CETA onartu dute Europar Legebiltzarrean. Borrokak jarraitzen du!

Zoritxarrez ez da ustekaberik egon. Europako Legebiltzarrak Kanada eta Europar Batasunaren arteko CETA hitzarmen neoliberalaren alde bozkatu dute. 408 diputatuk eman dute baiezkoaren aldeko bozka, tartean PNV, PSOE eta PPren ordezkariek.

[Eskubide Sozialen Karta. Ikusi Hemen]

Atzo, San Valentin eguna deitzen duten horretan, alderdi politiko hauen eta kapitalaren arteko maitasun erromantikoa salatu genuen. PNV, PSE eta PP-k euskal herritarron bizitzak nabarmen pobretuko dituen hitzarmenen alde egin dute, gehiengoen eskubideen murrizketak lau jauntxoentzako errenta handitzeko erabiliz.

Baina atzokoa ez da egin dugun mobilizazio bakarra. Han eta hemen, Euskal Herrian barrena ugarituz joan dira TTIP eta CETAren aurkako ekimenak. TTIP- CETA ren aurkako plataformek eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartaren arteko elkarlana adibide nabaria izan da. Akordioen atzean dagoena azalarazteko hitzaldi eta mahai inguruak, instituzioak posizionatzeko mozioak, mobilizazioak… Herritarrok argi eta garbi adierazi dugu behin baino gehiagotan ez gaudela prest gure bizitzak pobretu eta trasnazionalen etekinak handitzeko planifikatutako akordio neoliberalik.

Europar Legebiltzarrean onartu dute, baina borroka ez dago galduta. Estatuen oneritzia beharrezkoa dute. Eta herritarron borondatea izango dute aurrean. Euskal Herriko eskubide sozialen karta osatzen dugun eragileok argi dugu ez ditugula gure ekubideak salduko, akordioen aurka gaudenon elkarlana beharrezkoa dela eta mobilizazio eta presio sozialaz irabazteko asko dugula. Jarrai dezagun beraz, orain arte bezala edo indar handiagoz.