure ingurua, edan betikoa. Behi esnea, baina ez edonolakoa’ lelopean, behi esnearen onura desberdinen berri emanez, kontsumo ohituretan aldaketa egitera animatu eta jasangarritasunaren aldeko agente bilakatzera animatu nahi dituzte kontsumitzaileak.

Euskadiko esnegileen sektorea mikroenpresa eta enpresa txikiek osatzen dute, familia enpresa asko eta asko, gizartearen eskakizun eta kalitate zein segurtasun estandarretara moldatzeko etengabeko lanean ari direnak. Animalien ongizatea, larreen zainketa eta landa eremuko lanpostuen mantentzea bermatzeko beharrezko agenteak, balore handiko lana burutzen dutenak. Horregatik ekoizleen lana jarriko da kanpainaren erdigunean, sare sozialetan zabaldutako hainbat edukiren bidez.

Helduei bideratutako kanpaina

Kanpainaren lehentasunezko helburua esnegileek eta esnegintzaren sektoreak berak euskal gizarteari eta berau osatzen dutenen osasunari zein ingurumenari egiten dioten gizarte-ekarpenak ezagutaraztea eta ikusaraztea da, bere askotariko onurak aletuz.

Kanpainak behi esnea kontsumitzeko arrazoiak jartzen ditu kontsumitzailearen eskura: alde batetik, nutrizionalki eskaintzen dizkien onurak azaldu eta nabarmentzea; bestetik, esnea produzitzeak inguruari eragiten dizkion onurak ere gogora ekartzea, jasangarritasuna erdigunera ekarriz; eta hirugarrenik, familia ustiategietan oinarritutako sektore txikiaren gainbehera prebenitzeko urgentzia ere azpimarratzea, elikadura subiranotasunerako beharrezkoak diren heinean.

Euskal gizarteak bertako behi esnearen aldeko apustua egitea, finean. Ideia horiek kanpainaren goiburuan jasota daude: ‘Zaindu zure ingurua, edan betikoa. Behi esnea, baina ez edonolakoa’.

Leloaren bidez, balioan jarri nahi da esnegintzaren sektorearen eta gure inguruaren arteko lotura, daukaten harreman jasangarria nabarmenduz, batak bestea elikatzen dutelarik, bertako esnea goraipatuz eta bere kalitatea nabarmenduz.

Kanpaina Leartiker Esneki Zentroaren sare sozialen eta web orriaren bidez egingo da, informazio guztia zabaltzeko 2024ko urtarrilean eta otsailean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.Email address is required.