Mikel Iribarren: «Iparraldeak estimu handiegia die kanpoko aberatsei» [Mikel Hiribarren]

[Argia]

Apezgai ikasketak egin zenituen…

Hemengo giroak horretara bultzatzen zuen. 10-11 urterekin sartu ginen azken belaunaldia izango da gurea. Baxoaren ondotik atera nintzen. Nekazaritza edo beste edozer egitea ez zitzaidan inporta, baina ezjakintasunak orduko nekazal mundua menpean atxikitzen zuela sinesten nuenez, argitasuna ukan eta ikasketak egitea garrantzitsua zitzaidan. Dena errateko, kontraesan bat nuen, uste bainuen jakitateak ematen zuela boterea, eta garai hartan ez genuen botererik nahi! Urte pare batez soziologia ikasi nuen eta handik soldaduskara deitu ninduten. Soldaduska errefusatu eta kontzientzia-eragozle figura baliatuz, Zuberoako elkarte batean aritu nintzen nekazari ttikiei laguntzen. 1980ko martxoaren 26an itzuli nintzen gurasoen etxaldera lanera. Adiskide artzain batek, gainean zeraman bonba lehertuta, bizia galdu berri zuen Baionako ospitalean. Militantzia urteak ziren, bai Euskal Herrian, bai nekazal ofizioan. Herri askotan gazteria mobilizatzen hasia zen lana berreskuratu eta baserri mundua gure eskuekin erabiltzeko. Ordukoak dira ELBren inguruko sortze gogoetak, kooperatiben mugimendua, IK-ren hastapenak, kultur giro baten lehertzea… 1975etik 1980rako urteak biziki emankorrak izan dira Iparraldean. Hala, militantzia molde bat zen nekazaritzan abiatzea.

Laborantza molde jakin batean abiatzea izanen zen militantzia, ezta?

Ez zen baitezpada hauturik. 1980an hemengo baserriak ez ziren merkatuko dinamikan sartuak, etxez etxeko ekoizpena zen nagusi. Ondoko hamar urteetan hasi gara. Frantziako beste eskualdeekin konparatuz, ohargarria da Iparraldean jende anitz egon dela biziki etxalde egitura hertsi eta ttipietan. Politikari guziek erraten dute laborantzari dagokionez ere oso bereziak garela. Gainontzeko eskualdeetan laborantzatik bizi ahal izateko 70 edo 100 hektarea behar dituzte, hemen 15 edo 20rekin bizitzea posible dela frogatu dugu. Denek miresten dute hemengo dinamika, baina ez dute asmorik beste eskualdeetan bultzatzeko. Hastapenetik Frantziako logikan sartu izan bagina batek daki zer izanen ginatekeen orain. Merkatuaren dinamikan gibelapenez sartu izanak salbatu gaitu, agian. Gibeletik jiteak sekulako abantaila ematen du batzuetan.

Bigarren Mundu Gerraren ondotik, ekoizteagatik ekoiztearen mentalitatea inposatu eta munduari jaten emateko misioa hartu zuen beregain Frantziako laborantzak. Zer gelditzen da egun?

Orduan milioika laborari zeuden Frantzian, 500.000 gelditzen dira egun. Beste modu batean jokatu balitz, enpleguak lehenetsi balira, arras beste nekazaritza eredu bat sortuko zen. Baina garai hura berezia zen, industriak besoak behar zituen lanerako, eta laborarienak fidagarriak izaki, erraxki erakarri zituen. Hori aspaldi bukatu zen, alta, industriak ez du jada laborarien besorik behar, eta nekazaririk ez da gelditzen. Nola uzkali egoera? Nola konbentzitu politikariak beste eredu batera joateko tenorea dela? Confédération Paysanne eta ELBk nekazaritza herrikoi eta iraunkorra proposatzen dugu. Pikoan den modeloa da, gizon-emazteak laborantzan atxiki edo berriz lurrari lotzen dituena, eta Via Campesinatik datorren elikadura burujabetzarekin bat egiten duena. Ahalak ez dira eskas. Frantzia bezalako herrialde batean 10 bilioi euro banatzen dira urtero Europatik. Banaketa sistema justuagoa balitz, ez balitz lur eta abere kopuruaren araberakoa, arras bestelako bazterrak behar genituzke hemendik hamar urte baino lehenago. Baina politikariek hazkunde ekonomikoa baizik ez dute miresten, Frantziako kanpo-ekonomiaren orekaren izenean baitezpadakoa omen da esportazioa atxikitzea, eta denek uste dute laborari mundu hau bakandu behar dela herrialde moderno bat izateko. Hori guti ez eta Frantziako sindikatu nagusia, FNSEA, horren hazle da, eta multinazionalen sareak ilunpetan gauzka.

Laborantza politikak politikari eta multinazionalek pentsatzen dituzteno, nola egin argi ilunpetan?

Zaila da, laborantza politikak ez baitituzte politikari eta firma handiek soilik egiten, heien esku diren laborarien laguntza dute. Gurean, ez dakit gure kontra ditugun ordezkariak firmen esku ote dauden, baina Frantzian, ofizioaren lidergoan diren nekazariak, gobernuarekin eskuz esku doazenak, gisa batez edo bestez firmen menean dira. Horrek noraez eta zentzugabekeria ulertezinak sortzen ditu. Iparraldean, badira gure lurraldearen guztiz aurkakoa den FNSEAren politika promozionatzen duten laborari ordezkariak, pribatuan aterabidea laborantza herrikoi eta iraunkorra dela onartzen dutenak. Zentzu horretan, Frantziak berriki arto GEOak (Genetikoki Eraldatutako Organismoak) debekatu izana sekulako garaipena da. Ez da guti jendarte eta laborari mundu batek multinazionalen mamua gibelaraztea. Alabaina, multinazionalen aurkako guda ez da sekula bukatzen. Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko tratu ekonomikoak dira horren adibide. Isilpeko tratu horiek aitzina eramaten badituzte firmen garaipena izanen da, estatuen gainetik herrialdeetan nahi dutena egiteko esku izanen dira. Oraintsu, François Hollandek bere etorkizunerako ikuspegia aurkeztu zigun Parisen, eta nahiz hitza ez aipatu, GEOen oihartzuna entzun genion. Garaipenak lortzea gauza bat da eta lorpenak atxikitzea beste bat.

Zergatik daude, oro har, laborantza eta laborari ofizioa desprestigiatuta?

Laborarien estimua landu behar dugu. Ez da hitzez bakarrik eginen. Azken urte luzeetan eraman den laborantza motaren erruz, jendarteak kategoria oportunista eta kaltekor gisa ikusten gaitu, janari onaren berme eta ekoizle zintzotzat agertu beharrean. Alabaina, Euskal Herrian, eta bereziki Iparraldean, jendartea sentsibilizatuago dago, badaki osagarriaren lagun diren kalitatezko ekoizpenak promozionatzen direla. Ez da aski, alta, jendartearen ikuspegia aldatzeko. Kostaldeko egoiliar askorentzat Itsasu da barne alderako azken muga, ondorioz, heientzat hemendik hara diren laborari eta gaineratekoak ezin dira modernoak izan. Laborantza industrialaren gurutzea daramagu gainean. Laborantza mota hori kondenatzea da gure lanetarik bat, beste laborantza eredu batek soilik itzuliko baitigu estimua.

Nortasun agiria

Mikel Hiribarren. Itsasun sortua 1956an. Itsasuko Aroztegia etxaldean laborari, ELB-ko militante nekaezin eta 2013tik Frantziako Confédération Paysanne-ko idazkari nagusia da. 1998an, auzoko beste hiru laborarirekin, Basaburuko Saskia izeneko kontsumo talde edo AMAP modukoa sortu zuen, lehenetarikoa Euskal Herrian. Azken hamarkadetako laborari borroken ulertzeko ezinbesteko erreferentzia.

Artikulo osoa Argia-n: ikusi hemen.