Guztira, 120 partaide bildu dira Busturialdeko eta Urdaibaiko plan estrategikoaz gogoeta egiteko partaidetza mahaietan asteazkenean eta ostegunean. Guggenheim Urdaibai Stop plataformaren ustez, «apaingarri justifikatzaile bat» izan dira.
[berria]Itzal bat baino ez da izan. Museo proiekturik ez dute aipatu Busturialdea-Urdaibai eskualderako plan estrategikoa adosteko egindako parte-hartze mahaietan. Eskualde osoari eragingo dioten proiektu ideiak eta jarduera ildoak bilatzeko bost mahai tematiko antolatu dituzte asteon, eta 120 pertsonak hartu dute parte. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko hogei udalek osatutako talde eragileak bultzatu dituzte partaidetza foro horiek, eta asteazken eta ostegunean egin dituzte saioak.
Inguruaren gabeziak eta aukerak aztertzen dituen diagnosi bat izan dute horretarako oinarri, baina, museoaren proiektuari buruzko debatea publikoa den arren, eta erakundeek esana duten arren eskualderako proiektu motorra izan daitekeela, Urdaibaiko Guggenheim museoaren proiektuaren aipamenik gabe egin nahi izan dituzte parte-hartze saio horiek.
Eskualdeko eragile ekonomiko eta sozialek hartu dute parte saio horietan, eta, udal batek gonbidatuta, Guggenheim Urdaibai Stop plataforma ere izan da bertan. Plataformak «harrigarri» iritzi dio museo proiektua ez aipatu izanari. Horregatik, esan dute Guggenheim museoari buruz hitz egiteko aukera baztertzen duela erabaki horrek. «Foro hau, antolatuta dagoen moduan, inposizioz burutu nahi den zerbaiten apaingarri justifikatzailea da».
Eskualderako plan baten alde agertu da plataforma, hedabideetara bidalitako oharrean adierazi duenez, baina ez dute uste Guggenheim museoaren proiektua denik horretarako bidea. «Behin betiko geldiarazi behar da».
Partaidetza foroan aipatutakoak kontuan hartuta ere, talde eragileak izango du azken hitza, eta 2025eko udaberrirako erabaki nahi dute zer egitasmo jarriko dituzten abian.