Arteako deialdia Gazako genozidioaren aurrean
- 2024 - Mai - 06
Garbiñe Biurrun, Agus Hernan, Maixabel Lasa, Maria Jauregi, Sabino Ormazabal eta Paul Rios
Guk, Euskal Herriko gizarte zibileko pertsonek, giza eskubideen errespetuarekin eta sustapenarekin konprometiturik, herri palestinarraren eskubideen etengabeko urraketaren aurrean, adierazi nahi dugu Israelgo Estatua egiten ari den sarraskia ez dela soilik palestinarren aurkakoa, modu errukigabean hitzen dituztenak; aitzitik, Nazio Batuen Gutunaren, gure giza kontzientziaren, munduko bakearen, giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen, eta berdintasun, askatasun eta elkartasun printzipioek araututako mundu bidezkoago bat nahi duen edonoren nahien aurkako atentatua da, aurrekaririk gabea.
Gazaren gainean hamasei urte baino gehiagoz israeldar blokeoa ezarri ondoren, gure begien aurrean gertatzen ari den suntsipen ikaragarriak ez du inolako justifikaziorik, Hamasek egindako ekintza onartezinetan —bahituak hartzea barne— oinarrituta.
Horregatik, basakeria jasanezin horrekiko erantzuna mantendu eta areagotu egin behar dela uste dugu, hori geldiarazteko eskura ditugun bitarteko baketsu guztiak erabiliz, indarkeriarik gabeko desobedientzia zibileko ekintzak barne, hala nola boikota, eta gure gobernu, enpresa eta erakundeekiko presio eraginkorra.
Euskal gizarte zibilak argi eta garbi adierazi du bere salaketa eta gaitzespena Israelgo indarrek Gazan egindako genozidioaren aurrean, halakotzat jo baitu NBEren kontalari bereziak. Beraz, printzipio horietan oinarrituta, eta bakearekin eta giza eskubideekin konprometitutako pertsona eta erakunde gisa, hitzeman dugu, gure jarduera-eremutik, honako hau exijitzeko:
Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Euskal Herriko gainerako erakundeei, lehenik eta behin, eskura dituzten neurri politiko eta juridiko guztiak berehala har ditzatela egoera hori salatzeko, eta berehalako su-eten iraunkorra sustatu dezatela. Eta, bigarrenik, eragiteko ahalmen guztia erabil dezatela bai gobernu zentralaren bai europar erakundeen aurrean, Palestinar Estatu bideragarri eta subiranoa onartua izan dadin.
-
- Israelgo estatuarekin, baita bertako enpresa, erakunde edo elkarteekin ere inolako lankidetza edo harremanik saihestea, palestinarren aurkako okupazioa eta erasoa argi eta garbi salatzen duten haiekin izan ezik.
- Palestinako lurralde okupatuetan lan egiten duten euskal enpresen kasuan, merkataritzari eta inbertsioari emandako edozein motatako laguntza berehalakoan kentzea, eta jarduera horiek egiten dituztenei zigor ekonomikoak ezartzea ere kontuan izatea.
- Era berean, Nazio Batuen Erakundeak Palestinako errefuxiatuentzat (UNRWA) egiten dituen ahalegin guztiei laguntza politikoa eta ekonomikoa ematea, edota lehendik dagoen laguntza areagotzea, errefuxiatutako milioika palestinarri zuzenean laguntzen baitie NBEren Batzar Nagusiaren agindupean.
- Euskal enpresek Israelgo estatuarekin edo herrialde hartako enpresa eta erakundeekin edozein kontratu edo proiekturi berehala uko egin diezaioten, bai abian diren kontratu edo proiektuei, bai mota guztietako kontratu edo hitzarmen berriak sinatzeari.
- Kirol elkarte eta kultura erakundeek ez dezaten esku hartu, Israelgo kirol talde edo kultur erakundeek parte hartzen duten lehiaketa edo ekitaldietan, eta herrialde hartako kirol eta kultura erakundeekin edozein lankidetza saihestea, lehenengo puntuan adierazitako salbuespenekin.
- Unibertsitateek edozein lankidetza hauts dezaten Israelgo unibertsitateekin, lehen aipatutako kasuetan izan ezik, hau da, palestinar herriaren aurkako okupazioa eta erasoa argi eta garbi salatzen dituztenen kasua.
Gure ustez, horrelako erreklamazioen ezarpenak zilegizko interesak kalte ditzake, eta, herri-esaerak dioen bezala, justuek ordain lezakete bekatarien ordez. Baina erantzuna erabatekoa eta ohiz kanpokoa besterik ezin dela izan uste dugu salbuespeneko egoeretan, hala nola planetako leku jendetsuenetako batean gertatzen ari direnetan (33.000 zibil palestinar hil baino gehiago, 75.000 zauritu, eragindako gosete eta deshidratazio orokortuak, eskolei eta osasun-zentroei egindako erasoak, eta 1,9 milioi pertsona lekuz aldatuak). Israelgo estatuari zuzendutako neurriak hartu behar dira, apartheid-aren garaian Hego Afrikarekin aktibatu zirenen antzekoak.
------
Artikulu hau gizarte zibileko 100 pertsonak baino gehiagok eta 19 elkartek sinatu dute.
Banakoak
Kepa Menendez; Joxerramon Bengoetxea; Itziar Ruiz Jimenez; Juan Hernandez Zubizarreta; Martxelo Otamendi; Aitziber Blanco; Estibaliz Ruiz de Azua; Iñaki Hernando Larrañaga; Iñaki García Arrizabalaga; David Diaz Jogeix; María Jauregi; Maixabel Lasa; Irantzu Mendia; Ines Intxausti; Eduardo Bidaurratzaga; Garbiñe Biurrun; Eva Silván Miracle; Paul Rios; Isabel Cobo; Agus Hernan; Sabino Ormazabal; Juan Ibarrondo; Bertha Gaztelumendi; Felix Iriarte; Benito Morentin; Jon Moñux Agote; Josu Oskoz; Andrés Krakenberger; Xabier Urmeneta; Fernando Armendariz; Maite Peiro Baquedano; Anabel Sanz del Pozo; Begoña Zugadi Rodrigo; Nagore Iturrioz; Leire Groven Hernández; Nati Ovelleiro; Alba Fatuarte; Janire de la Calva; Pedro Ibarra; Mari Luz Esteban; Teresa Maldonado; Jokin Alberdi; Alfonso Aramburu; Josune Lasa Laboa; Patxi Azparren Olaizola; Isabel Urkijo; Christina Werckmeister; Verónica Werckmeister; Txaro Arrazola Oñate; Cristina García; Aintzane Camara Izagirre; Luis Arbide; Luisa Méndez; Karlos Ordóñez Ferrer; Ainhoa Garcia Mostajo; Silvana Luciani; Manu Arrue; Laura Pego; Mireya Perea Perea; Saudi Mireya Calixto Perea; Laura Juliana Perea Pinzón; Miren Harizmendi Gonzalez; Maider Martiarena Arrastua; Helena González; Sonia Uribe; Belen Moreno; Cristina Ureta; Maitena Garcia; Mikel Zuloaga; Joseba Ossa; Iñaki Otamendi; Pello Alvite; Maite Berzosa Urretabizkaia; Rosi Garrido; Jose Maria Aguirre; Iñaki Arzak; Aitor Etxebarria; Txema Auzmendi; Felix Placer; Melchor Larrinoa; Pili Zabala; Xabier Laka Antxustegi; Pello Urkidi Elorrieta; Andoni Txasko; Enrike Uriarte; Felix Placer; Eloy Beato; Miren Ortubay; Tomas Arrieta; Begoña Oleaga; Malen Bilches; Mertxe Lozano; Pilar Chasco; Jesús Garay; Angel Albaina; Begoña Aguiriano; Ibon Plazaola Okariz; Maitane Arnoso-Martínez; Carlos Askuntze Elizaga; Itziar Fernández Mendizabal; Ramón Zallo Elgezabal; Petxo Idoiaga Arrospide; Mikel de la Fuente Lavín; Asier Blas Mendoza; Mikel Casado Arroyo; Arantza Fernández de Garayalde; Maria Oianguren; Jorge Freytter.
Elkarteak
Eskubidez Giza Eskubide eta Bake Hezkuntzaren Erakunde-Foroa; Bachue herrien eskubideen aldeko elkartea; Emakume Exiliatu, Errefuxiatu eta Migratuen Espainiako Estatuko Elkartea; Zinhezba zineman eta giza eskubideetan hezteko elkartea; Gipuzkoako SOS Arrazakeria; Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoa; Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak; Bake Ekintza Antimilitarista; Bidea Helburu; Donostiako Sahararen Lagunen Elkartea; Gipuzkoako Gerrarik Ez elkartea; Basoa Euskal Gune Ekosozialista; Euskal Herriko Mugarik Gabeko Ingeniaritza; Bilboko KEM; Artea Sarea; Abetxuko taldea; Soto Zen komunitate budista; Hitz & Hitz fundazioa; Argituz Giza Eskubideen Aldeko Elkartea.