Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak lurraldeko lehen sektoreko nekazaritza ekologikoko metodoak eta praktikak ezartzeko eta ingurumen- eta klima-konpromisoak hartzeko dirulaguntzak emateko oinarriak onetsi ditu.
Laguntza horiek Europar Batasunarekin batera finantzatzen dira Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez. Aurtengo deialdirako 1.950.000 euro ipini dira.
Dirulaguntza horiekin honako helburu hauek lortu nahi dira: nekazaritza- eta landa-paisaia zaintzea, hobetzea eta dibertsifikatzea bultzatzea; biodibertsitateari on egiten dioten eta ingurumena eta abereen ongizatea errespetatzen duten praktikak eta ekoizpen-sistemak sustatzea; nekazaritzako biodibertsitatea babestea, nekazaritzak sortzen dituen berotegi-efektuko eta amoniako gasen igorpena murriztea; uraren eta lurzoruaren kudeaketa hobetzea; nekazaritza- eta baso-sektoreetan karbono-harrapatzea sustatzea eta nekazaritza-, abeltzaintza- eta baso-jardueretan sorturiko azpiproduktuak kudeatzea eta balioztatzea.
Horretarako, nekazaritza ustiategietan eta beste gainazal batzuetan nekazaritza, ingurumen edo klima konpromisoak borondatez sinatzen dituzten nekazariei edo haien elkarteei konpentsazioa emango zaie. Hala, nekazaritza ekologikoko jardunbideak eta metodoak hartzeagatik eta mantentzeagatik finantzaketa emango da, bai eta nekazaritzako barietate genetikoak (tokiko sagardo-sagarrondoen barietateak barne) eta arriskuan dauden abeltzaintzako arrazak kontserbatzeagatik ere. Onuradunek hartzen duten konpromisoak gutxienez bost urte iraun beharko du.
Lehia askearen araubidean emango dira laguntzak.