Hendaiako Legarraldea lur eremuan berriki plantatua, Anne-Laure Cabrol baratzezainak andeatze handiak pairatu zituen azaroaren 24ean gure lurraldea astindu zuten haizeteengatik. Negutegi bi guziz hondatu zitzazkion, eta kalteak estaltzeko xedez, diru-bilketa abian eman du Inter-Amap-ek.
[Kazeta]Iragan azaroaren 24an haizeak azkarki ufatu zuen Lapurdiko kostaldean. Horren ondorioz, badira bi urte baino gutiago, 16.000 euro ordainduta, Anne-Laure Cabrol baratzezainak Hendaiako Legarraldea laborantza eremuan eman zituen negutegi bi guziz hondatu ziren.
«Maleruski, bere asegurantzak ez ditu andeatzeak estaltzen eta baratzezainak ezin ditu negutegi berriak erosi oraindik ere lehen instalazioaren gaineko kredituak ordaintzen ari delako», azaldu du herri laborantzaren alde jarduten duten kontsumitzaileen elkarteak biltzen dituen Inter-Amap-ek.
Horrendako, helloasso plataformaren bidez sosa biltzeko kanpaina eman du abian. Helburua 20.000 euro biltzea da. Dagoeneko 16.000 eurotik gora jaso dituzte.
«Anne-Laurek behar gaitu okiko barazki ekologikoak eta kalitatezkoak landatzen segitzeko», gaineratu dute elkartasun kanpainaren sustatzaileek. Oroitarazi dutenez, ekoizleak 40 familia inguruk jasotzen dituzten barazki saskiak hornitzen ditu Urruña eta Hendaiako Amap-en bidez. Horretaz gain, Bidarteko udako azokan parte hartzen du eta hainbat tokiko kooperatibetan, hala Hendaiakoop-en nola Donibane Lohizuneko Olakoop-en, baita Baionako Atalante Bistroan ere, bere mozkinak salduz.
Ibilbide berezia
Anne-Laure Cabrolen ibilbidea berezia da, 32 urte zituela eman baitzen laborari gisara. «Hirigintzaren alorrean hasi nintzen, baina fite ohartu nintzen beste norabide bat nahi duela hartu, betidanik interesa izan dudalako elikadura burujabetzari buruz», aitortzu zion Legarraldean plantatu berria zelarik Mediabask hedabideari.
Ez zen esku hutsik arribatu. Herri laborantza eta agroekologiari buruzko diploma besopean ekin zion ibilbide berriari. Beste hamar bat langile ikastunekin batera, 2021an sortu zen formazioa segitu zuela nabarmendu daiteke. Aipaturiko diploma Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateak (UPPA) sortu zuen, elkarte munduko hainbat eragilerekin partaidetzan. Hemen, EHLG, BLE edo Inter-Amap bera formazioaren sorreran ibili ziren.
Aitzinetik, etxaldeko arduradun bilakatzeko baitazpadakoak diren ezagutzak lortzeko, hala nola, kudeaketaren gainean, ura aurrezteko edota biodibertsitatearen errespetuan aritzeko, lan heziketaren formazioa osatu zuen Izuran (Baxe Nafarroa).
«Nire helburua etxaldea sortzea zen», laburbildu zuen elkarrizketa horretan Legarraldeko lurretan erdibideko aukera bat atzeman zuen baratzainak.
Bert tenpestak utzitako andeatzeak oztopo handia bilakatu dira Hendaiako laborariarentzat. Bai orduan baita ondotik ere aroak bereak egin dituela Ipar Euskal Herriko beste hainbat etxaldetan ahantzi ezin bada ere.
Lapurdiko kostaldean laborantza lurrak urriak dira
Sostengu kanpainari esker bilduko den dirutzak bere lehenengo uztan Anne-Laurek jazotako galtzeak orekatuz, bere jarduerarekin segitzeko behar dituen instalazioak berriz ere plantan ematea ahalbidetu behar lioke baratzezainari, non eta elikagaien ekoizle guti dagoen eskualdean.
Lapurdiko kostaldean laborantzak dituen arazoak denon ahotan dira. Bertan gero eta laborantzako lur gutiago gelditzen dira, etxe-eraikitzaileen presiopean, eremuak urbanizatzeko joera nabarmena delako. Egoerari aurre egiteko urrats esanguratsua egin zuen Hendaiako Herriko Etxeak 20 hektareako Legarraldeko lur-eremua erosita 2019. urtean.