Xüxenka, tokiko ekonomiaren berpizkundea

Maulen, ekoizleen lehen saltegi kolektiboak ateak irekiko ditu abenduaren 14an. Zirkuitu laburrak eta laborantza iraunkorra balioetsiko ditu.

xuxenka

[Kazeta.eus]

Maulen, Pasteur karrikak proiektu berritzaile baten sorleku izanen da, bertan zabalduko baititu ateak Xüxenkak, tokiko ekoizleen lehen saltegia. Abenduaren 14an, larunbatarekin, inauguratuko dute tokiko ekonomiaren berritzearen sinboloa, zirkuitu laburrak, laborantza iraunkorra eta ingurumenarekiko errespetua oinarri dituena. Bere izena xiberotarretik heldu da, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko lotura «zuzena» azaleratzeko.

Laborariek eraman proiektu kolektiboa

Xüxenka «bi urteko gogoeta eta lanaren» emaitza da, herriko hamaika etxaldek eramana. «Bi urte daramatzagu borrokan», adierazi du Maialen Camblongek, Urdiñarbeko fruitu ekoizleak. Hastapen batean, Eskualduna jatetxeko Bettan Bordagarayk proposatu zuen hondamendian zen lokal hori tokiko produktuen saltegi bilakatzea.

Ideia hori gauzatzeko, laborariek interes ekonomikoko elkarte bat osatu dute. Egitura juridiko horri esker, denda elkarrekin kudeatzen ahal dute, nork bere ustiategiaren autonomia zaintzearekin batera. «Bilkura anitzen eta eraberritze lan handien ondotik», 100 m²-ko lokala Xiberoko laborantza jakintzaren erakusleiho bilakatzear da.

Postuetan produktu, fruitu, barazki, gasna, haragi edo ezti anitz atzematen ahalko dira, inguruko etxaldeetan landatu edo ekoitziak. «Sortzetiko partaideez gain, tokiko beste etxalde batzuk etorriko dira eskaintza aberastera, elikagaien birkokatzea eta ekonomia bidezkoagoa bultzatzeko», adierazi du kolektiboak.

Ekonomia iraunkorra, solidarioa eta hurbilekoa

«Laborantza ekologikoaren, Idoki etxaldearen edo tokiko deituren bidez ematen diegu produktuei egiaztapena. Hemen, bitartekaririk ez», dio Maialen Camblongek. Ekoizleek berek bermatzen dute saltokiko salmenta. «Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzen horrek gardentasuna bermatzen du eta ingurumena errespetatzen duten laborantza praktikak balorean ezartzen ditu», gaineratu du.

Xüxenkan egiten den erosketa bakotzak zirkuitu hori elikatzen laguntzen du, hau da, produktuek egiten dituzten kilometroen murriztea, bitartekarien mugatzea eta tokiko enplegua laguntzea. Eredu horrek lanaldi erdiko postu baten sortzea ahalbidetu du jadanik. «Pertsona bat lanaldi erdian kontratatu ahal izan dugu», poztu da Camblong, proiektu honek beste ekoizle batzuen interesa piztu duelako kontent ere, hala nola, «Sarrikotan bizi diren baratzezain gazteek».

Xüxenkak trukaketa leku bilakatu nahi du. «Mauleko ekoizle denda bakarra da», oroitarazi du Maialenek: «astean bost egunetan irekia izanen da, eta animazioak, tailerrak eta dastaketak antolatzeko asmoa dugu» iragarriz. Giza interakzio gune honekin, proiektuak ekoizleen arteko loturak ere sendotuko ditu. Maialen Camblongen hitzetan, «laborarien ofizioa errazago bilakatzen duen» sustengua.