EHNE Bizkaiak eta ENBAk mobilizazioak deitu dituzte otsailaren 9an Bilbon

EHNE-Bizkaia eta ENBA-Bizkaia nekazaritza sindikatuek mobilizazioa deitu dute otsailaren 9rako Bilbon. Eskatzen dute merkataritza libreko itunei amaiera eta baserritarrentzako bidezko prezioak bermatzea. Bilboko Areatzan traktoreak biltzeko deia egin dute, Bizkaiko hainbat eskualdetatik abiatuta; eta merkatu garden bat egingo dute, bertoko bildots laurdenak hontziratuta prezio justu batean eskainiz.

Manifestación EHNE Bizkaia Prezio duinak baserritarrentzat

Komunikabideetara bidalitako komunikatuan, sindikatuek azken asteetan Europar Batasuneko (EB) hainbat herrialdetan ugaritzen ari diren nekazarien protesten berri eman dute. «Ezinegon horren -adierazten dute- oinarria da baserri gehienetan ez dutela diru sarrera duinik eta etorkizunerako aurreikuspen baikorrik, neurri handi batean EBk hamarkadetan zehar aplikatutako politika neoliberalen ondorioz».

Eskabideak

EHNE Bizkaiak eta ENBA Bizkaiak eskaerak hiru ardatzetan zehazten dituzte:

    • «Merkataritza askeko akordioen negoziazioak berehala etetea». MERCOSUR bezalako akordioen negoziazioak geldiaraztea eta Zeelanda Berriarekin akordioa ez berrestea eskatzen dute, «ardi okela (bildotsak) eta esnea Europako merkatuetan sartzeak dakarren mehatxuagatik». Aldi berean, merkataritza askeko negoziazio prozesu guztiak geldiarazi behar dira, eta, horretarako, «beharrezkoa da etetze luzamendu bat ezartzea».
    • «Baserritarrentzako prezioek ekoizpen kostuak bermatu behar dituzte». Merkatuaren erregulazioan oinarritutako elikadura politika eskatzen dute, prezio duinak bermatzeko mekanismo gisa. Era berean, merkataritza jardunbide desleialei buruzko zuzentaraua modu eraginkorrean inplementatzea exijitzen dute, «ekoizpen kostuen azpitik saltzeko debekuarekin batera».
    • «Europako Nekazaritza Politika (NPB) sinplifikatzea ezinbestekoa da. Gehiegizko burokraziak kostu onartezinak eragiten dizkie baserritarrei, eta ez dute uzten helburuak betetzen».

Otsailaren 9ko mobilizazioa traktoreen kontzentrazio baten bidez egingo da. Traktore horiek Bizkaiko hainbat eskualdetatik aterako dira eta Bilboko Areatzan elkartuko dira. Gune horretan bertan, merkatu garden bat egingo da, eta hutsean ontziratutako bildots laurdenak eskainiko dira, prezio justu batean, «Zeelanda Berriko arkumea sartzeak dakarren mehatxua salatzeko, eta gure elikaduraren tokiko ekoizpena balioan ezartzeko».

Nekazarien bi sindikatuek prentsaurrekoa eskainiko dute datorren astean mobilizazioaren xehetasun gehiago emateko.

↓ Deskargatu Prentsa oharra ↓