2024an lan-istripuek eragindako 50 heriotzen aurka mobilizatuko dira sindikatuak eta Etxalde

LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU sindikatuek eta Etxalde Mugimenduak pankarta erraldoiak jarri dituzte Bilbon (Pedro Arrupe zubian), Donostian (Kaian) eta Gasteizen (Andra Mari Zurian), honako lemarekin: “50 langile hil dira Euskal Herrian 2024an. Patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte”. Gainera, laneko azken heriotza hauek salatzeko, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-etxalde eta HIRUk osatutako intersindikalak kontzentrazioa egingo du datorren urriaren 31n, osteguna, Bilbon, 12:00etan, Confebask patronalaren egoitzaren aurrean.

Donostia - 50 langile hil dira Euskal Herrian 2024an

Donostia

Gasteiz - 50 langile hil dira Euskal Herrian 2024an

Gasteiz

Bilbo

[LAB]

Atzo goizean jakinarazi zuen Osalanek, joan zen urriaren 15ean altueratik erorita Zornotzako Maderas Etxeari enpresan larriki zauritutako R.I.U, 59 urteko langilea, joan zen ostiral arratsaldean, urriaren 25ean, hil zela zauriei ezin eutsiz. Langileak 14 urte zeramatzan lanean Dana-Air Aire Comprimido enpresan .

Era berean, Osalango iturriek jakinarazi dute joan zen urriaren 17an, 52 urteko L.M.B.A. langileak, istripu larria izan zuela Zierbenan, eta makina baten motorrak eragindako proiekzio baten ondorioz, aurpegian larriki zauritu zela. Atzo hil zen zaurien ondorioz Viuda de Sainz enpresan 5 urtetik gora lanean zeramatzan langilea.

Patronalak eragiten duen urteroko zerrenda beltzak 50 langileren heriotzak jasotzen ditu dagoeneko 2024 honetan. Hauen artean, altueretako erorketek protagonismo handia hartu dute aurten ere. Oso ezagunak dira altueretako arriskuak ekiditeko ezarri beharreko segurtasun neurriak. "Hauetako istripu bakoitzaren atzean enpresen utzikeria kriminala dago beti, izan ere, hainbat bitarteko ipini beharko lituzkete, legeak hala aginduta, uneoro segurtasun neurri ezberdinen aplikazioa bermatzeko uneoro. Eta ez dute egiten, sistematikoki".

Makinek eragindako istripu larri eta hilgarriak ere ugariak dira, nahiz eta langileen babeserako araudia oso zorrotza izan. Praktikan aldiz, "ohikoa da enpresek makinen segurtasunerako araudia urratzea, eta honek ez die inongo oztoporik suposatzen. Inpunitatea onartezina da".

"Utzikeria kriminal honen ondorioz", azken 10 urteotan, Euskal Herrian, gutxienez 82 langile hil dira altueratik erorita, gehienak eraikuntzaren sektorean. Zornotzako heriotza honekin, 10 dira arrazoi horrengatik hildako langileak urte hasieratik Euskal Herrian.

"Egoera hau ez litzateke posible instituzioen konplizitaterik ez balego". Izan ere salatzen gatozen moduan, patronalari araudia ez betearazteko bitartekorik ez ipintzea ez da arazo administratibo bat, erabaki politiko bat baizik.