Emilio Aguillo Arabako Mahastiak sor-markako arduradunak ziurtatu du legearen bidea osorik agortu nahi dutela. EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurkako arrazoia nahiko dituztela azaldu du.
[berria]Ez dute etsi nahi, legezko bide guztiak agortuko dituzte. Arabako Mahastiak jatorri izena bultzatu duten upategien eledun Emilio Aguillok baieztatu du kasazio helegitea aurkeztuko dutela Espainiako Auzitegi Gorenean. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia aztertu ostean, uste dute errekurtsoa aurkezteko nahikoa argudio dituztela.
ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak tramitatuko du helegitea. Berez, 30 egun baliodun zituzten, baina ez dute gehiago itxarongo. «Oso argi badugu, zertarako itxaron gehiago?», aipatu du Aguillok.
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du erabaki bide beretik joko ote duen edo ez, oraindik epaia aztertzen ari baitira. Aguilloren arabera, helegitea ez aurkeztea hobetsiko balute ere, ez luke zertan eragin. «Argi utzi behar da Jaurlaritza dela demandatua, eta haren ondotik eraman dutela auzitara ABRA. Ez dugu zertan eskutik helduta joan, ezta batera aurkeztu ere», zehaztu du.
Abokatuen estimazioaren arabera, litekeena da Gorenak urte eta erdi edo bi urte behar izatea ebazpena kaleratu arte. Kontuan hartu behar da Auzitegi Nagusiak urtebete baino gehiago behar izan zuela. 2022ko urrian argitaratu zuen EAEko Aldizkari Ofizialak Arabako Mahastiak sortzeko baimena, baina bide laburra izan zuen oniritzi horrek, 2023ko apirilean eten baitzuten epaileek, Errioxako Kontseilu Arautzaileak egindako eskaerari erantzunez. Azkenik, iragan azaroaren 7an etorri zen epaia.
Errekurtsoan, auzitan jarri nahi izan dituzte epaia oinarri duten bi txostenak. Batetik, Nekazaritza Ministerioaren txosten batean zalantzan jartzen zuen Arabako Mahastiak sor-markak aurrera egiteko aukera, «legearen hainbat artikulu urra ditzaketelako». Aguillok, baina, azpimarratu du ez dagokiola ministerioari horri buruz erabakitzea. «Gure ustez, autonomia erkidegoaren erabaki esparruan esku hartu du txosten horrek, nekazaritzako eskumenak bere gain dituelako Jaurlaritzak». Gaineratu du jatorri izeneko araudiaren gaineko kontrola Europako Batzordearen organo baten esku dagoela.
Epaian aipatutako beste txosten batek zioen Arabako Mahastiaren sorrerak kalte handia eragin diezaiokeela Errioxa sor-markari, bai ekonomikoki bai izen onari. Argudio horren aurka egin dute helegitean. Aguillok uste du forma akats bat egon daitekeela, txosten hori beste auzi bati dagokiolako eta epetik kanpo gaineratu zitzaiolako prozedura horri.
Laugarren saiakera
Nabarmendu du ez dutela amore emango, eta gogorarazi du ehun urteko historian Arabako Errioxako upategiak lau aldiz saiatu direla euren bide propioa jorratzen. «Errioxa sor-marka sortu eta gutxira eskualde honetan jada egin zen lehen saiakera bat ateratzeko. Hau ez da lau zorok bultzatutako zerbait; ez bat-bateko kontu bat, kontu historiko bat baizik. Inoiz ez dugu hain gertu eduki».
Nahiz eta Jaurlaritzak bere erabaki propioa hartu beharko duen, Aguillok espero du Gasteizko gobernuak helegitea aurkeztea. «Nire iritziz, normalena da demandatuak bere erabakia defenditzea». Gogora ekarri du Arabako Mahastiak sortzeko prozedura oso zorrotz aztertu zuela Jaurlaritzak Europako araudia betetzen duela ziurtatzeko, eta Errioxako Kontseilu Arautzaileak zein Auzitegi Nagusiak hori guztia kolokan jarri dutela deritzo: «Jaurlaritzak Europako araudiaren araberakoa zela esan zuen, eta, epaiak, beste batzuen iritzian oinarrituta, osoko zuzenketa aurkeztu dio horri».
Aguillo Solar de Ayala upategiko arduraduna da, eta, harekin batera, El Mozo Wines, Maisulan, Laukote eta Hermanos Frias del Val upategietako arduradunak daude Arabako Mahastiak taldeko behin-behineko kontseilu arautzailean.