Animaliekiko interesa piztu nahi du Iker Elosegik argitaratu berri duen 'Euskal Herriko fauna gida' liburuan. Lurraldeko bioaniztasuna aztertzeaz gain, natura behatzeko gomendioak ere ematen ditu.
[berria]Ez da katalogo bat, gida bat baizik. Hamarkadetan zehar, Europatik kanpoko bidaietan ere, Iker Elosegi biologoak eta Euskal Herriko Laborantza Ganberako koordinatzaileak hegazti eta ornodunei buruzko informazio anitz bildu du. Haien ezaugarriak, bizimoduak eta izandako eboluzioa aztertu ondoren, etxeko leihotik ikus daitezkeen animalien inguruan gida bat sortzea erabaki zuen 2021ean. Aurten Elosegik argitaratu duen Euskal Herriko fauna gida da lanketa horren emaitza: «Asmoa zen liburu bat egitea non jendeari esplikatzen zaion sukaldeko leihotik ikusten diren abereak hortxe daudela; ez da beharrezkoa munduaren beste parte batera joatea horiek begiztatzeko».
Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duten mendikateek osatzen dute, eta haien artean sortzen diren errekek ureztatzen dute eremua. Klima ozeanikoaren mende da isurialde atlantikoa, batetik, eta klima mediterraneoaren mende dago hego isurialdea, bestetik; gainera, basamortu gisa izendatu daitekeen eremua ere badago. Lurralde menditsua babesleku izan da landare eta animalia espezie askorentzat, Elosegik azaldu duen bezala; izan ere, berrehun hegazti espezie inguru, laurogei ugaztun, 27 narrasti, 18 anfibio, ur gezatako berrogei arrain eta milaka intsektu bizi dira han.
Hala ere, biologoak ez zuen nahi lurraldeak dituen espezieen katalogo zabal bat osatzea, ez baitago «gauza aspergarriagorik» irakurtzeko: «Gainera, katalogoa ezin da sostengatu. Kasik urtero aurkitzen dira espezie berriak, eta batzuetan aurkitzen dira sekula deskribatu ez diren espezie batzuk ere».
Gizarteak naturarekin duen harremana indartzea da liburuaren helburua, inguruan dagoen bioaniztasuna izendatzea. Naturatik fisikoki urrundu den gizarteari lurraldearen aberastasuna erakutsi nahi dio Elosegik, ez dela beharrezkoa munduko beste lurraldeetara begiratzea: «Hamar urteko haur bati eskatzen badiozu izendatzeko zazpi basapiztia, Afrikako handienak esango ditu, baina, segur aski, ez ditu tokikoak izendatuko».
Sai arrea, otsoa, hartza, ugatza eta sai zuria dira liburuan aipatzen diren batzuk; animalia horien bidea trabatu gabe ikus daiteke. Baina horretarako natura behatzeko saiakera egin behar dela azpimarratu du Elosegik: «Jendea beste mundu batera pasatu da, eta ez dago harremanik ingurumenarekin eta abereekin; hori desagertu egin da». Naturatik urrun bizi direnak badaude, baina natura kontsumitzeko joera dutenak ere bai: espezie jakin bat ikusteko beharra izatea, eta, hori ikusi ezean, horren falta sumatzea.
Aniztasuna arriskuan
Elosegik argi du Euskal Herriko bioaniztasuna arriskuan jartzen duen arrazoietako bat: giza jarduerek natura suntsitzen duten ideia. Biologoaren ustez, natura giza jardueretatik kanpo utzi behar den printzipioan oinarritutako erabaki politikoak ez dira beti oso eraginkorrak; herri laborantza eta laborantza iraunkorra proposatzen du bioaniztasuna babesteko bide gisa.
«Sortu dugun eredu sozioekonomiko globalizatuko giza jardueren ondorio zuzena da bioaniztasunaren galera, habitaten suntsiketa eta klima aldaketa globala», argudiatzen du idazleak bere liburuan. Giza jarduerek eragin zuzena dute ekosisteman, eta Elosegik gertutik ikusi du Euskal Herriko oihanen bilakaera: hegaztiek haien migrazioa aldatzea, intsektuen desagerpena eta basoen lehortea dira lurraldean sumatu dituen ondorio batzuk.
«Gaztea nintzenean ikasi nituen txorien izen zientifikoak erabat aldatu dira. Jakintza aldatzen da, eta horrek esan nahi du umiltasun pixka bat behar dela aldaketetara ohitzeko», aipatu du Elosegik. Prismatikoak eskuan izanik, eta aldaketan murgilduz, etxeko leihotik Euskal Herriko bioaniztasuna behatzen jarraituko du biologoak: «Basabereak ikusteak eta behatzeak gure jakin-mina hauspotzen du. Espezieak ezagutzeko, izendatzeko, gehiago jakiteko eta ulertzeko grina sortzen digu».