Beste erresistentzia modu bat lurralde okupatuetan
Argia | 2447.alea | 2015-02-01 | Alvaro Hilario Pérez De San Román
Lurra bada palestinarrek jasaten duten okupazioaren gakoa, nekazariak ditugu haren aurkako borrokaren lehenengo lerroan, bertan laborari izatea beste erresistentzia modu bat baita. Euskal ordezkaritza batek Palestinako nekazarien eskubideen urraketak gertutik ezagutzeko parte hartu du La Vía Campesinak antolatutako elkartasun bidaia batean.
Gizakion bizitza babesteko “nekazarien eskubideak babestea eta betearaztea garrantzitsua da”, dio La Vía Campesinak (LVC) sortutako Nekazarien Eskubideen Gutunak, Nazio Batuen onespena izatea espero dutena. Horren harira egin zen azaroaren 1etik 9ra bitartean, LVCk eta Palestinako Union of Agricultural Work Committees (UAWC) sindikatuak Zisjordania eta Gazara antolatutako bidaia. Nazioarteko elkartasuna adierazi eta okupazio egoera salatzea zuten helburu. Larriak dira mundu osoan laborariek jasaten dituzten arazoak, baina are larriagoa da egoera Palestinan, lurra bereganatzea baita gatazkaren muina. Bestalde, ezin ahaztu emakumeek zigor bikoitza dutela: palestinar eta emakume izateagatik.
Sionisten “biztanlerik gabeko lurra, lurrik gabeko herriarentzat” gezurraren babespean gauzatu du Israelgo Estatuak Palestinako okupazioa: 1947ko azaroan, NBen osoko bilkurak estatu bi sortzeko erabakia hartu zuenean, Palestinak 1.972.000 biztanle zituen: haietatik heren bat (608.000) ziren juduak –gehienak aurreko 30 urteetan Europatik joandakoak–, eta lurren %6 baino ez zuten. Harrez geroztik, etengabea izan da palestinarren lurren desjabetzea edo, beste era batera esanda, palestinar herria desagerrarazteko prozesua.LVCko kideak diren EHNE Bizkaia eta ELB sindikatuetako kideak eta beste talde batzuetako partaideak izan ziren lur horiek bisitatzen, nekazari, artzain eta arrantzale palestinarren kinka eta borrokaren berri gertutik ezagutu eta gurean zabaltzeko.
Okupazioa garatzeko tresneria
“Laborari garen heinean, nekazariek okupazioa zelan bizi duten jakin nahi genuen. Palestinaz ari garela, ez dugu ahaztu behar gatazkaren lehenengo lerroan daudenak laborariak direla”, mintzo zaigu EHNE Bizkaia sindikatuko Malu Egiluze, han ikusitakoaz. ELBko Ana Badosek hartu du hitza: “Okupazioaren gakoa lurra da. Israelek lurra bereganatu nahi du, eta horretarako bertan dagoen jendea kanporatu beharra dauka”. 1948an Israelgo Estatua sortu zenetik, asko izan dira palestinarrak beren lurretatik kanporatzeko hark erabilitako tresnak; aurrenekoa, arabiarrak sarraskitzea eta beren herriak ezabatzea izan zen. Israelgo milizia terroristek behartuta, 1949ko ekainean, 940.000 ziren errefuxiatu palestinarrak. Urte bete lehenago, 1.364.000 arabiar bizi ziren Palestinan. Beren ondasun guztiak konfiskatu zituen Israelek, 1948-1950 tartean sortutako legediak –ez dauden jabeen legeak– haien kudeaketa Knesset-en (legebiltzarra) eskuan laga baitzuen. Kolonoek bereganatzen dituzte lurrok, gehienbat.Nazio Batuek aldarrikatutako ebazpenak ere baliatzen dituzte israeldarrek lurrak bereganatzeko, hala nola, 1948ko abenduko 194. ebazpena: “Ebazpenak derrigortzen du errefuxiatuek etxera bueltatu nahi ez izatekotan, galdutako ondasunengatik kalte-ordainak ematera. Ez da baina palestinarren aldekoa: kanporatuek ez dute itzultzerik, eta kalte-ordainak izatekotan, sos batzuk besterik ez dira: ez dizkiete sekula galdutako lurrak bueltatuko”, dio Badosek.Harresia ere baliogarria da okupatuta ez dauden lurrak de facto bereganatzeko. EHNE Bizkaiko Joseba Koskorrotzak honela azaldu digu: “Israelek harresia baliatu du lur gehiago bereganatzeko. Eraikitakoaren %20k baino ez dio Nazio Batuek 1947an ezarritako muga edo marra berdeari segitzen. Harresiaren 721 kilometroak bukatuta, Zisjordaniaren %10 Israelgo aldean geratuko da”.
[Irakurri Argia-ko artikulu osoa: HEMEN]
Foto: Palestina UAWC / Mundubat 2014 / CC By-Sa