Arrantzaleek proposatzen dute Espainiako Estatuari dagokion kuota kofradien artean banatzeko sistema bat ezartzea, eta ondoren erakunde horiek euren kabuz antolatu ahal izatea.

[
eitb.eus]
Antxoaren kanpaina gaur, hilak 10, abiatuko da kuoten egungo sistemarekin, ontzikako kupoekin, baina maiatzean alda daiteke.
Joan den astean bideokonferentzia bidez bildu ziren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa eta sektorea. Sektoreak, ekoizleek eta erkidegoek —tartean, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE)— antxoa kupo sistema aldatzeko proposamenak egin dituzte.
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Arrantza sailburuak azaldu duenez, Bizkaiak eta Gipuzkoak, Kantauriko beste flota batzuek bezala, bestelako kupoak nahi dituzte.
Gaur egun, Ministerioak, ebazpen baten bidez, eguneroko harrapaketa muga batzuk ezartzen ditu itsasontziko. Ebazpena Kantauriko Arrantza Ekoizleen Erakundeen Elkartean (Opescantabrico) lortutako akordioetan oinarritzen da. Elkarte horrek ontzien % 90 inguru ordezkatzen du.
Kantauriko arrantzaleen proposamena Estatuari dagokion kuota kofradien artean banatzeko sistema bat ezartzea da, erakunde horiek euren kabuz antola dezaten euren burua eta bazkideentzat arauak jartzeko ahalmena izan dezaten. Hori eginda, itsasontziek Estatuko kuotaren ehunekoaren barruan egin ahal izango duten harrapaketa osoa zein izango den jakingo dute.
Barredok azaldu duenez, horrela kudeatu ahal izango litzateke nola arrantzatu, noiz joan arrantzara eta zenbat arrantzatu: "Merkatuaren unean uneko beharrak aurreikustea da kontua, eta ez salneurriak jaitsiko dituzten harrapaketa handiak egitea, jarduera errentagarria izan dadin".
Ministerioaren arabera, bileran ondorioztatu da arrantza kudeatzeko eredurik onena sektorearen akordio batean oinarritu behar dela, eta, beraz, Arrantza idazkari nagusiak eragileei dei egin die elkarrizketa bat martxan jartzeko, akordio bat lortzeko.
Arazoa da kudeaketa sistema berria martxan jartzeko Ministerioaren agindu bat behar dela, eta, gainera, prozesuak bi hilabete behar ditu, maiatzaren erdialdera arte luza daiteke.
Arrantzaldia aste honetan hasiko denez, akordio bat lortu eta Ministerioaren agindu berria argitaratu arte, orain arte bezala funtzionatuko dute arrantzaleek.