Behieko Gaztak: “Gure erronka da nola egin lantalde egoki bat duintasunez bizi ahal izateko”
- 2024 - Aza - 17
Goierrin, Olaberriako Etxeberria Goikoa baserrian egiten dituzte Behieko Gaztak. Etxalde aldizkariaren 84. zenbakian argitaratutako elkarrizketa batean, orekan eta dibertsifikazioan oinarritutako iraunkortasunaren aldeko apustu garbia azaldu dute..
Behieko Gaztak ez dira gaztak bakarrik. Proiektu integralagoa da.
JUDIT: Bai, hala da. Alde batetik integralagoa da baserri honetan bertan, eta horretaz aparte, beste baserri batzuekin kooperazio estua dago.
AITOR: Etxe honetan gaztak egiteaz gain txekorrak gizentzen ditugu, baita oilasko batzuk ere. Guretzako baratza ere lantzen dugu. Juditek esan duen bezala kooperazio maila ezberdinak dauzkagu. Beste bi baserrirekin elkarlanean aritzen gara: Behieko markarekin beraiek esnea eta jogurtak ekoizten dituzte eta guk gazta egiten dugu. Horrez gain, Goieko haragia bezala merkaturatzen dugu okela, Goierriko beste bost ekoizlerekin batera. Gainera, hainbat herritako kontsumo taldeetara joaten gara beste ekoizle batzuekin batera. Esan daiteke badaukagula sare bat elkar babesteko.
Goazen atalka. Txekor haragi eta oilaskoei dagokienez, zein da prozesua?
AITOR: Gure diru sarreren zatirik handiena gazta da, baina etxean jaiotzen diren txahalak eta aurrerako ez direnak gizentzen ditugu eta paketeetan saltzen ditugu, eta behi zaharrak jatetxe bati saltzen dizkiogu, osorik. Oilaskoekin ere gauza bera; autokontsumorako baino lote handiagoak egiten ditugu, eta sobera ditugunak Zeraingo hiltegian hil eta zuzenean saltzen ditugu.
JUDIT: Gure baserriaren dimentsioa oso neurriko da eta oreka eta dibertsifikazioa dira guretzat gakoak.
Gaztari dagokionez, hamar behiren esnearekin egiten dituzue.
JUDIT: Bai, hala da. Hamar behi horien esnearekin gazta mota ezberdinak egiten ditugu. Salmenta moduak errentagarritasunean garrantzi handia dauka, eta horretan lan dezente egiten dugu: salmenta zuzena, denda txikiak, tabernak, kontsumo taldeak, Ordiziako azoka...
Hainbat gazta mota dituzue.
JUDIT: Gazta krema, gazta freskoa, erdi ondua, ondua, laktikoa, mami biguna eta urdina. Gatzurarekin gaztanbera ere egiten dugu. Asko disfrutatzen dugu erronka berriekin. Gaztagintzan zentratzen gara, elkarlanean aritzen garen baserriek jogurta egiten dutelako.
Zein da gaztarik preziatuena?
JUDIT: Nahiko ondo saltzen dira gazta guztiak. Pixka bat bezero motaren arabera doa. Gehien saltzen dena ez da agian deigarriena, errazen jatekoa delako saltzen da gehien.
Hasieran gazta bakarrarekin hasiko zineten...
JUDIT: Lehenengo batekin hasi ginen baina nahiko azkar hasi ginen probak egiten eta beste mota batzuk sortzen. Geneukan esneari aterabidea eman behar genion eta salmentarako erakargarria izan; hortik hasi ginen hainbat mota egiten.
AITOR: Oso lotuta dago gure salmenta ereduarekin. Kontsumo taldetan, denda txikietan... saltzen dugu. Konturatu gara jende berberak momentu ezberdinetarako gazta mota ezberdinak eskatzen dituela eta salmenta zuzenean eskaintza zabaltzeak garrantzia dauka.
Zenbat langile zabiltzate Behieko Gaztak egiten?
AITOR: Dedikazio gehiago edo gutxiagorekin sei pertsona gaude.
Baserritik bizi daiteke eta lanpostuak sortu ere bai!
AITOR: Bai. Hemen janik eta lanik ez da falta!
JUDIT: Esne behiekin gertatzen dena da lana daukazula astelehenetik igandera. Jendea behar da. Beti saiatzen gara nola moldatu egun batzuk libratzeko. Gure erronka da nola egin lantalde eta antolaketa egoki bat duintasunez bizi ahal izateko. Lehen beste era batera ulertzen zen baserriko lana, denborarekin gizartea aldatu egin da eta gu ere bai. Hala ere gu hemen gustura gaude eta bizimodu bat bezala ulertzen dugu.
Produktu ekologikoak baino ez dituzue ekoizten. Nondik dator hautu hori?
AITOR: Etxean hori ezagutu dugu, eta guk ere hola ulertzen dugu nekazaritza. Ez da komertzializazio onurengatik edo holako ezergatik, baizik eta sinisten dugun eredu agroekologikoaren abiapuntua ekologikoan ekoiztea delako. Eta hortik aurrera beste gauza batzuk garatzen goaz: argindarra sortzeko bateriadun eguzki plakak jarri genituen, ontziak berrerabilgarriak edo birziklagarriak dira, zereala ere inguruan erosten saiatzen gara, osasun arazoekin prebentzioaz gain olio esentzialen erabilera landu dugu... Pentsatzen duguna egiten saiatzen gara: diskurtsotik praktikara. Jaikitzen garenetik gauera arteko kontsumo erabakien atzean zer dagoenari buruzko hausnarketa beharrezkoa da.
Jasangarritasunari garrantzia handia ematen diezue.
AITOR: Urte mordoxka dira energia sortzeko eguzki plakak jarri genituela. Orain dela pare bat urte plaka gehiago eta energia almazenatzeko bateriak instalatu genituen. Gainera, sistema bat jarri genuen sortzen den energia ahalik eta hobekien aprobetxatzeko: software baten bidez lehenengo autokontsumora bideratzen da energia, ondoren bateriak kargatzen dira eta soberakina dagoen egunetan noizean behin piztu behar diren makinak martxan ipintzeko aprobetxatzen da.
Beste adibide bat: EH Kolektiboaren bidez sendabelar eta olio esentzialen ikastaro bat egin genuen eta horri esker, botiken erabilera ere oso murritza daukagu... egon beti dago zer hobetu. Gure ustez kontua da norbere buruarekin kritikoa izatea eta hobetu dezakegun horretan hobetzen saiatzea.
Salmenta zuzena egiten duzue azoketan, kontsumo taldeetan... Interneten ere badaukazue denda; sare sozialak erabiltzen dituzue?
JUDIT: Webgunea pandemia baino zerbait lehenago jarri genuen martxan. Ondo etorri zitzaigun, saltzeko eta erakusleiho moduan. Lantzean batek eskatzen dizkigu gaztak internetez. Sare sozialei dagokienez, momentuz ez daukagu, eta barne konfliktoa daukagu gai honekiko: ez dakigu indartu ala ahuldu egiten gaituzten.
Baserri inguruko basoen aprobetxamendua ere egiten duzue.
AITOR: Bai, basoetan zuhaitz espezie ezberdin pila bat ditugu. Dibertsifikazioa eta biodibertsitatea oso garrantzitsuak dira. Belardietan ere saiatu gara itzala sortzen arbolak landatuta, behiek larreetan ura eta itzala eduki dezaten.
JUDIT: Ez dugu ezer berezirik deskubritu. Garai batean baserrian zegoen kultura horixe zen: zegoena aprobetxatu, zaindu eta zikloak itxi.
Zein erronka dituzue aurrera begira?
JUDIT: Gure baserriari begira, hemen gauden lantalde guztiaren bizi-kalitatea hobetzea. Gauzak patxada gehiagorekin egitea, gehiago disfrutatzea egitekoez...
AITOR: Gizarte mailan agroekologiaren inguruan kontzientzia pizten ari da, baina aldi berean ikusten da herria eta baserria asko urrundu direla; falta da ezagutza bat jakiteko zein diren produkzio sistema ezberdinen arteko diferentziak. Guretzako eredua da gakoa eta hori gizarteratzen saiatzen gara nahiz eta batzuetan ez den erreza. Informazio, desinformazio garai hauetan dena naturala, kalitatezkoa... da, eta informazioa propagandarekin nahastuta iristen da gehienetan. Fokua produktutik kendu eta ekoizpen prozesuan jarri beharko genuke.