20.000 herritar, 1.000 bizikleta eta 400 traktore aireportuaren aurka Bretainian
Notre-Dame-Des-Landes aireportua eraikiko duten guneko biztanleen kanporaketen eta aireportuaren eraikitzearen aurka, 20.000 pertsonak, mila bizikletak eta 400 traktorek Bretainiako Naoned hiriko (Nantes frantsesez) Chevire zubia blokeatu zuten zapatuan.
Bretainiako hiriburuan eraiki nahi duten aireportuaren aurkako protestak 2000. urtean hasi ziren. Aireportua eraiki nahi den eremuko biztanleek –ZAD, Zone A Defendre (Defendatu Beharreko Eremua) bezala ezaguna– bertatik joateari uko egin zioten. Hamaika etxebizitza eta lau baserri daude ZADen; horietako askok hainbat belaunaldi daramatzate bertan bizitzen. 2009an hainbat ekintzaile, herritarrek hala eskatuta, bertan bizitzen jarri ziren.
Aireportua eraikiko duen Vinci enpresak auzitegietara jo zuen, eta 2015eko abenduaren 10ean auzitegiak ontzat eman zituen enpresaren argudioak ZADeko biztanleen kanporaketa eta lanen hasiera baimenduz. Urtarrilaren 13 arteko epea eman die eremua uzteko. 200 euroko isuna ezarri die agindua betetzen ez duten egun bakoitzeko
Auzitegiaren erabakiaren aurka, aireportuaren aurkako elkarte eta taldeek urgentziazko mobilizazioa deitu zuten urtarrilaren 9rako. Zapatu eguerdian manifestazioa egin zuten Naonedetik Chevire zubirantz. Arratsaldean manifestariek Loira ibaia zeharkatzen duen zubian kanpamentua ezarri zuten hirirako sarbide nagusia blokeatuz.
François Hollandekin akordioa lotu arte protestak jarraituko zuela iragarri zuten manifestariek. Gauerdi aldera manifestarien eta poliziaren arteko negoziaketen ostean blokeoa bertan behera uztea erabaki zuten. Zubia berriz irekitzea adostu bazuten ere, poliziak gasa eta ur-kanoiak erabili zituen zubian zeuden manifestarien aurka.
Manifestarien izenean, Jean-François Guittonek azaldu zuen poliziak gehiegizko indarra erabili zuela: “Agintarien mendekua izan da gaurko protestaren arrakastagatik”. Protesta nagusia Naoneden izan bazen ere, mobilizazio ugari antolatu ziren Frantziako hainbat hiritan.
Aireportuaren aurkako plataformatik adierazi dute protestan jarraituko dutela aireportuaren lanak eta kanporatzeak gelditu arte, eta Vinci eraikuntza enpresari ohartarazi diote hilaren 13 arte dutela atzera egiteko. Akordiorik lortu ezean Naoned inguratzen dituzten autobideak blokeatuko dituztela iragarri dute, eta urtarrilaren 13an bertan elkarretaratzea deitu dute Naonedeko auzitegi aurrean.
Aurreikusita dauden mobilizazioen aurka, orain aste batzuk ZADeko kideek publiko egin zuten gendarmeentzat inguruko herrietako hotelak urtarrilerako erreserbatu zituztela jakin zutela.
Ingurumena eta nekazaritzarentzako arriskua
1972an aurkeztu zuen Frantziako Gobernuak Notre-Dame-Des-Landes aireportuaren proiektua eta 2000. urtean onartu. 580 milioi euroko inbertsioa egin du, eta lanak hainbat aldiz atzeratu dira. Gobernuaren helburua Naonedeko aireportua ordezkatzea da. Egungo aireportuak 3 milioi bidaiari hartzeko ahalmena du, Notre-Dame-Des-Landes aireportuak aldiz, 2050erako 9 milioi bidaiari hartzeko gai izango dela aurreikusi dute. Gobernuak Frantzia Mendebaldeko aireportu nagusia izatea nahi du.
Aireportuaren aurkakoek azaldu dute egungo Naonedeko aireportua modernizatu daitekeela garraio beharrizanei erantzuteko, eta aireportu berri batek eragin negatiboa izan lezakeela ingurumenean eta karbono emisioetan.
Aireportuak biodibertsitatea eta 130 espezieren habitata arriskuan jarriko duela ohartarazi dute –arriskuan dauden bost espezie identifikatu dituzte–. Bestalde, aireportuak hartuko duen eremuaren ondorioz nekazal lurrak galduko direla gaineratu dute.
Nicolas Hulot, François Hollanderen planetarako mandatari berezi ohiak Le Monde egunkariari eskainitako elkarrizketan adierazi du Notre-Dame-des-Landes aireportuaren proiektua bertan behera utzi beharko litzatekeela.