Stephan Maury Hegalaldia elkarteko sortzaile eta zuzendariak argi du «otsoa ez dela gaiztoa», eta mendiaren erabilpen anitzak kontuan harturik, konponbide sinpleak ez daudela oharrarazi du. KAZETArekin bere gogoeta partekatu du basa-fauna artatzeko zentroko arduradunak.

[
kazeta]
* Stephan Maury Hegalaldia elkarteko sortzaile eta zuzendaria da. Hegalaldia natura babesteko elkartea da, eta Pirinio Atlantikoetako Fauna Basatiaren Arretarako Zentro bakarra kudeatzen du.
Iragan otsailaren 22an herritar batek jakinarazi zuen otsoaren itxura zuen animalia ikusi zuela, Larhun aldean, Azkainen. Handik egun batzuetara, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak baieztatu zuen otsoa zela, eta martxoaren 2tik 3rako gauean, Bardozeko artaldeetan sufritutako erasoak ere otso batek eginak zirela baieztatu zuen.
Otsoaren presentziak zein ondorio izan ditzake Ipar Euskal Herrian?
Hasi baino lehen, argia izan nahi dut: ez naiz otsoaren espezialista, baina oinarri sendoak ditut eta otsoaren presentziari loturiko ondorioak aztertu ditut hainbat sektoretan. Egia da, otsoaren presentziak elkarbizitza arazo handiak ekarriko ditu.
Euskal Herriko mendialdean, abere hazkuntzan eragin handia izanen du. Hazkuntzarik gabe, euskal mendia ez da gehiago euskal mendia izanen. Mendia hetsiko da, oihanari lekua uzteko. Naturalista gisa, niretzat ez da hain larria, biodibertsitate berri bat sortuko delako, baina biziki garrantzitsua da alde gizatiarra, ekonomikoa, soziala eta kulturala kontuan hartzea.
Artaldeetan zehazki, otsoaren erasoek ondorio desberdinak izaten ahal dituzte. Aberea bera galtzea, eta galdu ez direnei ere eragindako estresa. Horrek, adibidez, esne gutiago produzitzea ekarri dezake, baita abortuak ere.
Zer egin behar da aterabideak atzemateko?
Otsoaren kudeatzea lortzeko aterabide bakarra, nire ustez, elkarren artean hitz egitea da. Izan laborari, hazle, sindikatu, ingurumenaren babeserako lan egiten duen elkarte… mendialdean lan egiten duten aktore guziak elkartu behar gira, eta denen artean estrategiak plantan jarri.
Damu naiz, bagenikielako azken hamar urteetan otsoa kolonizazio fasean zela eta momentu batean edo bestean Euskal Herrira iritsiko zela. Bagenekien, baina ez da fitsik egin, aktoreak ez dira galdekatu. Orain otsoa hemen dela, memento egokia da denen artean mintzatzeko eta aterabideak atzemateko, jakinda bakoitzak konpromisoak hartu beharko ditugula. Lurralde ekologia ikuspegia lehenetsi behar da.
Baimendutako tiroak onartzeko prest agertu da Prefetura. Aterabide bakarra da?
Ez naiz tiroaren aldekoa, hori argi da. Gehienetan, onurak baino, arazoak ekartzen ditu. Otso saldo batean, bikote nagusi bat bada, 'alpha' deitzen dena. Bietako bat desagertuz gero, saldo osoa lehertzen da, desorekatzen da, eta egoera horretan, oraindik eraso gehiago gertatu daitezke. Ez da kasua Euskal Herrian, mementuz otso bakarti bat baizik ez delako identifikatu, ez saldo bat, baina agian otso gehiago badira. Ez dakigu. Kasu handia egin behar da.
Zein dira hobetsi daitezkeen aterabideak?
Ez dut nik erabakiko, baina aterabide andana badira, tiroaz aparte. Ahal dira eremuak bereizi: otsoa onartzen duten eremuak sortuz, eta aukera hori baztertzen duten eremuak finkatuz. Otsoarekiko tolerantzia duen eremuan hainbat neurri plantan ezartzen ahal dira, otsoa onartua ez den eremuan posible ez direnak. Esaterako, Pirinioetako mendiko zakurrak, patu izenekoak, artaldea babesteko biziki onak dira. Astoekin batera jarriz, otsoa hurbiltzen dela fiteago jakinen du txakurrak, astoek entzumen biziki ona dutelako.
Aukera hori hazleentzat karga gehigarri bat izan daitekeela onartu behar da, frantziar Estatuak ez badu laguntzen, arazoak izaten ahal baitira. Zakurrak artaldea babestera ohituak dira, turistak hurbiltzerakoan... arriskua egon daiteke jende mugimendu handia baden eremuetan. Gauean artaldea hesi elektrikoz inguratua den eremu batera eramatea beste aukera bat da.
Horiez gain, erran behar da otsoari aurre egiteko aterabiderik eraginkorrena gizakiaren presentzia dela. Frantziar Estatuan barna, hainbat elkarte badira artzainak formatzen dituztenak, hazleak laguntzeko, eta gau eta egun, artaldea zaintzapean egoteko. Praktika hori anitz garatzen da, adibidez, Bretainian. Ez da ahantzi behar otsoa animalia beldurtia dela.
Baina izan xakurrak, astoak, beste artzain batzuen laguntza, hesiak… Denen artean aztertu beharreko aterabideak dira. Proposamen batzuk baizik ez dira. Gaurko egoeran lehentasuna da denon artean mintzatu eta aterabideak xerkatzea.