Sindikatuek eta Etxaldek bat egin dute apirilaren 5erako pentsiodunek deitutako mobilizazioekin

ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta Hiruk bat egiten dute gutxieneko soldataren eta pentsio justu eta nahikoen aldeko borrokarekin, eta Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan mobilizatuko dira..

Movimiento de Pensionistas de Euskal Herria

[ELA]

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu apirilaren 5erako Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan, `Soldata eta pentsio duinak. Orain, hemen eta denontzat. Por unas pensiones y un salario mínimo justo y suficiente´ lelopean. Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegile bat bultzatu zuen duela hilabete batzuk, pertsona guztientzat bidezko pentsioak eta nahikoak lortzeko. Aldarrikapen zehatza pentsioen osagarria lortzea da, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatu arte. Hego Euskal Herrian LGS propiorik balego, hori litzateke erreferentzia.

ELAk, LABek, ESK-k, STEILASek, Etxaldek eta Hiruk partekatzen duen aldarrikapena da, alegia. Are gehiago, soldata eta pentsio duinen aldeko borroka pobreziaren eta gizarte bazterketaren aurkako borroka bateratua eta osagarria dela diote, pobreziak gora egin baitu azken urteetan. Aldarrikapen horiek pentsiodunak eta gehiengo sindikala batu zituzten 2020ko Greba Orokorrean.

Duela hilabete batzuk, ELA, LAB, ESK, STEILAS, Hiru sindikatuek eta Etxalde mugimenduak osatua, bide bateratu bati ekin zion Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa lortzeko, bi bide posibleren bidez: lanbide arteko akordio bat eta Herri Ekimen Legegile bat eskumena lortzeko eta hemen gutxieneko soldata propioa erabaki ahal izateko.

Oraingoz, ordea, patronalek uko egin diote LGS propio baterako aldarrikapenari buruz hitz egiteari, nahiz eta gizarteak onartzen duen Estatuak ezarritako gutxieneko soldata Euskal Herrian bizitzeko guztiz eskasa dela, kexu dira sindikatuak. Horrek bereziki eragiten die sektore feminizatuei, arrazializatuei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei edo lan-merkatuaren prekaritateagatik, etxebizitzaren arazoagatik eta abarrengatik independizatu ezin diren gazteei.

Gutxieneko soldata propioa lortzeko Herri Ekimen Legegileari dagokionez, nahiz eta Eusko Legebiltzarrak tramitera onartu duen, Nafarroako Parlamentuak atzera bota du, “milaka langile zaurgarriri bizkarra emanez”.

Beraz, sindikatuek ezinbestekotzat dute mobilizatzea eta Pentsiodunen Mugimenduarekin aliantzak eraikitzea, Hego Euskal Herriko pertsona guztientzat pentsio eta soldata duinak eta nahikoak lortzeko. Horregatik, elkarrekin mobilizatuko dira apirilaren 5ean Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan.