Manifestazioa deitu dute Donostian, “desazkunde turistikoa” eskatzeko

Bizilagunekin - Manifestazioa desazkunde turistikoa - Donostia urriak 27

Berrogeita hamar erakundek baino gehiagok bat egin dute urriaren 27an Donostian, eguerdiko 12etan, "desazkunde turistikoa" eskatzeko egingo den manifestazioarekin.

Donostian "bereziki pairatzen dugu luxuzko turismoaren eragina: gero eta eskaintza esklusibo eta garestiagoa sustatzen da, poltsikorik aberatsenak erakartzeko. ‘Kalitatezko turismoa’ masifikazioa saihesteko formula dela esango digute, baina guk kalitatezko bizitzak aldarrikatzen ditugu: etxebizitzarako eskubidea, enplegu duinak, auzo biziak eta mundu osorako kultura- eta aisialdi-eskaintza", adierazi dute deitzaileek. "Ekonomikoki eta sozialki bidezkoa den hiri batean bizi nahi dugu".

Turismoaren industriaren aurrean, "gutxi batzuentzat urrezko arrautzen oiloa dena", gehienentzat "itotzen gaituen eredu ekonomikoa" baino ez da. Auzo turistikoenetako kaleen masifikazioaz, bizitzaren garestitzeaz, bizilagunen kanporatzeaz, aisialdiaren elitizazioaz, etxebizitzarako eskubidearen urraketaz... haratago, "lehen begiratuan ikusezinak diren egiturazko arazoak dira, auzo guztietan zabalduak".

"Turistifikazioarekin aberasten direnei eta donostiarrei kalteak eragiten ari direnei muga jartzeko unea da -azpimarratu dutenez-; antolakuntzak eta herri-borrokak bakarrik eragin dezake hiri-eredua aldatzea beranduegi izan baino lehen".