Abenduaren 4an amaituko da Zuberoako ikastolen aldeko otarreak erosteko epea

[Argia/Eñaut Agirrebengoa Apaolaza] 2003az geroztik, Zuberoako Eperra ikastolak urtero bertako produktuez osaturiko saskiak jartzen ditu salgai. Aurten abenduaren 4an bukatuko da otarreak erosteko epea. Eskaerak Ikaskoli.eu weguneko azalpenak jarraituz egin daitezke.

Bi saski mota

Bi saski eskaintzen ditu Eperrak, biak tokian tokiko produktuez osatuak. Ahüzki otarrea 40 eurotan dago salgai, eta ardi gazta, patea ahate gibelarekin, gurinezko gaileta paketea eta eztia ditu. Irati otarreak, aurreko produktuez gain, txahalki kontserba ere badu. Honen salneurria 51 eurokoa da.

Nola egin eskaera?

Eskaera egiteko mezu bat bidali behar da nikere@ikaskoli.eu helbidera, izena, mugikor zenbakia, saski kopurua eta entrega-tokia zehaztuz. Saskiak jasotzeko hanbat leku daude Euskal Herri osoan (mapa honetan ikus ditzakezu). Ordainketa transferentzia bidez egin daiteke, edo, otarre kopuruaren arabera, webgunean bertan tarjeta bidez. Saskiak abenduaren 14tik aurrera jaso ahalko dira, bakoitzak zehazturiko lekuan.

Helburua: ikastolak eta ekoizle txikiak laguntzea

Kanpaina honek, alde batetik, ikastolei ekonomikoki laguntzea du xede, mozkinak, besteak beste, garraio gastuak estaltzera zuzenduz. Bestalde, artzain eta ekoizle txikientzat ere oso baliagarria da, saskien salmentak euren produktuak ezagutzera emateko aukera ederra ematen baitie.

INFORMAZIO GEHIAGO