Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren bitartez, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) deialdia ireki du, apirilaren 30era arte. Nekazaritza-ustiategien 2.900 titular inguruk, eskabidea aurkezteko, bulego hauetara jo ahal izango dute: herritarren arretarako eskualde-bulegoak eta Gertu, foru-erakundeak Deustun duen bulegoa eta Karrantzako eskualdeko nekazaritza-bulegoa. Aurten, gainera, LORRAren bidez ere aurkeztu ahal izango dute.

[
Bizkaiko Foru Aldundia]
Bizkaiko Foru Aldundiak, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko Sailaren bitartez, Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) laguntza-deialdia ireki du, 2025eko kanpainarako. Laguntza horiek guztira ia 14 milioi eurokoak dira, eta lurraldeko nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpena babestea dute helburu. Eskabideak aurkezteko epea irekita dago jada, eta 2025eko apirilaren 30era artekoa izango da.
Kanpaina honetan, Bizkaiko nekazaritza-ustiategien 2.900 titular inguruk NPBaren eskabide bakarra izapidetu ahal izango dute. Izapideak herritarrei laguntzeko eskualde-bulegoetan eta Gertun, Karrantzako eskualdeko nekazaritza-bulegoan eta Bizkaiko Foru Aldundiak Deustun duen bulegoan egin ahal izango dira. Aurten, berrikuntza gisa, eskabideak LORRA kooperatiba-sozietatearen kudeaketa-zentroaren bidez ere kudeatu ahal izango dira. Prozesua errazteko, Nekazaritza Zuzendaritzak jakinarazpen bat bidaliko die onuradunei, eskabidea aurkezteko esleitutako tokia, eguna eta ordua adierazita. Gainera, Nafarroako Rural Kutxak NPBren ordainketak aurreratuko ditu.
Bi laguntza mota
Eskabide bakarrean jasotako laguntzak bi multzo handitan banatzen dira. Lehenengo zutabeak, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsak (NBEF) finantzatuta, 9 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du, eta nekazaritza- eta abeltzaintza-ekoizpenerako zuzeneko laguntzetara bideratuta dago, baita ingurumen- eta klima-konpromisoekin eta garapen iraunkorraren inguruko beste alderdi batzuekin lotutako neurrietara ere.
Bestalde, bigarren zutabeak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatuta, ia 4 milioi euro ditu; horietatik bi milioi euro muga naturalak eta espezifikoak dituzten mendi-eremuetarako laguntzetara bideratuta daude, eta 1,8 milioi euro nekazaritza eta ingurumeneko laguntzetara.