Nafarroako Gobernuak gaur goizean Elizondon aurkeztu ditu merkataritzako zigilu berriak. Produktuen jatorria zein den zehaztu eta zuzeneko eta hurbileko salmenta ikusaraztea da helburua. Ziurtagiriak dituzten komertzio eta ostatuetan bermatuta dago eskaintzen dituzten produktuak, bitartekaririk gabe, zuzenean erosi dizkietela ekoizleari. Neurri honekin, nekazari edo abeltzain txikiei lagundu, lehiakortasuna hobetu eta dibertsifikazioa sustatzea da asmoa.
[erran.eus]Aurkezpen ekitaldian Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Ruben Goñi Landa Garapeneko zuzendari nagusiak, Natalia Bellostas INTIAko zuzendari kudeatzaileak, Nerea Mortalena Arraiozko ardi ekoizleak eta Baztango Zaporeak ekoizleen elkarteko kideak, Xabier Barrutia Barrutia 12 harategiaren jabeak eta Bertan Baztan Baztango Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkartearen ordezkariak eta Belen Urrutia La Posada de Elbeteko ordezkariak parte hartu dute. Fernando Anbustegi Elizondoko alkatea ere aurkezpen-ekitaldian izan da. Zuzeneko eta hurbileko salmentarako irudi korporatibo berria estreinatu duten establezimenduak bisitatu dituzte.
Aierdi kontseilariaren hitzetan, identifikatzaile berriei esker: «Nekazaritza-ustiategien titularren eta azken kontsumitzailearen artean, produktuak zuzenean edo hurbiletik merkaturatzea sustatu eta salmenta-bide horiek ikusarazi nahi dituzte».
Natalia Bellostas INTIAko kudetzailearen ustez, kontsumitzaileek geroz eta garrantzia handiagoa ematen diete produktuen jatorriari: «Kontsumitzen dituzten produktuak bertakoak, freskoak, sasoikoak eta kalitatezkoak izanen direla ziurtatzea nahi dute». Ekimen hau, «produktu horien kontsumoa bultzatu eta landa-eremuetako bizimoduari eta paisairi eusteko lagungarria» izanen dela azpimarratu du.
Bi bereizgarri
Bi bereizgarri sortu dituzte. Zuzeneko salmentan ari direnek kolore urdina izanen dute eta hurbileko salmentan ari direnek, horia. Zigilu hauek dituzten seinaleak establezimenduen sarreran, errepideetako eta bidegurutzeetako sarbideetan edo inguruetan jarri ahal izanen dituzte, salmenta-puntu horiek non dauden adierazteko. Era berean, logotipo horiek zuzenean nekazaritza-ustiategiari erositako tokiko produktuak dituzten jatetxe edo sukaldaritza kolektiboko menuetan erakutsi ahal izanen dituzte. Logotipoak erabiltzea borondatezkoa izanen da da, eta beti izanen da bateragarria nekazaritzako elikagai horien kalitate-markekin.
Kanal laburren erregistroan izena ematea
Identifikazio berri horri esker, kontsumitzaileek produktuaren jatorriari eta merkaturatze-motari buruzko informazioa jaso ahal izanen dute, eta, horrez gain, ekoizleek hainbat abantaila izanen dituzte merkaturatze-kanal laburren erregistroan izena emanda. Horrela, logotipoari eta garatzen ari den web orri berri bati esker, euren produktuak gehiago ikusarazteaz eta sustatzeaz gain, bi salmenta-kanal horiek bultzatzeko laguntzak izanen dituzte eta merkaturatzeari buruzko prestakuntza jasoko dute.