Asanblea Nazionalak onartu du laborantza lurren babesteko Dufauk aurkezturiko lege egitasmoa

Peio Dufauk, Euskal Herria Baiko (EH Bai) diputatuak aurkezturiko laborantza lurren atxikitzeko lege egitasmoari behin-behineko onespena eman zion frantziar Asanblea Nazionalak.

Peio Dufau

[kazeta]

Euskal hautetsiak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, sostengu zabalarekin -bozketa parte hartu duten diputatuen %96,6k aldeko botoa eman du- izan da onartua proposamena.

Euskal hautetsiak oroitarazi duenez, laborantza alorreko sektore ezberdinekin landua izan den egitasmoak sindikatu guzien sostengua jaso du baita ere.

Lege proposamenaren xedea da laborantza lurren desagertzearen aurka tresna berria eskaintzea, besteak beste, laborantza lurren prezioen erregulazioa indartuz.

Esaterako, etxalde baten transmisioaren mementoan egoitza eta lurren artean tratamendu bereizia ahalbidetzen du, lehen irakurketan onartua izan ondoren, senatariek eztabaidatu behar duten testuak.

2023an, laborantzarako ziren 27900 hektarea (2,5 aldiz Pariseren zabalera) galdu dira bizitegi eta aisialdi desberinen mesederako. Kontsumo gordetua deitutako fenomeno maltzur honek elikadura burujabetza mehatxatzen du.

«Datozen 10 urteetan, laborari asko erretretara joanen dira. Ondorioz, laborantza lurren 10 milioi hektarearen geroa zalantzan dago. Demografiaren aldaketa horrek Saferren aitzinetik erosteko eskubidea indartzea eskatzen du, argi eta garbi», defendatu du Dufauk.

Lege egitasmoa defendatzeko Asanblea Nazionalean eginiko hitzaldian, Peio Dufauk 2021ean Arbonan buruturiko laborantza lurren okupazioa eman du adibide gisa, «mobilizazio horri esker, lur horien lehen bokazioa mehatxatzen zuen salmenta espekulatibo bat eragotzi zela» oroitaraziz. «Abertzale gisa, lurrari lotuta izanik, badakit gure arbasoek transmititu zigutena gure seme-alabei itzultzearen garrantzia» gaineratu du hautetsi ziburutarrak, «gure lurrak zaintzeko baliabideak» sortzeko lebegiltzarkideen engaiamendua galdetu aitzin.