Europako Batzordeak epe luzerako ikuspegia aurkeztu du EBko landa eremuetarako

Europako Batzordeak epe luzerako ikuspegia aurkeztu du EBko landa eremuetarako. Bertan, aurre egin beharreko erronkak eta arazoak azaltzen dira, eta eskualde horiek dituzten aukera oparoenetako batzuk azpimarratzen dira. Ikuspegiak Landa Itun bat eta Landa Ekintzako Plan bat proposatzen ditu, gure landa eremuak "indartsuagoak, erresilienteagoak eta oparoagoak izan daitezen eta lotuta egon daitezen".

[Europako Batzordea]

Baserri

Mundializazioaren, urbanizazioaren eta zahartzearen ondoriozko erronka eta joera handiei arrakastaz aurre egiteko, eta trantsizio ekologiko eta digitalen abantailak aprobetxatzeko, "tokian-tokian egokitutako politikak eta neurriak behar dira, EBko lurraldeen aniztasuna, behar espezifikoak eta indargune erlatiboak kontuan hartuko dituztenak", baieztatzen da aurkezpenean.

EB osoko landa-eremuetan, biztanleria, batez beste, hiriguneetan baino zaharragoa da, eta gutxitzen hasiko da hurrengo hamarkadan. Horrez gain, konektibitaterik eza, azpiegituren azpigarapena, enplegu-aukerarik eza eta zerbitzuetarako sarbide mugatua direla eta, landa-eremuak ez dira hain erakargarriak bizitzeko eta lan egiteko.

Aldi berean, eremu horiek ere zeregin aktiboa dute EBko trantsizio ekologiko eta digitaletan. EBren 2030erako anbizio digitalen helburuak lortzeak landa-eremuen garapen iraunkorrerako aukera gehiago eman ditzake nekazaritzatik, abeltzaintzatik eta basogintzatik harago, manufaktura-industriaren eta, bereziki, zerbitzuen hazkunderako perspektiba berriak sortzen dituelako eta zerbitzuen eta industrien banaketa geografiko hobea lortzen laguntzen duelako.

EBko landa-eremuetarako epe luzerako ikuspegi honen helburua erronka eta arazo horiei heltzea da, EBko trantsizio ekologiko eta digitalek emandako aukera berrietan eta COVID-19aren pandemiatik ateratako irakaskuntzetan oinarrituta, eta landa-bizitzaren kalitatea hobetzeko, lurralde-garapen orekatua lortzeko eta hazkunde ekonomikoa suspertzeko bitartekoak zehaztuta.

Landa Ituna

Tokiko, eskualdeko, nazioko eta EBko solaskideek Landa Itun berri batean parte hartuko dute, ikuspegiaren helburu komunak babesteko, ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa sustatzeko, eta landa-komunitateen helburu komunei erantzuteko. Batzordeak esparru hori erraztuko du dauden sareen bidez, eta ideien eta jardunbide egokien trukea sustatuko du maila guztietan.

EBko Landa Ekintzako Plana

Batzordeak ekintza-plan bat ere aurkeztu du, "landa-garapen iraunkorra, kohesionatua eta integratua bultzatzeko". EBren hainbat politikek landa-eremuei laguntzen diete, eta haien garapen orekatua, bidezkoa, ekologikoa eta berritzailea bultzatzen dute. Horien artean, nekazaritza-politika bateratua (NPB) eta kohesio-politika funtsezkoak izango dira ekintza-plan honi eusteko eta aplikatzeko.

Ikuspegiak eta ekintza-planak lau ekintza-eremu definitzen dituzte, ekimen enblematikoek lagunduta, landa-eremuak honako hauek izan daitezen edo egon daitezen errazteko:

    • indartsuagoak: lehentasuna emango zaio landa-komunitateak trebatzeari, zerbitzuetarako sarbidea hobetzeari eta gizarte-berrikuntza errazteari;
    • konektatuak: konektibitatea hobetuko da, bai garraioari dagokionez, bai sarbide digitalari dagokionez;
    • erresilienteak: baliabide naturalak zainduko dira eta nekazaritza-jarduerak ekologizatuko dira klima-aldaketaren aurka borrokatzeko, gizarte-erresilientzia ahaztu gabe; horretarako, prestakuntza-ikastaroak eta kalitatezko hainbat enplegu-aukera eskainiko dira;
    • aberatsak: jarduera ekonomikoak dibertsifikatuko dira eta nekazaritzaren, nekazaritzako elikagaien jardueren eta nekazaritza-turismoaren balio erantsia hobetuko da.

Batzordeak EBko Landa Ekintzako Plana betearazten lagundu eta gainbegiratuko du, eta aldian-aldian eguneratuko du, egokia izaten jarrai dezan. Estatu kideekin eta landaguneetako solaskideekin ere lankidetzan jarraituko du, landa-gaiei buruzko elkarrizketa bat izateko. Gainera, «tokiko eragina egiaztatzeko» prozesu bat jarriko da abian, eta, horren bidez, EBren politikak landa-ikuspegitik aztertuko dira. Batzordearen ekimen politiko batek landaguneetako enpleguan, hazkundean eta garapen iraunkorrean izan dezakeen eragina zehazteko eta hobeto kontuan hartzeko ahalegina egingo da.

Azkenik, landa-behatoki bat sortuko da Batzordearen barruan, landa-eremuei buruzko informazioaren bilketa eta azterketa hobetzen jarraitzeko. Horrela, landa-garapenaren arloko politiken formulazioa oinarritzeko eta Landa Ekintzako Planaren exekuzioari eusteko dokumentazioa lortuko da.