«Agroekologia: trantsiziorako gure bidea lantzen». Graduondokoa.

UPV/EHUren berezko tituloa UEU laguntzarekin

«Agroekologia: trantsiziorako gure bideak lantzen» izeneko graduondokoak azken urteetan gizartean sortu eta hedatuz joan den arreta, eta aldi berean kezka, bati erantzunak ematera dator. Izan ere, krisia krisi, hainbat joera berri ari dira han-hemengo gizarteetan susmatzen, eta horien artean elikadurarekin zer ikusi duen arloan. Hortaz, gero eta garrantzi gehiago ari da hartzen, egunerokoan, elikagaien “kalitatea”, osasuna bera ulertzeko ikuspegi berritu batetik. Baina kalitatea ez da bakarrik “eko” etiketarekin lotzen, edota “label” markekin, horretaz gain gertuko ekoizpena ere nahi da bultzatu, merkaturatze-bide zuzenak sustatu, ekoizle-kontsumitzaile hartu-emanak ulertzeko beste modu bat landu, bestelakoa, kontsumo arduratsuaren bidetik… Azken finean, kalitatea ez dagokio bakarrik elikagaiari berari, elikagaia gure eskura heldu arteko prozesu osoari baino (Agroekologia).Hedatzen ari den paradigma berriaz ari gara, krisiari aurre egiteko ere balio duen ikuspegi zaharberrituaz, ingurumena edota “iraunkortasuna” bera ulertzeko bestelako moduaz, non onartu egiten den, zinez, lehenengo sektorearen ganorazko biziraupena ezinbestekoa dela garapen iraunkorrak definizioz dituen hiru zutabeetan: ekonomikoan (garapen endogenoa, hurbila, bultzatuz), ingurumenekoan (beharrezko jarduera baita gaur gaurkoz nekazaritza arduratsua ekosistema biziak mantentzeko), eta sozialean (kalitatezko bizimodua bizirik dauden eskualdeetan).

Honaino zeri eman nahi zaion erantzuna; arreta eta kezka dugu esana, baina premia ere badela esan daiteke, eguneroko erosketa-otzaratik hasten baita krisi garaian funtsezko dugun gogoeta.

“Agroekologia: trantsiziorako gure bideak lantzen” graduondokoa UPV/EHUko Berezko Tituluen eskaintzan sartzen da.

Ezaugarri orokorrak:

  • Eskolak UEUko Eibarko egoitza akademikoan izango dira.
  • Eskola-egunak ostirala (arratsaldez) eta larunbatak (goizez eta arratsaldez) izango dira.
  • Ikasleek, mintegietara agertzeaz gain, ikerketa lan bat ere egin beharko dute beraien interesen araberako gaia jorratuz.

Dirulaguntzak:
Gipuzkoako Foru Aldundiak UEUren on line irakaskuntzaren lerroa babestuko du hainbat dirulaguntza emanez. Laguntza hauek izena ematen duten gipuzkoarrentzat dira, eta matrikulatutako gipuzkoarren artean banatuko dira horretarako dugun kreditua agortu arte.

Helburuak

Helburu nagusi bi buruan abiatu dugu graduondoko-proposamen hau.

  • Batetik, “Agroekologia” bere dimentsio zabal-sakonean ulertzeko beharrezkoak diren kontzeptuak eta edukiak ematea; honek ezinbestean eramaten gaitu gaur indarrean den globalizazioaz gogoeta egitera, elikagaien fluxua funtsezkoa baita gaurko merkatu ekonomiko globalean, eta ez munduan den gosea justiziaz asetzeko preseski.
  • Baina helburu “teoriko” hori ez dugu nahikoa geure intereserako; handitik txikira egin nahi dugu, globaletik lokalera etorri ere, eta horretara doa bigarren helburua: trantsiziorako baldintzak lantzera, egunez egun eta lekuz leku zirkuitu laburreko elikagai kalitatezkoak merkaturatzeko sareak indartzera, praktika hori gero eta gehiago zabalduz, eta orain arte gure inguruko lurraldeetan egindakoa, eta egileak berak ere, ezagutarazi eta ikusaraziz, iraunkortasunerantz daramaten hiru eremuetan urratsak ematen tokiko garapenetik.

Edukiak

  1. Ikuspegi globala (4 ECTS)
  2. Ikuspegi ekonomikoa (4 ECTS)
  3. Ikuspegi juridiko-politikoa (4 ECTS)
  4. Lurralde ikuspegia (4 ECTS)
  5. Ingurumen ikuspegia (4 ECTS)
  6. Ikuspegi soziala (4 ECTS)

Metodologia

Gai  interdisziplinarioa izanik, ikuspuntu anitzekoa, aipatutako sei arloak eskolatangaratzeaz gain, ikasleek ikerkuntza lan baten bitartez maila praktikoa garatu behar izango dute, ikasitakoa barneratuz eta landuz. Oinarrizko hezkuntza eredu honen osagarri, irteerakere planteatu ditugu, bertatik bertara maila errealean gertatzen dena ikusi ahal izateko.Horrez gain eskolak ikasgela birtualaren bitartez lagunduko dira.

Nori Zuzendua

Abiapuntuan hartu dugun hipotesia hauxe dugu: izan bada Euskal Herrian halako prestakuntzan aritzeko interesa duten pertsonak, jada profesionalak direnak, batetik, eta unibertsitateko ikasketak amaitu berrian jarduera-esparru honetan sakondu nahi dutenak, bestetik. Talde biei eman nahi die bidea graduondoko honek, beti ere teoria-praktika uztarturik trantsizioaren ibilbidea egiteko baldintzak indartuz. Lan arloako etengabeko prestakuntzari dagokionez, ez dago zuzenean baserritarrei begira, baizik eta administrazio-maila desberdinetan (edo bestelako erakundeetan) lehenengo sektorearekin (produkzioa-garraioa-kontsumoa) lotura duten, edo izan dezaketen, profesionalei begira. Hots, ezagutza-esparru zabalago batetik (espezialista bilakatuta) trantsizio bidean efektu biderkatzailea izan ditzaketen ekintzak bultzatu eta zabaltzeko moduan egon daitezken profesionalei begira. Balio erantsia bilatzen dugu, beraz, Agroekologia eskala desberdinetan aztertuz, globala eta lokala, oraina eta geroa, garapena eta bizi-kalitatea, lurraldea eta jasangarritasuna.

Matrikulaziorako argibideak

Izen-ematea eta matrikulazioa UPV/EHUko Berezko Tituluen sarbidetik egin beharko da (oraindik 2014-2015 eskaintza argitaratu gabe dago), eta UEUko laguntzarekin egiteko edo edozein zalantza argitzeko titulazioak@ueu.org helbidera jo dezakezue.Lehenik eta behinizena eman behar da eta irailean, horretarako epea IRAILAREN 17a da.Aste bateko iraupenaz, matrikulazio garaia izango da, urrian.Graduondokoaren prezioa 1.500€koa da eta UPV/EHUren arauei jarraiki ordainketa bi epetan egin daiteke. Hauetariko lehenengoa, matrikula egiterakoan ordainduko da, eta bigarrena, otsailaren lehenengo astean.

Babesleak
ikastaroA
Gipuzkoako Foru Aldundia-Euskara

Egitaraua. Agroekologia: trantsiziorako gure bideak lantzen

  • Hasiera-data: 2014(e)ko urriaren 17a
  • Amaiera-data: 2015(e)ko uztailaren 17a
  • Tokia: Eibar – Markeskoa Jauregia
  • Nola heldu:http://www.tagzania.com/pt/markeskua-jauregia-eibar-1/
  • Ordutegia: asteburuak. 16:00-19:30
  • Izaera: Presentziala
  • Balio akademikoa: 300
  • Matrikula-epearen hasiera: 2014(e)ko maiatzaren 28a
  • Matrikula-epearen bukaera: 2014(e)ko urriaren 6a

[UEU webgunea: ikusi egitaraua ]