Makroproiektuak: Berriztagarriak bai, baina

Araban eraiki edo proposatu diren proiektu energetikoek hautsak harrotu dituzte. Energia behar da, eta berriztagarrien bidez sortua gainera, baina zein da modu egokiena? Zalantza ugari daude trantsizio energetikoaren ereduaren inguruan.

macroproyecto energia solar
Hiru proiektu berrien artean, 310.000 plaka fotovoltaiko jartzea aurreikusi dute Arabako lurretan.
[Alea]

Nola jarri beharko lirateke berriztagarriak Araban? Beharrezkoa da ingurumenari kalte egitea energia berdea lortzeko? Araba sakrifizio eremua izango da EAE edo Espainiarako? Badago estrategia energetikorik? Aldatu dezakegu gure energia kontsumo eta ekoizpen eredua? Zeren ordainetan?

Galdera potoloak dira, eta ez daukate erantzun errazik, baina eztabaida publikoan indarrez sartu dira azken urteetan, proiektu energetiko berriztagarriak hazten doazen heinean. Euskal Herriko eta Arabako mugimendu ekologistak urteak eman ditu berriztagarrien alde borrokan, energia fosilen erabilera salatuz eta trantsizio energetikoaren beharra aipatuz. Hala ere, berriztagarriak heldu direnean, borrokan jarraitzeko beharra sentitu dute askok. Alde batetik, salatu izan dute "makroproiektu energetikoek" ingurumen inpaktu oso kaltegarriak izango dituztela eta, bestetik, agintariei leporatu diete trantsizio energetikorako plan estrategiko garbirik gabe aritzea. Trantsizioa "teilatutik eraikitzen hastea", Araba Biziriken hitzetan.

Kritika artean, baina aurrera doaz energia enpresak proiektu berriztagarriak eraikitzen eta gehiago proposatzen. Hala agintzen dute Lurralde Plan Sektorialek, Europako eta nazioarteko hitzarmenek eta mundu mailako kontsentsu zientifikoak. Hamaika proiektu daude Arabarako, gauzatze edo tramitazio maila ezberdinetan. Haize errota ugari eraiki edo proposatu dira, Arabako kuadrilla bakoitzerako dago proiektu eoliko bat gutxienez. Eguzki plakak jartzeko asmoak ari dira agertzen orain, badaude proiektuak Aiaraldea, Añana, Lautada, Mendialdea eta Gasteizko kuadrilletarako. Azkenekoak Solaria enpresaren Zierbena Solar 2, 3 eta 4 izan dira, Erriberabeitian bata, Zigoitian bestea eta azkena Gasteiz eta Iruña Oka artean. Hiru hauek batuta, 310.000 plaka fotovoltaikorekin, ia 400 hektarea lur hartuko dituzte. Sortutako energia ebakuatzeko goi tentsioko linea bat ere eraiki asmo du Solariak. Linea honek Zuian elkartuko ditu hiru sorburuak, eta Araba zeharkatuko du hegoaldetik iparraldera. 100 kilometrotik gora luze, Bizkaiko Zierbena herriraino heldu eta han txertatuko da energia Espainiako Sare Elektrikora, Petronorren plantatik kilometro gutxira dagoen azpiestazio elektrikoan.

Azken proiektu hau, eta beste asko, tramitazio fasean daude oraindik. Alegazioak aurkeztuko dituzte hainbat udal eta eragilek, eta ikusteko dago ea lortzen duten behin betiko baimena. Arabako Foru Aldundiko teknikariek ere esana dute "gehiegizkoa" dela proiektu energetikoen zabalpena lurraldean, eta zonalde batzuk kanpo uzteko eskatu dute, ingurumenean kalte handiegia jasango dutela argudiatuta. Hala ere, espero daiteke beste hainbat proiektu agertzea datozen hilabete eta urteetan. Solaria enpresak bere inbertitzaileei esan die halako beste 27 proiektu jarri nahi dituela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eta, zenbait adituren arabera, aukera asko daude gehienak Araban kokatu nahi izateko.

Makroproiektuen aurrean, lurraren defentsa

Zenbateko kaltea onar daiteke ingurumenean, berriztagarriak jartzeko? Zabalik dago eztabaida. UAGA sindikatuaren iritziz, halako proiektuek lehenetsi beharko lituzkete nekazaritza eta abeltzaintzarako erabiltzen ez diren lekuak, gutxieneko inpaktua sortuko dutenak. Mozioa aurkeztu berri du UAGAk, Araba Bizirik eta Bionekazaritza elkartearekin batera, jarduera estrategiko gisa hartu daitezen nekazaritza eta abeltzaintza Arabako Batzar Nagusietan. Onartuko balitz ere ez dago argi eragin juridikorik izango lukeenik, baina, UAGAko ordezkarien hitzetan, borondate politikoa erakusteko aukera izango dute diputatuek, "lurraldea defendatzeko nahia".

Nafarroan bederatzi proiektu gelditu omen dira halako mozio baten bidez. Ekainaren 1ean elkarretaratzea deitu dute Gasteizen, lurraldearen defentsa aldarrikatu eta lehen sektorearen alde egiteko.

macroproyectos renovables Euskal Herria

Araba Bizirik plataformatik ikuspegia irauli beharra ikusten dute. Lurraldearen mugak kontuan hartu behar direla diote, pentsatzeko zer bizitza motari eutsi diezaiokeen, eta horrek izan behar duela abiapuntua. Oinarri horrekin, ezinbestekoa izango litzateke egungo hiri eta industria eredua zalantzan jartzea, ekologisten iritziz. Salatu dute mito arriskutsua zabaltzen ari dela trantsizio energetikoarekin, esaten duena gure bizimoduak berdin jarraitu dezakeela, energia iturri batzuk beste batzuengatik aldatuta. "Konponbide faltsuak" direla diote, ez badago egiturazko aldaketarik, gure planetaren mugak gainditzen dituelako dugun kontsumo mailak. Etengabeko hazkunde ekonomikoa kokatzen dute arazoaren erroan, eta aldarrikatu izan dute beharrezkoa dela oligarkia energetikoa auzitan jarri eta gizartea berrantolatzea, lurrak jasan ahal izango duen bizimodua garatzeko.

Eremu antropizatuak eta komunitate energetikoak

Makroproiektuen ordez proposatzen diren alternatiba nagusiak izaten dira, batetik, tokiko komunitate energetikoak, eta bestetik, eremu antropizatuak erabiltzea berriztagarriak jartzeko, hau da, lehendik erabiliak dauden lurrak, eraikinen teilatuak, industrialdeak eta antzekoak. Alderdi poltiko ugarik bat egin dute halako irtenbideekin. Anartz Gorrotxategi EAJko kide eta Lurralde Oreka eta Lurralde Antolaketa Saileko foru diputatua, adibidez, komunitate energetikoen alde agertu da, baina ohartarazi du ez direla nahikoa dagoen kontsumo maila asetzeko. Mikel Otero EH Bilduko trantsizio energetikorako idazkariak ere esan du datuek ez dutela ematen, eta uztartu beharko direla eskala ezberdineko proiektuak.

Izan ere, komunitate energetiko txikiek eta eremu antropizatuetan eraikitako berriztagarriek, haiek bakarrik, ezin dute egun erabiltzen dugun energia kopurua sortu, hainbat adituren esanetan, ezta kontsumoa asko murriztuko balitz ere. Gainera, sorkuntza deszentralizatuak ere beste arazo batzuk dakartza, material gehiago erabili beharra, esaterako, eta horrek ere baditu bere mugak. Arabako Mendiak Aske gelditu daitezen, haize gutxiago dagoen lekuetan eraiki beharko dira haize errotak eta, ondorioz, aerosorgailu gehiago egin beharko lirateke energia berbera sortzeko. Ez da eztabaida erraza. Kontsumoa murrizteak ere desafioa sortzen du. Bi modu nagusi daude horretarako, zuzenean energia kontsumoa gutxitzea, gauzak egiteari utzita, edo efizientzia energetiko handiagoa lortzea aurrerapen teknologikoen bidez. Ikusteko dago kontsumo maila zenbatean jaistea lortuko den datozen urteetan, eta zenbateko eragina duen biztanleriaren egunerokoan.

Argitu beharra dago berriztagarriek elektrizitatea sortzen dutela, eta horrek gauza batzuetarako balio du, baina beste batzuetarako ez. Elektrifikazio prozesu bat egin beharko da orokorrean, energia berriztagarrietara egokitzeko, baina sektore batzuetan bereziki zaila da hori, batez ere garraio pisutsuan eta industrian. Erregai fosilekiko menpekotasun handia dute bi sektore hauek, eta pisu handia dute gure energia kontsumoan, Arabako kontsumoaren ia hiru laurden hartzen dute garraioak eta industriak. Energia berriztagarrien elektrizitatearekin sorturiko hidrogeno berdea izan daiteke etorkizunean sektore hauetarako erregaia, baina beste eztabaida bat da hori.

Komunitate energetiko txikiak sustatzea eta lehentasunez eremu antropizatuak erabiltzea aldarrikatu dute Araba Bizirikek eta UAGAk, beste hainbat eragileren artean. Esan bezala, alderdi politiko ugarik ere bat egin dute asmo horrekin. Aukera ona dira, baina dirudienez ez dira nahikoa. Nonbait jarri beharko dira proiektu energetiko handiagoak?

Araba sakrifizio eremu?

Araban urtean kontsumitzen dugun energiaren %11,6 besterik ez da ekoizten, azken datuen arabera. Euskal Herri mailan energiaren %85a inportatzen dugu. Eragile ugarik "kolonialismo energetikoa" deitu diote kanpotik ekarritako energiaren menpekotasun horri, beste lekuetan pairatzen dituztelako energia sortzeko prozesuek dakartzaten kalteak.

Elektrizitate sorkuntzari erreparatuta, Espainiako Estatuan, adibidez, Aragoik, bi Gaztelek eta Galiziak kontsumitzen dutena baino elektrizitate gehiago sortzen dute, eta handik zabaltzen da beste lurralde batzuetara. Araban ere antzekoa gertatuko den beldurrez, Araba Bizirik eta UAGAk salatu dute Araba ere "sakrifiziorako eremu" bilakatu nahi dutela. Horren aurrean, aldarrikatu izan dute landa eremua babestu beharra dagoela, salatuta etorkizunik gabe gelditzen ari direla herriak, biztanleria geroz eta zaharkituagoarekin, jendez hustuz doazela. Baina biztanleriaren %75etik gora Gasteizen bizi denean, borondate politikoak gehiago begiratu ohi du hirira, eta hiritarrei urrunago gelditzen zaizkie eguzki plakak, eolikoak eta goi tentsioko dorreak.

Erriberabeitiako udalerria da, adibidez, "sakrifikatutako eremu" horietako bat, bizilagunek salatu dutenez. Udalerrian egindakoa "astakeria" bat dela adierazi dute Erriberabeitia Bizirik taldetik. AHTa igarotzen da handik, egun EAEn dagoen parke fotovoltaiko handiena du jadanik eraikita eta Solaria enpresak 133 hektareako parke berri bat eraiki nahi du bertan, bere azpiestazio elektriko eta ebakuazio linea eta guzti. Prentsaurreko batean udalerriaren mapa erakutsi zuen udal taldeko kide batek, eginda edo proposatuta dauden proiektu guztiekin, eta marraz josita ikusi zitekeen zonalde osoa, "herrien arteko loturak moztuta, zubi, tunel, dorre eta oztopoz betea".

Zigoitian, Lantaronen, Zuian eta beste hainbat herritan bizilagunak antolatzen ari dira proiektuen aurka egiteko, alegazioak jarriz eta bizilagunei informazioa emanez, besteak beste. Arratzua-Ubarrundian, adibidez, kontzeju gehienek ezezkoa eman zioten Solariak haien lurretan proposatutako proiektu fotovoltaikoari. Antzekoa gertatu da Zuian, udalaren osoko bilkurak aho batez onartu berri du Solariaren proiektuaren aurka agertzea, eta alegazioak aurkeztuko ditu talde juridikoak. Ikusteko dago herrietako erresistentziak zer fruitu ematen dituen. Izan ere, EAJ, EH Bildu eta PSEk onartutako Trantsizio Energetikorako Legeak, lehenago "Tapia legeak" egin bezala, aurreikusten du administrazioko maila altuagoetan hartuko direla proiektu energetikoen inguruko erabakiak, herrien erabakimenaren gainetik.

Badago estrategiarik?

Lurraldea sakrifikatu behar den ala ez, edo zenbateraino kaltetu, ez da eztabaida bakarra. Askok kritikatu izan dute nor ari den proiektuak proposatzen, erabakitzen eta dirua irabazten.

Euskal Herri mailako eragile ekologista ugarik salatu izan dute estrategia gabe egiten ari direla trantsizioa, eta gobernuari leporatu diote enpresen interesen arabera aritzea. "Enpresek proiektuak aurkezten dituzte, etekin ekonomiko gehien izateko asmotan, eta gobernuak argi berdea besterik ez die ematen, ez dago plangintzarik", dio Araba Bizirikek. Horren aurrean estrategia argi bat garatzeko beharra aldarrikatu dute ekologistek, lurraldearen beharrak lehenetsiko dituena. Alderdi politiko batzuek Energiaren Euskal Erakundea indartzeko asmoa azaldu izan badute ere, gaur gaurkoz badirudi ezinbestekoa izango dela enpresa pribatuen, edo publiko norvegiarren, parte hartzea. Baina zalantzan gelditzen da nork zuzendutako plana izango den, zer interesen arabera sortuko diren proiektuak eta zeren truke egingo dugun hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa. Ez dauka erantzun errazik.