Euskal Herriko energia-komunitateak harremanetan jarriko dituen bigarren mailako sarea eraikiko du Udalbiltza udalen partzuergoak. Prozesuak urtebete iraungo du, eta Euskal Herriko energia-komunitateek marraztuko dute euren etorkizuna.
[naiz:]Udalbiltza Partzuergoak Euskal Herriko energia-komunitateak harremanetan jarriko dituen bigarren mailako sarea eraikitzeko prozesua aurkeztu zuen, Donostiako Kursaal aretoan, ostiralean. Proiektuaren helburua bigarren mailako azpiegitura bat sortzea da, azken urte hauetan sortu diren eta abiatzeko bidean dauden energia-komunitateentzat «baliagarria» izango dena.
Ohar batean azaldu zuenez, hala, sareak «komunitateei lagunduko die izan ditzaketen beharrak asetzen, eta erronkak elkarrekin gainditzeko aukera eskainiko die, energia proiektu horiek sendotzeko».
Aurkezpenean, Udalbiltzako lehendakari Haritz Alberdi Arrillagak partzuergoak azken urte hauetan energia-burujabetzaren inguruan egindako lanketak errepasatu zituen labur-labur, eta Legorretan ekainean egin ziren “Energia-komunitateak: harreman sareak ehuntzen” topaketetako ondorioak azpimarratu zituen:
«Udalbiltza martxan jartzera doan prozesu honek, batetik, energia-komunitateetatik jaso dugun beharrari erantzuten dio. Bestetik, Udalbiltzak energia-burujabetzaren lanketan daraman logikari ekarpen bat egiten dio eta, azkenik, gure lurraldea praktika erreal eta naturalen bidez kohesionatzen laguntzeko bultzada bat ematen dio. Uste dugu energia-komunitateak erdigunean eta protagonista izango dituen Euskal Herri mailako sarearen osaketak trantsizio energetikoa bezalako erronka kolektiboei erantzunik aproposena eman diezaiokeela. Lanketa hori egitera goaz», esan zuen.
Ondoren, Hitzar Energia Komunitateko Jone Etxeberri Agirrek hartu zuen hitza: «Energia-komunitatea sortzerakoan konturatzen zara zeinen garrantzitsua den taldean, aipatutako komunitatean, elkarrekin lan egitea. Baliabide ekonomikoak izatea oso garrantzitsua bada ere, nekez egingo dugu aurrera komunitaterik gabe».
Sarea ehuntzen
Oihana Lorea Zabalegik (Artelan) eta Idoia Zulet Galek (Arankoa abokatuak) azaldu zutenez, prozesuak arrakasta izan dezan talde eragile sendo bat osatu beharko da.
«Horretan, Euskal Herriko hainbat txokotako energia-komunitateak egonen dira erdigunean, gizarte ekonomia izanen dute ardatzean, eta jakintza teknikoen bidez ahaldunduko da taldea, erabakiak elkarrekin hartzeko, hala nola ildo estrategikoak finkatzeko, gobernantza ereduaz solastatzeko edo sarearen forma juridikoaz eztabaidatzeko», azaldu zuten.
Prozesuak urtebete iraunen du eta 4 saio presentzial eta 7 online saio aurreikusten dituzte. 2025eko udarako prest egongo litzateke sarea.