Marta Barba: “Tomate hidroponikoa lur faltagatik jarri da eta lur falta monolaborantzaren ondorio da”

Tomateaz tesia egina du Marta Barba-k eta Egonarria saioan Eli Pagolarekin elkarrizketan azaldu du zer den hidroponia teknika. Bere hitzetan, gakoa da aztertzea "noiz eta zergatik" sartu zen hidroponia Euskal Herrian: "Lur arazoak daudelako. Eta lur arazoak daude monolaborantzaren ondorioz". Urte osoan tomatea jan beharraren logikari buruz aritu dira, eta baita ere Gaubeako makronegutegiaz eta "euskal" tomate batek egiten duen bidaiaz, hazia Txinan edo Amerikan sortzen dutenetik hemen hazten denera.

[Argia]

Euskolabel tomate asko hidroponikoak direla jakinda, hidroponia teknika azaltzeko eskatu dio Pagolak. Hauexek Barbaren azalpenak: "Funtsean hidroponiak esan nahi duena da, landare bat, kasu honetan tomateak, 'uretan' ekoizten direla. Hau da, lurrean landatu beharrean, ia propietaterik ez duen eta oso absorbentea den material batean landatzen da, adibidez, koko fibra edo antzeko materialetan. Material horrek ura xurgatzen du eta ez dio bere horretan janaririk ematen landareari eta beraz, uraren bidez elikatzen dira landare horiek: uretan nahasten dira landareak behar dituen nutrienteak eta gainerakoak".

«Gakoa da Euskal Herrian hidroponia noiz eta nola heldu zen aztertzea»

Barbak adierazi du hidroponiaren aferan gakoa bere jatorria aztertzea dela. Azaldu du baserriak, barazki ekoizpen txikiak, "etengabeko hobekuntza teknologikoan sartu behar izan direla, sistema jakin batek dituen albo-ondorioak kudeatzeko". Tomate ekoizleen bilakaera hori nola izan den deskribatu du: "Lehenik, esplotazio mixtoak zirenak bilakatzen dira bakarrik barazkigintzan dabiltzanak; gero barazkigintza barruan gero eta produktu gutxiago lantzen dituzte; gero produktu bakarra; horrek lur arazoak sortzen ditu adibidez onddoak edo beste batzuk; orduan tratamendua ematen zioten lurrari, baina tratamendu horiek debekatuak izan dira oso kaltegarriak direlako eta orduan irtenbidea da ba lurrik gabe ekoiztea... Hau da, hidroponia ezartzen da lur arazoak daudelako eta lur arazoak daude barazkigintza monolaborantzan egiten dutelako".

Teknologia ez da beti pagotxa

"Hidroponikoak ez du askoz gehiago ekoizten" ohartarazi du Barbak. "Hidroponikoak egiten duena da lur arazoei erantzutea. Baina zuk ekoizpen dibertsifikatu bat baldin baduzu, lurra zaintzen baduzu, normalean ez dituzu lur arazo horiek edukitzen eta beraz, ez duzu hidroponikoaren beharrik". Bestalde, hidroponia ez da edonork bere etxean garatu dezakeena: "Lehenik inbertsio handia egin behar da tomateak ekoizteko soilik balio duen sistema bat jartzeko. Eta gero teknika garestia da, beti substratu edo material absorbente hori erosi behar duzu, baita ere erosi behar dituzu urari botako dizkiozun elikagaiak, ur kontsumo handia du... erabat menpeko bilakatzen gaituen teknika bat da".

Gaubea makronegutegia: urte osoan tomatea jateak dakartzan arazoak

Barbak ikusentzuleak xirikatu ditu, Pagolak Gaubeako makronegutegiaz galdetu dionean: "Agian ez da irtenbide txarra, tomatea jan nahi badugu urte osoan zehar, ez? Urte osoan hemen tomateak jan nahi baditugu ba hobeto Gaubean ekoiztea Almerian baino, ez? Lehenengo begiratu behar dugu zein den daukagun barazki kontsumoa edo zein izan beharko litzatekeen. Gaubeako makronegutegiak zerbait ona eduki ahal badu, pixka bat ironikoki hitz eginda, da normalean ikusten ez dugun zerbait gerturatzen digula. Askotan supermerkatutan erosten diren barazkiak ez dira gurean ekoiztuak eta lan baldintza oso txarretan ekoiztuak dira baina ez dugu ikusten. Gaubeakoak agroindustriaren eredu hori gertuago edukitzea eta ikustea dakar".

Gaubeako makronegutegiak hidroponia darabilten baserriei konpetentzia egingo diela azaldu du: "Baserri txukunenak eta diru gehien zutenak izan ziren modernizazioaren aldeko apustua egin zutenak nolabait baserritik bizitzen jarraitu ahal izateko. Begirada kritiko batekin begiratzen diet etxalde horiei, baina horiek aztertzera joan nintzenean aurpegia jarri nien teknologia horiei eta gurean oso etxalde txikietan garatu dira eta nolabait ahal dutena egin dutenak dira. Nik ez dut hori defendatuko baina ez dira nik irudikatzen nituen etsai handi horiek. Moldatu diren baserriak dira. Beste baserri batzuk ekologikorako jauzia egin zuten, beste hautu bat egin zuten.

Gaubeako makronegutegiak beste jauzi handi bat ekartzen digu. Ez da lurretik bizi zen horrek egin duen pauso bat, nolabait baserritik bizitzen jarraitzeko; horri kritikoki begiratu ahal diogu baina nire errespetua merezi dute. Gaubeakoa jada makroinbertsio bat da, lurren erabilera industrializatua, zerotik beste teknologia batzuetan oinarritzen den ekoizpena... eta ziurrenik etxalde txiki horiei ere konpetentzia egingo diena. Eta ziurrenik askoz produktu txarragoak izango dira, askoz sistema makroago batean ekoiztuak direlako".

Merkaturatzeko moduak barazkien kalitatearekin lotura duela azaldu du: "Tamaina txiki-ertaineko etxaldeek nahiko merkaturatze bide laburrak erabiltzen dituzte eta horrek beti dakar produktu txukunagoa saldu dezakezula. Gaubeakoak bezala merkaturatze bide luzeagoetan aritzeak eskatzen du lehenago bildu behar dituzula barazkiak, berde daudenean, mantentzeko gaitasun handiagoa eduki behar dutelako merkaturatze bide luze horretan irauteko".

Euskolabel tomate baten bidaia luzea

Euskolabel etiketarekin saltzen diren tomate gehienak Jack barietatekoak direla azaldu du Barbak, "eta Jack barietatea Monsantoren hazia da edo Bayernena". Jarraitu du azaltzen gaur egun Jack landare gehienak txertatuak direla. Ondorioz, hauxe da Euskolabel tomate gehienek gure platerean bukatu artean egiten duten bidaia: "Haziak Txile, Peru, Txinatik bidaltzen dira Espainiako Almeria, Murcia aldera, hor landare txertatuak egiten dituzte; handik datoz landareak eta hemen hazten dira 'euskal' tomateak. Eta euskal tomateak dira, Euskolabelen araudiaren arabera".

Haziak zerbaitengatik ekoizten dira Hego Global horretan, Barbak azaldu duenez: "Hazi hibridoak ekoizteak eskulan handia behar du eta eskulana merke ordaintzen den tokietara joaten dira hori ekoiztera". Gainera, osasunarentzat eta ingurumenarentzat kaltegarriak diren produktuekin lan egin behar dute: "Haziak ekoizteko lantzen diren fruitu edo barazki horiek ez direnez jango, araudiak produktu fitosanitarioak askoz kantitate handiagoan erabiltzea baimentzen du".

Esandako guztiaren ondotik, tomatea bere garaian dastatzea nahiago du Barbak, eta hortik aurrera urtean zehar sasoian sasoiko barazkiak gozatzea. Norberaren edo lagunen baratzeko tomaterik ezean, herriko azokara joatea gomendatu du, tomate ona jan nahi izanez gero: ezaguna duzun baratzezainari erostea eta tomateak lantzeko moduaz zuzenean berari galdetzea. Eta supermerkatura joatekotan, "ba esan ditudan guztiak kontuan hartuta ere Euskolabelduna izango da txukunena".